Txin-txina, langile ohien zeregina

2009, abenduak 20


Itsasgarriak hartu eta Euskaldunon Egunkaria-ko langile ohien poltsetara txanpon batzuk botatzeko ateratzen zituen eskuak patrikatik jendeak, eta ezer gutxi gehiagorako. Tarteka txaloak jotzeko. Hotz egiten zuen Bilbon, eta jendea prestatua joan zen. Bazen han txapela, bufanda eta eskularrua. Egunkaria libre! elastikoak barra-barra saldu ziren, baina ez ziren ikusten. Mauka motzean ibiltzeko ez zen giro. Hala ere, aldarrikapena ikusi zen, itsasgarriz josi baitziren jendearen paparrak, eta txapelak.

Euskaldunon Egunkaria-ko langile ohiak eta Berria-koak aritu ziren itsasgarriak eta bono laguntzak banatzen, Egunkaria libre! plastikoak soinean zituztela. Duela zazpi urte Guardia Zibilak lantokia itxi zienean ere egiteko horretan aritu ziren asko. Egunkaria aurrera! elastiko urdinekin aritu ziren orduan. Ez daude bost auzipetuen trantze berean, baina haiei ere kalte egin diete. Parte hartu nahi zuten, eta epaiketako gastuei aurre egiteko dirua biltzen aritu ziren. Jendeak gogoz ematen zuen, eta pisua hartu zuten poltsek.

‘Egunkaria’ aurrera eta libre

Ia isila izan zen manifestazioa, oihu gutxikoa. «Egunkaria aurrera!» garrasi batzuk entzun ziren tarteka, eta «Egunkaria libre!» oihuka ere aritu zen koadrila bat. Autonomia kaleko tontortxora iristean, berriz, txalo egiten zuen jendeak, gogoz. Poztu egiten ziren hasiera ez zutelako ikusten.

Pankarta bakan batzuk ere ikusten ziren jende artean. Euskal Herrian Euskaraz-ek sinatutakoak ziren bi: Euskarazko hedabideak erabili eta defendatu, Egunkaria libre! esaten zuena bata eta Euskaraz bizitzeko Egunkaria libre! zioena bestea. Makilekin eutsita, tente. Gisa horretako beste pankarta bat ere bazen. Junge Welt Berlingo egunkariaren pankarta bat zeramaten, Egunkaria-rekin elkartasuna leloa jarrita.

Iruzkinik ez »

No comments yet.

RSS feed for comments on this post. | TrackBack URI

Leave a comment

(XHTML etiketa hauek erabil ditzakezu): <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong> .

; ?>