Egunkaria

2009, abenduak 27

Ismael Manterola Ispizua (Berria)

Ez dakit zergatik dauzkadan gordeta Egunkaria-ren azken alea eta Berria-ren lehendabizikoa; gauza da biak elkarrekin horitzen ari direla apaleko liburuen gainean.

Askotan ez dakigu zergatik gordetzen ditugun baliorik gabeko zenbait gauza, baina botatzera goazenean zerbaitek, Buñuelen El ángel exterminador filmean bezala, eragozten digu inportantziarik gabeko gauza horiek zakarretan bukatzea.

Freuden lagunei kasu eginda, uste dut oraindik ez dudala Egunkaria-ren itxiera onartu, ezin dut sinetsi tamaina horretako bidegabekeria gertatu zenik ere. Otsaileko egun hotz hartatik ekainean Berria-ren eguzkia irten zen arteko denbora ez zela existitu sinetsi nahi dudala esan dit nire burmuineko psikoanalistak.

Hain zuzen ere, Euskaldunon Egunkaria oso nirea sentitzen nuen, bai literalki, bai metafora moduan. Proiektu ausartaren parte izatea herri bateko herritar izatea bezala zen. Guztiok dirua jarri genuen guk geuk nahi genuen produktua goizero etxean jasotzeko. Horren zaila al da ulertzeko?

Baina Egunkaria-k profesional batzuei beste zerbait ere eskaini zigun. Adibidez, arteari buruz idazten genuenontzat eta arte kritika euskaraz idatzi nahi genuenontzat, aukera eman zigun Egunkaria-k.

Ez da erraza edozein gairi buruz euskaraz idaztea eta artea ez da salbuespena. Gara-ko Mugalari-n edo Argia-n tarteka arteari buruz euskaraz idazten genuenontzat bidea zabaltzea izan zen Egunkaria-ren argitarapena. Euskaldunontzat astero-astero arte kritika egitea erronka moduko bat zen. Gune erdaldunean gutxietsita zeuden gure iritziak, normalak ziren euskaraz goitik behera argitaratzen zen egunkarian.

Gainera, norbaitek irakurtzen zituela izan zen guretzat poz handiena. Proiektuak aurrera egiten zuen eta feedback modukoa lortzen ari ginen. Guardia Zibilak eta epaileak itxi zuten arte.

Orduko amorruak, azken alea gordetzera bultzatu ninduen, ez nuen nire egunkariaren desagerpena onartu nahi, ez nuen hainbeste kostatako eta hain polita zen proiektu baten bortxazko bukaera hura sinetsi nahi. Horregatik, zazpi urte pasa dut nirea zen zerbaiti lotuta, maite nuen proiektu baten azken ale horituarekin bizitzen, nahiz eta handik hilabete batzuetara Egunkaria-ri lekukoa hartu zion Berria-ren lehen alea gehitu. Baten azken aleak eta bestearen lehendabizikoak ahaztu nahi dudan euskal egunkaririk gabeko denbora tartea sinbolizatzen dute. Bidegabekeria baten garaia, euskara hutsezko proiektuak aurrera ateratzeko zailtasunak gogorarazten duen garaia.

Iruzkinik ez »

No comments yet.

RSS feed for comments on this post. | TrackBack URI

Leave a comment

(XHTML etiketa hauek erabil ditzakezu): <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong> .

; ?>