Auzipetuek jasotako babes guztia irudikatuko dute bihar Arantzazun

2010, urtarrilak 22

Bihar Egunkaria auziko auzipetuek orain arte jaso duten babes eta elkartasun guztiaren irudia agertuko dute Arantzazun (Oñati, Gipuzkoa). Auzia salatu eta hura artxibatzeko eskatu duten eragile politiko, sozial eta kultural guztiek bat eginen dute euskara eta euskal kulturarentzat esanahi sinboliko handia duen tokian. Gandiaga Topagunean eginen den ekitaldian hamar auzipetuek eta jatorrizko babes taldeko kideek adierazpen bana aurkeztuko dituzte.

Epaiketa azken txanpan sartu baino egun bat lehenago eginen dute ekitaldia. Arantzazu ez dute nolanahi aukeratu, baizik eta euskarentzat eta euskal kulturarentzat duen itzalagatik. Han abiatu zen euskara batuaren sorrera 1968an, eta hango basilika egiten lagundu zuten euskal artista ospetsuenek, Jorge Oteizak, Eduardo Txillidak eta Nestor Basterretxeak, besteak beste.

Euskal Herriko pertsona ezagun franko bilduko dira bihar, sindikalistak, hainbat korronte politikotako pertsona ezagunak, euskaltzaleak eta erakunde publikoetako hainbat ordezkari ere bai. Gipuzkoako, Bizkaiko eta Arabako ahaldun nagusiek Arantzazun egonen direla baieztatu dute, baita Eusko Jaurlaritzako hiru lehendakari ohietatik bik ere. Juan Jose Ibarretxe lehendakari ohiak ezingo du ekitaldian parte hartu, baina auzipetuei elkartasuna eta babesa adierazi die idatzi baten bidez.

Joan den urteko otsailean, Egunkaria-ren itxieraren seigarren urtemugan Madrilen auzia artxibatzeko eskatzeko agiria aurkeztu zuten hainbat lagunek ere ekitaldian parte hartuko dute: Daniel Innerarity Zaragozako Unibertsitateko filosofia irakasleak, Pedro Miguel Etxenike fisikariak, Xabier Arzalluz EAJko EBBko presidente ohiak, Jonan Fernandez Baketik zentroko zuzendariak eta Jesus Uzkudun CCOO-Euskadiko zuzendaritzako kidea, besteak beste.

Iruzkinik ez »

No comments yet.

RSS feed for comments on this post. | TrackBack URI

Leave a comment

(XHTML etiketa hauek erabil ditzakezu): <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong> .

; ?>