‘Egunkaria’ independentea eta plurala zela berretsi dute defentsaren lekukoek

2010, urtarrilak 25

xx.jpg

Egunkaria auziko bost auzipetuek epaiketaren aurreneko egunean egin zuten kontaketa berretsi dute defentsaren lekukoek, epaimahaiaren aurrean. Aste eta erdiko geldialdiaren ondoren, berrekin diote Euskaldunon Egunkaria-ren kontrako epaiketari Espainiako Auzitegi Nazionalean, eta Fernando Berridik, Txomin Aizpuruak, Jose Luis Zinkunegik, Iñaki Zabaletak (argazkian, eskubian) eta Imanol Murua Uriak deklaratu dute, defentsak eskatuta. Bakoitzaren deklarazioa bide desberdinetik joan den arren, guztiek berretsi dituzte akusatuek epaiketaren aurreneko egunean esandakoak; alegia, Egunkaria ez zuela ETAk sortu, proiektuaren sustatzaileen artean zabaltasun handia zegoela eta pluraltasuna zaintzen eginahalak egin zituztela.

Defentsaren lekukoez gain, aurreko saioan deklaratu ezin izan zuten bi guardia zibilek ere deklaratu dute, biek ere akusazioek deituta.

Epaigelan argi gelditzen ari da akusazioen argudio nagusiek oinarririk ez dutela. Egunkaria ETAk sortu zuela argudiatzen dute Dignidad y Justiciak eta AVTk, besteak beste, baina hori horrela ez zela izan ikusten ari da epaigelan, behin eta berriz.

Iñaki Zabaleta EHUko katedradunak Egunkaria Sortzen-ek egindako urratsak azaldu ditu, hango kide izan zenez. Talde hartan denetik zegoela azpimarratu du behin eta berriz, euskararekiko sentsibilitatea zuen jendea, baina hainbat pentsamolde, lanbide eta ibilbidetakoa. Akusazioek esaten dutenaren kontra, ETAk ez zuela eratze hartan zerikusirik izan nabarmendu du. «Ezin zuen parte hartu, eta ahal izan balu ere ez genion inolaz ere utziko».

Egunkaria sortu eta gero ere, ETAren parte-hartzerik ez zela egon gaineratu du Imanol Murua langile ohiak: «Inoiz ere ez».

Zuzendarien izendapenaz ere hitz egin dute. Biek baieztatu dute beraiei ere eskaini zietela lan hori egitea, baina ez zutela onartu. Zabaletak esan du Egunkaria Sortzen-en bileretan hitz egiten zela gai hartaz, eta hautagaien izenak beraiek proposatzen zituztela. Muruari proposatu ziotenean ere bazekien hautagaietako bat zela. Muruak ez zuen, ordea, onartu, ikasketak amaitu berritan ez zelako behar beste prestatuta sentitzen. 1993an bigarrenez proposatu zioten kargu hori Muruari, orduan zuzendaria zen Iñaki Uriak kontseilari ordezkari postua hartu behar zuelako. Orduan ere ezetz erantzun zuen, eta ezezkoarekin batera, zuzendari berria Martxelo Otamendi izan zitekeela iradoki zuela esan zion epaimahaiari.

Ustez ETA eta Egunkaria-ren arteko lotura frogatzen duten agiriei buruz galdetu zioten Txomin Aizpurua ETAko kide ohiari AVT eta Dignidad y Justicia akusazioek. ETAko kide zela atxilotu zuten Aizpurua 1991n, berak aitortu bezala, harrera taldeko arduradun zela. AVT eta Dignidad y Justiciaren arabera, hari atzeman zizkioten paper batzuetan Egunkaria-ko zuzendarien izendapenaz hitz egiten da. Baina, agiri horiek ez zituela inoiz ikusi esan du Aizpuruak. Aurreko saioan Jose Luis Alvarez Santacristina Txelis, Jose Mari Dorronsoro eta Carmen Gisasola presoek ere berretsi zuten ETAk ez zuela kazetaren sorreran parte hartu. Hirurok bezala, herri akusazioen lekuko gisa deklaratu du Aizpuruak.

Orain SArekin harremanak

Saioan ikusi denez, egunerokoa inprimatzerako garaian sortzen den harremana zuen Egunkaria-k Orain SArekin. Biek batera administrazio kontseilua sortzerik ez zutela inoiz pentsatu azaldu du Zabaletak, eta kazeta han inprimatzea erabaki bazuten, batik bat kokatuta zegoen tokiagatik izan zela gaineratu du.

Egun ABC-ko zuzendari orokorra den Fernando Berridik ere izan zituen harremanak Egunkaria-rekin. Garai hartan El Diario Vasco-ko gerentea zen, eta Sociedad Vasca de Publicaciones inprentan Egunkaria-rentzat ere inprimatu izan zutela onartu du. Elurra egiten zuenetan Iruñeko inprentaraino iritsi ezinez, –Diario de Noticias-en inprimatzen zuten Egin itxi eta gero- Donostian inprimatu izan zuten, haien errotatiban. Urtekariak ere han inprimatzen zituzten. «Inprenten artean normala da elkarri laguntzea», esan du Berridik.

Bestalde, Txema Auzmendiri Egunkaria-ren proiektuan hasteko baimena berak eman ziola jakinarazi du Jose Luis Zinkunegik. Jesusen Konpainiako lurralde arduraduna zenean, bilera egin zuten biek, gaiari buruz. Helburuak eguneroko bat euskara hutsez egitea eta kazeta hori euskaldun guztientzat izatea zirela azaldu zion Auzmendik. Hori «herriarentzat zerbitzua» dela ulertu zuen Zinkunegik.

Etzira arte eten dute epaiketa, AVTko abokatuaren ama hil delako

Gaur 10:45ean ekin diote epaiketako laugarren saioari, Espainiako Auzitegi Nazionalean. Akusazioen azken lekukoak eta defentsaren bi izan dira auzitegian, azalpenak ematen. Javier Gomez Bermudez epaimahaiburuak 13:20an jakinarazi du etzira arte atzeratu duela epaiketa, Antonio Parrero AVTko abokatuaren ama hil delako. Orduan, defentsaren lekukoen txanda amaitzean, perituak hasiko dira.

Abenduaren 15 eta 16an egin ziren lehen bi saioak eta hirugarrena urtarrilaren 12an. Auzipetuek ukatu egin zuten ETArekin lotura izan zutela. Guardia zibilek ez zuten frogarik aurkeztu.

Baliteke akusazioak eta defentsak otsailaren amaieran helaraztea euren eskaerak epaimahaiari.

Torrealdai: “Egia gailenduko da”

“Fabulazioen gainetik egia gailenduko da”. Hala esan du gaur Joan Mari Torrealdai Egunkaria-ko auzipetuak Madrilen hedabideen aurrean, Auzitegi Nazionalaren atarian, saioaren aurretik. Bost auzipetuak “lasai” daudela adierazi du, halaber.

Informazio gehiago, Berria.info-n

Iruzkinik ez »

No comments yet.

RSS feed for comments on this post. | TrackBack URI

Leave a comment

(XHTML etiketa hauek erabil ditzakezu): <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong> .

; ?>