Mugarik Gabeko Kazetarien elkarteak ere ‘Egunkaria auzia’-ren absoluzioa eskatu du, “hori baita onar daitekeen epai bakarra”

2010, otsailak 3

RSF Mugarik Gabeko Kazetarien elkarteak ere Egunkaria auzia-n absoluzioa emateko eskatu du. “Izan ere, duela zazpi urte hasi zuten instrukzioa baina Egunkaria-ko auzipetuen eta ETAren arteko ustezko loturak ez dituzte frogatu”.

Miguel Angel Carballo fiskalak berak gauza bera eskatu duela gogoratu du Mugarik Gabeko Kazetarien elkarteak, gaur ateratako oharrean (gaztelerazkoa, frantsesezkoa). “Auzi honetan absoluzioa da onar daitekeen epai bakarra”, azaldu du eta, sententzia hori balitz, Espainiako agintariei galdegin die ez aurka agertzeko, “ez luketelako ekarpenik egingo”.

RSFren arabera, “onartezina” izan zen eta da Espainiako Auzitegi Nazionalak euskarazko kazeta ixtea, eta auzia ia zazpi urtez luzatzea ere gaitzetsi du. “Halakorik ezin du egin Europako Batasuneko herrialde batek”. Urte hauetan Egunkaria irekitzeko erabakia hartu beharko zukeen Espainiako Justiziak, elkarteak esan duenez. Elkarteak lehen ere eskatu izan du auzia bukatzeko.

ETAk hainbat kazetariren eta hedabideren aurka egiten duela gogoratu du, bide batez.

Astelehenean bukatu zen epaiketa

Egunkaria-ren aurkako epaiketako fiskalak eta defentsak bost auzipetuen absoluzioa eskatu zuten astelehenean -epaiketako azken saioan-, haien aurkako frogarik ez dagoela iritzita. Dignidad y Justicia eta AVT herri akusazioek, aldiz, 12 eta 14 urte arteko kartzela zigor eskaerak egin dituzte auzipetuentzako. Orduan irakurri zituzten parteek euren ondorioak Auzitegi Nazionalean, eta Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Txema Auzmendi, Martxelo Otamendi eta Xabier Oleaga auzipetuek izan zuten azken hitza. “Argi geratu da letretako gizonak garela, ez armetakoak”, esan zuen Torrealdaik. Epaiaren zain geratu da, beraz, epaiketa; ez da saio gehiagorik izango.

2003ko otsailaren 20an itxi zuen Guardia Zibilak Egunkaria, Juan del Olmo Auzitegi Nazionaleko epailearen aginduz, kazetak ETArekin lotura izan zuelakoan; zazpi urtera doa kontua. Javier Gomez Bermudez, Ramon Saez Valcarcel eta Manuela Fernandez epaileek osatzen dute auziko epaimahaia; eurek emango dute epaia. Ez dago datarik jarrita horretarako.

Iruzkinik ez »

No comments yet.

RSS feed for comments on this post. | TrackBack URI

Leave a comment

(XHTML etiketa hauek erabil ditzakezu): <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong> .

; ?>