Iñaki Uria: “Epaimahaiari zaila izango zaio fiskalaren jarreraren kontrako epaia ematea”

2010, otsailak 5

Miguel Angel Carballo Egunkaria-ren kontrako epaiketako fiskalak auzipetuen absoluzioa eskatu duela-eta, Iñaki Uria auzipetuak uste du Espainiako Auzitegi Nazionaleko “epaimahaiari zaila” izango zaiola “haren jarreraren kontrako epaia ematea”. Baina dena ikusteko dagoela esan du, gaur Euskadi Irratian Faktoria saioan egin dioten elkarrizketan. “Ez nuke nahi, beste kasu askotan bezala, azken kolpearen aurreko baikortasun sindromea izatea”. Espainiako Estatuak bere burua babesteko baliabide asko dituela eta sententziak, aldeko izan arren, “ate asko itxiko” dizkiela uste du. “Eta espetxera bidaltzen bagaituzte, gu ez gara joango, eraman egin beharko gaituzte”.

Abenduaren 15ean hasi zen epaiketa, eta orduan baino “baikorrago” daudela adierazi du, “fiskalak lehengoari eutsi diolako [bere garaian auziaren artxiboa eskatu zuen] eta gure kontrako frogarik ez delako azaldu”. Egunkaria-ko kontseilari ordezkari ohiak esan du euren aurka aurkeztu diren frogak “literatura polizialean oinarrituta” zeudela eta interpretazioak eta dokumentu zaharrak baino ez zirela. Nolanahi ere, antzeko argudioekin, auzitegi berak Egin egunkaria eta Egin Irratia itxi zituela gogoratu du, eta “berme demokratikoaren behar handia” dagoela iritzi dio..

2003ko otsailaren 20an Guardia Zibilak, Auzitegi Nazionalaren aginduz, Egunkaria euskarazko kazeta itxi bazuen ere, Uriak azpimarratu du “kolpe haren ondoren” egin zuela euskarazko prentsak “sekula egindako urratsik handiena, Berria eta beste zazpi egunkari [Hitza] sortuta”.

Auzian zehar auzipetuek jasotako babesa ere eskertu du. Batzuekin harritu egin dela aitortu du, baina beste batzuen jarrera salatu du. “Zure ideiekin bat egin gabe oinarrizko gauza batzuk defendatu behar dira”.

Astelehenean bukatu zen Egunkaria-ren kontrako epaiketa, eta Auzitegi Nazionalaren epaiaren zain geratu dira Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Txema Auzmendi, Martxelo Otamendi eta Xabier Oleaga auzipetuak. Fiskalak ez ezik, defentsak ere absoluzioa eskatu du, deliturik ez dagoela iritzita; Dignidad y Justicia eta AVT herri akusazioek diote Egunkaria ETAk sortu zuela, eta 12 eta 14 urte arteko kartzela zigor eskaerak egin dituzte auzipetuentzako.

Iruzkinik ez »

No comments yet.

RSS feed for comments on this post. | TrackBack URI

Leave a comment

(XHTML etiketa hauek erabil ditzakezu): <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong> .

; ?>