Txistu eta txalo artean

2010, apirilak 13

Ane Muñoz (Berria)

Egunkaria-ren auzi luze bidegabean arrazoirik gabe epaitutakoak, lankideak, eta legez kanpoko itxieraren aurka gurea defendatuz kalera irten ziren euskal herritar guztiak zoriondu nahi ditut gaur. Bazen-eta garaia tribunaletan onartzea guk genekiena, hau da, gurea euskarazko prentsa garbia dela, gure kultura zaindu eta berau normal bizi ahal izateko nahitaezko instrumentua, besterik ez.

Ez dut inoiz ahaztuko Egunkaria itxi eta aste betera Medina del Campoko jaialdian bizi izandako esperientzia gazi-geza. Neuk zuzendutako Basurdea laburrari Gidoi Onenaren saria eman zioten berton. Imajinatu, Fatxadolideko hiri espainoletan espainolenean, Alacanteko beste gidoigilea eta biok, saria jasotzera igo behar.

Espainia sakonean euskarazko lan bat inolako aurreiritzirik gabe baloratu izanagatik epaimahaikoak eskertu nituenean, ai ama, aretoa mutu. Segundo tirabiratsu eta luze batzuen ondoren, lagunak mikroa kendu zidan, eta, erdi hunkituta erdi haserre, Egunkaria-ren itxierarekin adierazpen askatasunari emandako zaplastekoa salatu zuen. Hura entzunda, ikusle batzuk txistuka hasi ziren, «fuera, buuu…». Ignoranteak! Uf, a ze une tristea. Nire dardar eta estutasunaz jabeturik, lagunak besotik hartu ninduen, eta mikroa tinko eutsiz, «horregatik, sari hau Egunkaria-ko langileei eskaini nahi diegu» esan eta txalo parea bota zuen, berak bakarrik, oholtza erdian. Nik, berriz, nahikoa lan esku izerditu hartan nuen trofeo horteroa ez zedin irristatu. Zorionez, ikusleen artetik bospasei ausart zutitu eta txaloka hasi ziren, txistuen hots mingarria zerbait estaliz.

Iruzkinik ez »

No comments yet.

RSS feed for comments on this post. | TrackBack URI

Leave a comment

(XHTML etiketa hauek erabil ditzakezu): <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong> .

; ?>