Auzi bidegabea

2010, apirilak 13

Pello Urzelai (Berria)

Ez zuen gertatu behar izan. Euskaldunon Egunkaria ez zuten itxi behar izan. Egunkaria-ko inor ez zuten atxilotu eta torturatu behar izan. Epaiketa bera ez zuten egin behar izan. Horixe ondorioztatu ahal da Auzitegi Nazionaleko Zigor Salak Egunkaria auzia-z emandako epaia irakurrita. Auziak berak ez zuen gertatu behar, baina, aitzitik, zazpi urte luze iraun du -eta oraindik ez da amaitu, epaia finkoa ez delako eta auzi ekonomikoa konpondu gabe dagoelako-, eta denbora horretan neurtu ezin den kaltea egin du.

Epaia argia da, koplarik gabekoa. Lehenik eta behin, Euskaldunon Egunkaria itxi izana auzitan jarri du. Tribunalaren ustez, Espainiako Konstituzioan ez zuen helduleku zuzenik, eta Zigor Kodearen 129. artikuluaz baliatzeak ez zuen behar besteko oinarririk. Epaiak argi utzi du Egunkaria-ren argitalpenarekin deliturik egiten ez zenez -eta horrela frogatu da ahozko epaiketan-, ez zela eten behar haren argitalpena.

Akusazioak, azken batean, espekulazioak baino ez ziren. Kritika gogorra egin die epaimahaiak akusatzaileei. Zuzenean Dignidad y Justicia eta AVT elkarteei, eta, zeharka, benetako akusatzaileari, Guardia Zibilari. Adibidez: «Akusazioetan, atzekoz aurrera egin dute indukzio prozesua. Lehenbizi, erabaki da zein den ondorioa, eta esan da, oinarririk gabe esan ere, ondorio hori eztabaidaezina dela; gero, seinale, zantzu eta aztarna bila hasi dira; eta, azkenik, arbuiatu egin da ondorioarekin bat ez datorren ezein esplikazio». Kritika horrek berebiziko garrantzia du Egunkaria auzia-z haratago, Barne Ministerioko akusatzaileen jarduteko modua bera auzitan jartzen duelako. Egunkaria auzia kate luze bateko kasu bat gehiago baino ez baita.

Torturen kasuan ere, salaketa utzi du epaiak. Del Olmo epaile instruktoreak izandako jarrerak nabarmen utzi du: «Ez zen egon inkomunikazioaren baldintzen kontrol judizial nahikorik, ezta eraginkorrik ere».

Horrez gain, Guardia Zibilaren perituen aldetik dokumentuak era maltzurrean interpretatzeko joera ere auzitan jarri du epaiak, kasu askotan akusazioen dokumentu horiek akusatuak errugabetzeko balio zutelako.

Epaiak absoluzioa ekarri du, eta auzi hau erabat bidegabea zelako uste sendoa berretsi du. Baina, berez, ez du bermatzen bidegabekeria amaitzea, ezta horrelako auzirik ez errepikatzea ere.

Iruzkinik ez »

No comments yet.

RSS feed for comments on this post. | TrackBack URI

Leave a comment

(XHTML etiketa hauek erabil ditzakezu): <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong> .

; ?>