Memoria kulturala

2010, apirilak 15

Gotzon Barandiaran (Berria)

Egunkaria ixteak eragindako inpontentziari amorrua, nazka, mendeku gosea eta gorrotoa elkartu zitzaizkien, orduan Espainiako gerra ministroa zen eta gaur egun PPko diputatua den Angel Acebesen berbak entzutean: Egunkaria euskal kulturaren eta euskararen beraren onerako zarratu ziguten.

Aspaldiko urteotan lan eskerga egiten ari gara guda zibilarekin lotzen dugun memoria historikoa berregiten; Francoren aldekoek asasinatu zituztenen gorpuak aurkitu, ezagutarazi eta duintzen; gertatutako barrabaskeriak ikerturik, errudunak epaitu ditzatela eskatzen; atzoko biktimak gaurkoen hilobietan zergatik ezin diren lurperatu galdetzen. Hil ziguten bakoitzarekin gure kulturaren ezinbesteko alea desagerrarazi zutela ulerturik, euskarazko kulturarekin gertatu zenaren egiak hilobietatik jendarteratzeko, kulturgileok hainbat ekarpen egin ditugu.

Kultura historiaren adar dela jakinki, historiaren handitasunak lar txikitu, ia ikusezin bihur ez dezan engaiatu beharko ginatekeela uste dugu. Euskaldunon Egunkaria-ren auzian jasandako kalteen artean, euskarazko kulturak jasandakoa ere nabarmendu beharko genukeelakoan gaude, eta euskarazko kulturgileok hartu beharko genukeela ardura hori. Eta ez gara errentagarritasun, egokitasun edo aukera juridikoez ari.

Acebesi, AVTri, Dignidad y Justiciari, orduko gainontzeko PPko arduradunei, frogak asmatu zituzten poliziei eta berauen tesiak babestu zituzten komunikabideei ez eze, egunotan epaitzen ari diren Garzoni ere kontuak eskatu beharko genizkiokeela akordatu gara, «Dena ETA da» teoriaren asmatzailea bera izan baitzen, teoria horren abaroan jasan izan baitute, besteak beste, Euskal Herriko hainbat kulturgilek euren proposamenak eskaintzeko eskubidea.

Egunkaria auzia-rekin jasotakoa ordainarazi gura digute, beste behin, ez dezagun ahaztu. Eutsi gogor, lagunok! Eutsi gogor, Erramun!

Iruzkinik ez »

No comments yet.

RSS feed for comments on this post. | TrackBack URI

Leave a comment

(XHTML etiketa hauek erabil ditzakezu): <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong> .

; ?>