Euskal sozialistak eta ‘Egunkaria’

2010, apirilak 17

Jose Antonio Pastor (Euskal Sozialistak Legebiltzar Taldeko bozeramailea. Berria)

Egunkaria-ko bost zuzendarien absoluzioaren epaiak ondorio garrantzitsuak eta baikorrak izango ditu. Inoiz suertatu behar ez zen gertaera bat behin betiko itxiko da, alde batetik. Bestetik, Espainiako justiziak -salatu izan ditugun akatsekin eta atzerapenekin- funtzionatzen duela agerian geratzen da, eta, honekin batera, gauzak bere onera itzularazteko elementu zuzentzaileak dituela, zuzenbide estatu batek bermatu behar duen bezala, bestalde. Azkenik, sententziak etorkizunean kontuan hartu beharko den doktrina juridikoaren elementu zehatz batzuk ezartzen ditu. Ez bakarrik epaiak dioenagatik; zera da, Egunkaria-k ez dituela inoiz ETAren ideiak defendatu, auzipetuek talde terroristarekin harremanik ez dutela izan edota Egunkaria finantzatzeko legezkoak ez diren baliabideak ez dituela erabili. Informazio eta adierazpen askatasun printzipioa edozein estatu demokratikoren zutabeetako bat dela ere aipatu doktrina juridikoaren elementuetako bat da, Konstituzioak, bestalde, babesten duena. Arrazoi konstituzionalik eta legezkorik ez dago egin dena egiteko, beraz.

Gertatutakoak gogorarazten digu zuzenbide estatuan ekidin ezineko arauak eta prozedurak daudela, nahiz eta hauetariko batzuek, zenbait kasutan, sistema demokratikoaren sinesgarritasuna urra dezaketen. Zentzu honetan, sistema judizial demokratikoaren lorpenetako bat den akusazio popularraren erabilera gaiztoak prozedura judizialetan izan dezakeen eraginari buruz hausnartu beharko da. Egunkaria-ko kasuan suertatu den legez, Dignidad y Justicia-ren eta Terrorismoaren Biktimen Elkartearen akusazioak inolako beharrik gabe luzatu du auzia, nahiz eta fiskalak salaketak kendu.

Komeni da, dena dela, epaiaz gain, prozesu guztia zintzotasunez eta interes alderdikoirik gabe aztertzea, badaudelako Egunkaria auzia-z baliatzen direnak Euskadiko alderdi sozialistaren inguruan susmo txarrak sortzeko. EAJko buruak, Iñigo Urkulluk, irratian egin du dagoeneko. Bere aburuz, sozialistok, alderdi popularrarekin batera, prentsa eta adierazpen askatasuna urratzeko politika egiten aritzen gara, ETA atzean dagoela arrazoiak bultzatuta.

Ez ditugu akusazio hauek onartuko, egia ez direlako, are gutxiago salaketak hauek Egunkaria, bere sorreratik, talde terroristarekin lotua zegoela behin baino gehiagotan adierazi duen alderdi batetik baldin badatoz.

Joseba Egibarrek, adibidez, 1993ko uztailaren 22an, Euskadiko Epaimahai Gorenaren aurrean, Egunkaria-ren proiektuaren jaiotzan MLNVk, KASek, bere talde iraunkorrak eta, era zuzenean edo ez-zuzenean, ETAk parte hartu zutela esan zuen. Edota Herrizaingo Sailburu ohiak, Juan Maria Atutxak, 1992ko otsailaren 3an, Eusko Legebiltzarrean, ETAren izaera mafiosoaz hitz egin zuen, eta sare honen zein HBren munduan garrantzitsuak ziren Mahai Nazionala, Egin, Egunkaria eta LAB sindikatua bezalako erakundeen artean bat etortze esanguratsuak zeudela ere aipatu.

Gogora ekarri nahi dut Atutxa jaunak aipatu zuen sarea Ertzaintzak 1992ko urtarrilaren 30an desegin zuela, eta «estortsioa eta beldurra sortarazteko» helburua zuela. Hau gogorarazi nahi dut, inork norberaren kontzientzia txarra besteen gain botatzeko tentaziorik izango balu.

Sozialiston jarrera, ordea, koherentea izan da une oro. Eusko Jaurlaritzan ardurak izan genituenean, Egunkaria-k diru-laguntzak eskura zitzan lan egin genuen, hasieratik funts publikoekin sortu beharreko euskarazko egunkari bat eratzearen alde egin genuelako apustu. Epaiak dioen legez, Egunkaria-k 1994tik 2002ra bitartean 1.500 milioi pezetako diru-laguntzak jaso zituen Jaurlaritzatik, EAJrekin Eusko Legebiltzarrean hitzartutakoak, gainera.

Beste kontu bat da Euskadiko alderdi sozialistak ez zuela nahi izan Egunkaria auzia botere judizialaren kontra egiteko kale astintzea bihurtzea. Esan behar genuen guztia Eusko Legebiltzarrean egin genuen: egunkari bat ixtea kontu serio bat zela, eta, horregatik ere, neurri horretara iristeko arrazoiak lehenbailehen argitu behar zirela. Ikerketa judizial bat tartean zegoenez, Egunkaria eta ETAren arteko harremanaren inguruan egon zitekeen edozein zalantza argitu zedila adierazi genuen. Ildo honetatik, pasa den otsailaren 25ean, Legebiltzarrean, akordio zabal bat lortu genuen, eta honetan, fiskalak akusazioak kendu ondoren, epaiketa auzipetuen absoluzioarekin behin betiko eta modu egokian buka zedila adierazi genuen.

Prozedura luze honetan zehar, hauek izan dira gure jardueraren ardatz nagusiak. Epaiketa bukatuta, sententziaren edukiak ase gaituela adierazteko autoritate moral osoa dugu. Beste batzuek atzera egin behar izan dute. Guk ez dugu halakorik egin behar izan.

Iruzkinik ez »

No comments yet.

RSS feed for comments on this post. | TrackBack URI

Leave a comment

(XHTML etiketa hauek erabil ditzakezu): <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong> .

; ?>