Kalteak konpontzeko exijitu dute ‘Egunkaria’-ren aldeko Espainiako eta Kataluniako plataformek

2010, apirilak 21

Zazpi urtean «sufritutakoaren» ostean, botere publikoek eragindako kalte guztiak konpontzeko eta kalte-ordainak emateko exijitu dute Egunkaria-ren aldeko Espainia eta Kataluniako plataformek. Baita «berez injustua den legedi bat legez kanpo aplikatu zuten pertsonek» euren erantzukizuna onar dezaten ere. Epaiak epaile instruktorea -Juan del Olmo- eta Guardia Zibila «oso leku txarrean» uzten ditu, babes taldeen arabera, eta «ustezko frogak» asmatu izana leporatu diete arduradun horiei, guztia, egunkaria ixteko «helburu bakarrarekin» egin zutelako.

«Badirudi, inoiz hasi behar ez zuen amesgaiztoaren amaierara iritsi garela», diote Zaragoza, Valladolid, Asturias, Madril eta Kataluniako babes taldeek prentsa ohar batean. Hala, epaiak «salbuespenezko legedi injustu baten erabilpenean eta gehiegikerian babestuta dagoen errepresio politika orokortu baten bukaera» esan nahi izatea desio dutela adierazi dute. Ez dute ahantzi nahi izan, legedi horrek berak eman izan duela «beste zenbait bidegabekeria Konstituzioaz kontrakoak» egiteko modua. Besteren artean, Egin-en, Egin irratiaren eta Ardi Beltza-ren ixtea.

Epaiak Espainiako Gobernuaren Madrilgo Ordezkaritza eta Madrilgo Justizia Auzitegi Nagusia ere ezeztatzen ditu, Espainia eta Kataluniako plataformen aburuz. Lehena, Adierazpen askatasunaren alde, ‘Egunkaria’-ren itxieraren aurka lelopean Madrilen egin asmo zuten manifestazioa debekatzeagatik. Bigarrena, debeku hura berrestegatik. Beraz, egindako «oker larria» eta deitzaileei egindako kaltea «argitasunez» aitortu behar lukete bi erakunde horiek, babes taldeen arabera, «edota, bestela, dimisioa eman».

«Iritzi publikoa sortzeko ardura dutenen» jarrera ere zalantzan jarri dute babes taldeek, zazpi urteotan «auzitegiaren epaiari itxaron gabe zigortu dutelako eta, Euskal Herriaren borrokarekiko elkartasun keinu guztiak kriminalizatzen dituztelako». Babes taldeek ez dute jarrera horietan aldaketarik ikusi, ordea: «Berriz ere, azken egunotan izandako polizia operazioetan, Poliziaren bertsioa hartu dute bertsio bakartzat eta egiazkotzat, eta atxilotuen errugabetasun printzipioa urratu dute».

Iruzkinik ez »

No comments yet.

RSS feed for comments on this post. | TrackBack URI

Leave a comment

(XHTML etiketa hauek erabil ditzakezu): <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong> .

; ?>