Eskerrik asko Euskal Herria!

2010, apirilak 27

Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Txema Auzmendi, Martxelo Otamendi eta Xabier Oleaga, ‘Egunkaria’-ko itxiera kasuko auzipetuak. 2010-04-25, Bilbo, Euskalduna jauregia, Egunkaria-ren eskertza ekitaldia (Torrealdaik irakurria)

bildu164_3656.jpg

Horixe esateko, ozen esateko, lau haizetara esateko, prestatu dugu, inprobisatu dugu, gaurko ekitaldi hau. Epaia eman zen egunetik gertu behar zuen, antolatzeko denbora gehiegirik gabe eta erlojuaren kontra bazen ere, giroa bero-bero zegoelarik. Eta hemen gaituzue, hona bildu gara, Euskal Herriko bozgorailurik indartsu eta apainenera ez bada apainenetako batera, Bilboko Euskaldunara. Burutu ahal izan badugu gure jendearen lan itzelari esker izan da, eta Bizkaiko Foru Aldundiak eman dizkigun erraztasunei esker. Eskerrik asko.

Zuek merezi duzuelako antolatu dugu gaurkoa. Hori eta gehiago ere merezi duzue. Hemen zaudetenok, eta areto honetara gaur biltzerik izan ez duen euskal herritar andanak, milaka eta milaka euskal herritarrek.

Esker anitz, mila esker, eskerrik asko, guztioi. Zuek zaretelako sententzia honen meritudun nagusiak. Zuek gabe zer ginateke gu?

Zuen babesari esker, Egunkaria-ren aurkako bidegabekeria Euskal Herrian indartsu entzun da, Euskal Herritik kanpora hedatu da, Europan eta munduan zehar, eta Madrileraino iritsi da. Eta Madrilen jakin dute herri oso bat zegoela auzipetuen atzean, herri oso bat zegoela epaituen aulkian, bere hizkuntzarekin, Europako hizkuntzarik zaharrenarekin, eta hala ere etorkizunerako proiektu zail baina esperantzatsuarekin. Horretan jarduteak hain zuzen, esperantzaren aldeko militantzian, hizkuntzaren eta kulturaren aldeko militantzian, eraman dituela auzipetuak akusatuen aulkira.

Auzi honen bultzatzaile politikoek sententzia zigortzailea behar zuten, arrazoia zutela adierazteko, eta ez dute lortu. Euskalgintzaren aurka jarduteko sententzia behar zuten, eta ez dute lortu. Zentzu horretan diogu garaipena izan dela. Euskal gizarteari zor zaion garaipena. Ez diegu poz hau ukatuko euskal herritarrei, ez horixe.

Munduko begiek ez gaituzte bakarrik ikusi une bakar batean ere. Herri oso bat ikusi dute auzipetuon atzean, herri oso bat ikusi dute akusatuen aulkian, eta injustiziaren gurpila abian jarri zuen Audientzia Nazionalak atzera egin du. Ez da ohikoa, baina oraingoan atzera egin du. Zuoi esker, lagunok.

Hori da bidea. Indarrak bildu. Bat egin. Ez gara nor inori leziorik emateko, baina gurean emaitza ona izan du.

Atzera begira jartzen garenean, zazpi urteko historia triste, hits, ilun edo beltza ikusten dugu. Baina ez hori bakarrik. Hori estaltzen duen beste hau ere bai: solidaritatea, elkartasuna, atxikimendua, sostengua, babesa… maitasuna. Hori da zuek eman diguzuena. Historia honen onuradunak geu gara. Protagonistak, zeuek, euskal gizartea oro har. Euskal gizarte zabal, eskuzabal, anitz, aktiboa: norbanakoak, herri erakundeak, erakunde sozialak, sindikatuak, alderdi politikoak, komunikabideak, euskalgintza batez ere.

Euskal Herriko mugetatik kanpo ere kontzientzia kritikoa indarrean agertu da herrialde katalanetan bereziki, eta Espainiako lurretan ere bai: Madrilen, Zaragozan, Valladoliden.

Elkartasun hori, hemengoa eta kanpokoa, da gaur hemen eskertu eta txalotu nahi duguna.

Historia, ordea, ez da hemen amaitzen. Epaiketen gurpil zoroak jiraka jarraitzen du etengabe.

Hemendik aste gutxira ere Audientzia Nazional berberak, baliteke epaimahai berbera ere izatea, epaituko ditu 22 euskal herritar. Udalbiltzan auzipetutakoak. Gu bezala, 2003an atxilotu zituzten, hilabete pare bat bernduago, apirilaren 29an, oker ez banago. Gurearen antzeko oinarri akusatorioa daukate. Bi mila hautetsitik gora, kolore politiko desberdinetakoak, bildu dituzte euren aldeko agiri batera; Katalunian 500 hautetsik sinatu dute antzerako beste agiri bat; mobilizazio ugari izan dira euren alde, kolore desberdinetako hainbat lekuko prest agertu dira haien alde epaiketan azaltzeko. Eusko Legebiltzarrean haien aldeko adierazpena aurrera atera zen, kolore politiko desberdinen arteko indarrak bilduta. Gure eskarmentutik, zorte ona opa diegu, gure zorte bera. Bihoazkie gure elkartasuna eta animoa.

Epaiketen gurpil zoroa aipatu dugu.

Egunkaria auzia bera, oraindik ez da amaitu, dakizuenez. Akusazio popularra deitutako horrek helegitea aurkez lezake Auzitegi Gorenean. Pieza ekonomikoa ere hor dago oraindik. Hori dela eta, behin eta berriz esan dugu gure poza ez dela asebetea. Gezurra badirudi ere auzi ekonomikoan gauden zortzi lagunontzat eskatzen dira zigorrik handienak: 184 kartzela urte eta 235 milioi euroko zigorra eskatzen ditu Dignidad y Justicia elkarte mendekatiak.

(Datozela gora bigarren auziko lagunak).

Partida ez da amaitu, hortaz. Errazago egingo diogu aurre oraingo absoluzioarekin, baina erne mantendu beharra dago, zuen babesa behar dugu oraindik. Orain arte bezala aurrerantzean, azken minutura arte!

Aurretiaz eskertzen dizuegu emango diguzuen laguntza. Bigarren absoluzioarekin amaitu behar du gure historiak. Guztion artean baietz lortu!

Eman diguzuenagatik eta emango diguzuenagatik, eskerrik asko.

Eskerrik asko auzipetuon izenean, eskerrik asko Egunkariako langile, lagun, akziodun eta irakurleen izenean. Eta eskerrik asko gure artetik falta diren Martin Ugalde, Joxemi Zumalabe, Joseba Jaka eta Luis Goia Egunkaria-ren sortzaile eta eragile prestuen izenean.

Eskerrik asko Euskal Herria!

Iruzkinik ez »

No comments yet.

RSS feed for comments on this post. | TrackBack URI

Leave a comment

(XHTML etiketa hauek erabil ditzakezu): <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong> .

; ?>