Uria: “Herri akusazioaren erabilpen ustela eta okerra egiten ari dira”

2010, apirilak 30

Amaitu da Egunkaria auziko sumario nagusiaren bidea, herri akusazioek ez dutelako helegiterik jarriko Espainiako Auzitegi Gorenean. Pisu handi bat kendu du Iñaki Uriak gainetik, baina oraindik ez ditu auzitegiekikoak egin. Auzi ekonomikoan ere auzipetuta dago, eta harekin aurrera jarraituko duela iragarri du Dignidad y Justicia elkarteak. 26 urte eta lau hilabeteko espetxealdia eta 32.891.150 euroko isuna eskatzen du harentzat.

Epaia irmoa da, akusazioek esan baitute ez dutela helegiterik jarriko. Kalte-ordainetan pentsatzen hasteko garaia iritsi al da?

Bai, iritsi da. Orain hasi beharko dugu abokatuekin horretaz pentsatzen eta hitz egiten. Sententzia irmoa izatea zen lehenengo urratsa. Badirudi helegiterik jartzen ez badute hala izango dela. Beraz, aukera eduki bezain pronto hitz egingo dugu. Gauza asko dauzkagu abokatuekin hitz egiteko, baina hori ere hitz egin beharko da.

Ba al dakizue nondik nora joan daitekeen kalte-ordainen kontua?

Ezta ideiarik ere. Orain arte, AVT eta Dignidad y Justiciak erabilitako 60.000.000 euroko kopurua dago. Hori epaiketa garaian asmatu zuten. Ez dakit nondik atera zuten ere. Inpresioa daukat gehiago erabili zutela, zigor sententzia bat bilatzeko argudio modura, estatuak kalte-ordainak ordaindu beharko lituzkeela esanez. Baina guk ez dugu kalkulurik egin, ez dugu burua horretan jarri. Momentua iritsia da horretarako. Seguruenera aukerak zailak izango dira. Estatuak nahiko babestuta edukiko ditu bizkarrak. Abokatuekin ikusiko dugu aukerarik ba ote dagoen. Saiatu beharko dugu.

AVTk eta Dignidad y Justiciak esan dute frogak bazirela zuek zigortzeko, baina «borondatea» falta dela.

Epaiketan zerbait argi geratu bada, zazpi urtean garbi zegoena izan da, alegia, frogarik ez zegoela. Egon balitz, zirrikitu minimo bat egon izan balitz, ez ginateke hemen egongo. Ikusita beste kasu askotan apenas frogarik gabe ere nola bukatu duten –Egin-ekoak kasu-, hemen ere, helduleku minimo bat izan balute…

Auzi ekonomikoarekin jarraituko dutela esan dute, hala ere. Horrek kezkatzen al zaituzte?

Beti da kezkatzekoa gure eta Egunkaria-ren kontra duten jarrera. Baina berez auzi horretan ere ez dagoela deliturik jakinda, nahiko garbi daukagu, sumario nagusia erori den bezala, hori ere eroriko dela. Edo Madrilen, edo hemen. Auzitegi Nazionalean epaitzeko aukera bakarra litzateke terrorismo delituekin lotura edukitzea. Eta nola, hortik libre gelditu garen, kasu honek ez dauka Madrilen segitzeko arrazoirik. Fiskalak berak, egin zuen bost folioko idatzian lau folio pasatu zituen argudiatzen Auzitegi Nazionalak ez duela ahalmena gai hau epaitzeko. Baina, hala ere, kezkagarria da ikustea Dignidad y Justiciak zein temati edo setatsu jokatzen duen.

Jarrera hori ikusita, eta haien bultzadarekin bakarrik epaiketaraino joan zaretela ikusita. Akusazio horien jarrera mugatu beharra ikusten al duzu? Nola?

Egunkaria auzia-rekin eta epaiarekin, zenbait estamentutan pentsatu beharko lukete horretaz. Lehendik ere bazetorren hori. Justiziaren figura progresista baten gisan sortu zen herri akusazioen bidea. Baina horren erabilpen ustel eta oker bat egiten ari da. Atutxa kasua, Ibarretxe kasua eta, esate baterako, orain Garzonekin gertatzen ari dena ikusita, uste dut estamentu askok pentsatzen dutela herri akusazioez gogoeta egin behar dela, eta nolabaiteko frenoa jarri beharra dagoela, kontua okertu egin delako erabat. Gauza «herrikoi» bat izan zitekeena ultraeskuindarren erabilpenean gelditu da. Askok daukate asko pentsatua, eta ez bakarrik guk.

Iruzkinik ez »

No comments yet.

RSS feed for comments on this post. | TrackBack URI

Leave a comment

(XHTML etiketa hauek erabil ditzakezu): <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong> .

; ?>