‘Egunkaria’: itxi gabeko kasua

2010, maiatzak 4

Iñigo Lamarca Iturbe (EAEko arartekoa, ‘Berria’)

ETAko partaide izatearen delitua egotzita, Euskaldunon Egunkaria-ko Zuzendaritza taldeko bost kideren kontra bideratutako auzian, Auzitegi Nazionalaren Zigor Arloko Salak eman berri du absoluzio-epaia. Epai horrek agerian jarri du gogoeta egin behar dela terrorismoaren kontrako borrokan erabiltzen diren tresnen kalitate demokratikoa hobetzeari buruz. Egunkaria 2003ko otsailaren 20an ixtea eta aipaturiko pertsonak auzipetzea inoiz gertatu behar ez zuten gertakariak dira, eta horrek larritasun berezia ematen dio kasuari. Ezin dugu alboratu gertatutakoak honako ideia hau hartzen duela premisa logikotzat: ETAren proiektu politikoari lagundu diezaiokeen edo, harekin alderatuta, pareko elementu batzuk izan ditzakeen edozer talde terrorista horretakoa izatearen susmagarri dela. Epaitegiak berak honela adierazi du: «Euskararekin eta euskal kulturarekin zerikusia duen edozer ETAk sustatua edota kontrolatua delako ikuspegi itxi eta okerrak berekin dakar, zigor prozesuan, datuak eta egintzak oker baloratzea eta delitu-egozteak funtsik ez izatea». ETAri konfiskatutako agiri batzuetan egunkari hori aipatuta agertzea, hainbat burutaziorekin batera, nahikoa izan zen Fiskaltzak eta bi elkartek egin zuten akusazioa eraikitzeko, akusazio guztiz funtsgabea. Izan ere, ziurtasun subjektibo bat izan zuen abiapuntu, eta kasua bideratu zuen epaileak ziurtasun hori bereganatu eta egia judizial bihurtu zuen erabat. Horretarako, bere ahalmenak neurriz gain erabiliz, egunkaria itxi zedila agindu zuen. Epailearen esanean: «Zantzu gisa aurkeztutakoa aldez aurretik pentsatutako abiapuntu batetik -ETAren eta Euskaldunon Egunkaria-ren arteko lotura- interpretatzen bada soilik onar daiteke zentzu inkriminatzailea dutela, baina zentzu inkriminatzaile hori ez da esklusiboa edota beste hipotesi batzuk baztertzen dituena, ezta kasu honetan ere. Hau da, akusazioek irauli egin dute indukzio-prozesua. Lehendabizi ondorioa zein den erabaki da, eta ondorio horri buruz adierazi da, oinarririk gabe, eztabaidaezina dela; gero seinaleak, arrastoak edo zantzuak bilatu dira eta, azkenik, atzera bota da ondorio hura oinarritzen ez zuen zantzu horien edozein interpretazio edo azalpen».

Kasu honetako erabaki oker eta bidegabeek sortu dituzten kalteak ezin kalkulatuzkoak dira eta, horietatik asko, ezin konponduzkoak. Kalte ekonomikoak, moralak eta psikologikoak. Kalteak, halaber, akusatuek duintasuna, ohorea eta nork bere irudia izateko dituzten oinarrizko eskubideei. Kalteak euskarari. Kalteak informatzeko askatasunari. Azken gai horretaz ere, epaitegiak ezin eztabaidatuzko adierazpenak egin ditu: «Egunero ateratzen den inprimatutako hedabide bat kautelazko neurri gisa aldi baterako ixtea nekez dator bat gure legediarekin. Behin-behineko etenaldiak ez dauka Konstituzioaren zuzeneko babesik».

Epaitegiaren hausnarketek begi-bistan jarri dute auzipetuak ustez ETAkoak izateagatik auzipetzea eta Egunkaria ixtea ez datozela bat zuzenbideko estatu demokratiko kalitatedun batean nahiko litzatekeen jardunarekin. Eta orain zer? Dagozkion ordain moral eta ekonomikoez harago, ezinbestean gogoeta lasai, sakon eta egiazkoa egin beharra daukagu terrorismoaren kontrako borrokan jarduteko moduaz. Hasteko, berriz aztertu beharko litzateke epailearen erabaki oker horiek piztu zituen pentsamoldea, baita berekin ekarri dituen ondorioak ere. Era berean, zehatz-mehatz aztertu beharko lirateke gaur egungo berme prozesalak, iruzkintzen ari garen epaian agerian jarri diren zentzugabekeriak etorkizunean berriz gerta ez daitezen. Hausnarketa beste gai batzuetara ere hedatu beharko litzateke: hala nola prozesu judizialen iraupen luzeegia, kautelazko neurrien gehiegizko erabilera, zigor batzuen proportzionaltasuna eta arrazoizkotasuna edo akusazio popularra gauzatzeko modua. Gai horiei eskubideak behar bezala bermatuko dituen erantzuna eman ezean, pentsa liteke adituek «etsaiaren zuzenbide penala» deitzen duten horretaranzko desbideratzea gertatzen ari dela, zigorrak larrituz, berme prozesalak gutxituz eta ondasun juridikoak babesteko hesiak aurreratuz. Eta hori kezkagarria iruditzen zaigu.

Bukatzeko, epaiaren alderdi garrantzitsu bat aipatu behar dugu: «auzipetuek atxiloaldi inkomunikatuan pairatu zituzten tratu txar eta torturei buruzko salaketak […] bateragarriak dira atxiloketa-zentroan atxilotuak aztertu ondoren egin ziren mediku- eta auzitegiko mediku-txostenetan azaldutakoarekin». Eta aurrerago dio: «Egiaztatu da ez zela kontrol judizial nahikorik eta eraginkorrik egon inkomunikazioaren baldintzei zegokienez». Epaitegiak aspalditik irekitako zauri batean piko egin du, hain zuzen, tortura eta tratu txarrak prebenitu eta desagerrarazteari eta salaketak ikertzeari buruzkoan, zauri hori bermeen bitartez behin betiko itxi behar baita.

Egunkaria kasua oraindik ez da itxi. Ez bakarrik beste kausa judizial bat aztertzeko dagoelako edo sortu diren kalte ekonomiko eta moralak ordaintzearen gainean nork bere buruari galde egin beharko liokeelako; horretarako badaude mekanismo egokiak. Nolanahi ere, epaiak argi erakusten du gure demokraziaren kalitatea hobetzea sustatu behar dugula, lehen adierazi dugunaren ildotik. Epai horretan -aitor bidezko justizia baliatuta- prozesu honek eragin dituen kalte larriak formalki aitortu badira ere, adierazi behar dugu ezin dugula ametitu horrelako beste epairik, jorraldi ona eman dielako ez bakarrik bideratu den instrukzio judizialaren prozesuari, baizik eta baita terrorismoaren kontrako borrokaren planteamendu eta jarduera batzuei ere. Beraz, erakunde gisa dugun ikuspegitik -pertsonen eskubideak defendatu eta eskubideak babesteko sistemak etengabe hobetzea-, zera aldeztu behar dugu: epai hori, sortu den kaltea materialki ordaintzeko hasiera izateaz gain, inflexio puntu bat ere izan dadila, Espainiako demokraziaren eta justizia-sistemaren funtzionamenduaren beraren kalitate-maila hobetzera eramango gaituena.

Iruzkinik ez »

No comments yet.

RSS feed for comments on this post. | TrackBack URI

Leave a comment

(XHTML etiketa hauek erabil ditzakezu): <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong> .

; ?>