Egunkariaren aurkako operazioa Juan del Olmo Auzitegi Nazionaleko epailearen aginduz egin zuten

2003, otsailak 21

Espainiako Auzitegi Nazionaleko Juan del Olmo epaileak aginduta, Egunkaria itxi eta hamar lagun atxilotu zituen 2003ko otsailaren 20an Guardia Zibilak. Egunkaria-ren Andoaingo, Bilboko, Gasteizko eta Iruñeko egoitzak zigilatuta daude ordutik; eta diru kontuak blokatuta.

Goizeko 01:00ak aldera hasi zen Auzitegi Nazionalaren 6. Aretoak agindutako operaziozabala. Lezon Xabier Alegria eta Luis Goia atxilotu zituzten. Ordu beretsuan atxilotu zituzten Joan Mari Torrealdai eta Pello Zubiria ere. Bi horien atxiloketak bortitz eta gogorrak izan ziren, haien senideek salatu zutenez. Joan Mari Torrealdairen Usurbilgo etxeko atea bortizki bota zuten guardia zibilek, eta emaztea eta bi haurrak aparteko gela batera pasarazi zituzten, miaketa egiten zuten bitartean.

Pello Zubiriaren Hernaniko etxean zortzi guardia zibil armatu sartu ziren. Malores Etxeberria haren emazteak adierazi zuenez, atxiloketa gogor samarra izan zen, eta ez zioten senarra ikusten utzi, botikak eta arropak eman nahi izan zizkion arren. Zubiria gaixorik dago, eta botika eta dieta bereziak behar ditu. Hori dela-eta haren emaztea kezkaturik agertu zen lehen unetik.

Ordu beretsuan atxilotu zituzten Martxelo Otamendi Tolosan, Xabier Oleaga Errenterian, Iñaki Uria Zarautzen eta Fermin Lazkano Eibarren. Txema Auzmendi Donostiako Jesuiten Etxean atxilotu zuten, hiruak aldera. Azken atxilotua Inma Gomila izan zen, Hondarribian. Urruñan bizi denez, Guardia Zibilak Lapurditik Gipuzkoara pasatu zenean atxilotu zuen, eta Oiartzunen duen lantokira eraman, miaketara.

300 bat guardia zibilek parte hartu zuten, Gipuzkoa, Araba, Nafarroa eta Bizkaian egindako miaketa eta atxiloketetan.

Egoitzen itxiera

Atxiloketen ondotik, goizeko 03:30ak inguruan, sartu ziren guardia zibilak Egunkaria-ko egoitza nagusia dagoen Martin Ugalde Kultur Parkean. Pistolaz mehatxatuta, Egunkaria-ko ateak zabalduarazi zizkioten Parkeko zaindariari. Asaltoko poliziek gelaz gela barruan inor bazen begiratu eta Plazaguneko atea bertan behera bota eta gero, miaketari ekin zioten.

04:30ean bertan, eraman zuten gaurdia zibilek atxilotuetako bat, burua makurtuta. Iñigo Iruin Egunkaria-ren abokatua goizeko 05:30ak inguruan bertaratu zen Egunkaria-ren Andoaingo egoitzara, baina guardia zibilek ez zioten barrura sartzen utzi. Garzozen agindua zela, eta ezin zuela pasa esan zioten Iruini.

Lehen unetik babesa

Operazio egunean bertan, goizean gozietik, alderdi politikoetako, sindikatuetako, gizarte eta kultura munduko ordezkarien babesa jaso zuten Egunkaria-ko langileek.

Martin Ugalde Kultur Parkera agertu ziren hainbat eta hainbat ordezkari; langileei babesa azaldu eta polizia operazioaren aurkako gaitzespena agertu zuten guztiek.

Han azaldu ziren, besteren artean, Xabier Mendiguren Kontseiluko idazkari nagusia; Luis Mendizabal Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Saileko komunikazio arduraduna; Antton Morcillo, Joseba Alvarez, Juanjoxe Petrikorena eta Karmele Aierbe (Batasuna); Juan Mari Juaristi eta Markel Olano (EAJ); Iñaki Galdos eta Xabier Huizi (EA); Juan Martin Elexpuru (Aralar); Rafa Diez (LAB); German Kortabarria (ELA); Jonan Fernandez (Elkarri); Antton Gomez (ANV); Joxe Leon Otaño (AEK); Xabier Isasi eta Iñaki Marko (UEU); Marta Agirrezabala eta Marije Intxausti (EHNE); Javier Salutregi (Egin egunkariko zuzendari ohia); JoxerraGartzia, Harkaitz Cano, Xabier, Mendiguren Elizegi, Iñaki Egaña, Jorge Gimenez, Tere Irastorza, Fito Rodriguez, Inaki Irazabalbeitia, Kike Amonarriz….

Goiz osoan, Guardia Zibilaren hainbat furgoneta ibili ziren joan-etorrian, Egunkaria-ko ordenagailuak, dokumentuak eta bestelako materiala ateratzen. 11:00ak aldean, auto batean atxilotuetako bat atera zuten.11:50ean, miaketan jardun zuten lau furgoneta, bost Patrol eta beste bost autok alde egin zuten Kultur Parketik.Autoetako batean zeramaten Martxelo Otamendi. Bildutako guztiak oihuka hasi ziren: «Askatasuna!», «atxilotuak askatu!», «Egunkaria aurrera!»… Gero, guztiek Egunkaria-ra jo zuten. Sarrera nagusiko atean, idazki batek honela zion: «Zigilatuta, Auzitegi Nazionaleko 6. Instrukzio Epaitegiaren aginduz».

Bilbo, Iruñea eta Gasteizko egoitzak ere itxita

Bilboko egoitza miatu aurretik, bizilagunen artean hasi ziren lekuko bila alboko atarian txirrina jotzen. Azkenik, edadeko senar-emazte batzuk behartu zituzten miaketaren lekuko izatera. Egoitzan sartzeko, sabaia bortxatzen saiatu ziren lehenbizi, baina handik ezin zutela ikusita, azkenik, mailukadaka apurtu zuten sarrerako atea. Lehenbizi, ataria erakusten duen monitorea eten eta miaketari ekin zioten gero. Goitik behera arakatu zituzten liburu eta egunkari zaharrak. Publizitate fakturak, nominak, eta, oro har, Egunkaria-ren finantziazioarekin zerikusia duten dokumentuak eraman zituzten. Miaketa hasi eta lau ordura, idazkari judizialak bederatzi orriko akta sinatuarazi zien lekuko lanak egin zituzten adineko senar-emazteei. Goizeko 8:20ak aldean egoitza zigilatu eta alde egin zuten guardia zibilek.

3:30etan heldu zen Guardia Zibila Alberto Barandiaran Iruñeko egoitzako buruaren etxera, idazkari judizialarekin eta Juan del Olmo epailearen autoarekin. Delegazioko atea botako ez bazuten, eurekin joatera behartu zuten Barandiaran. 4:00etan sartu ziren EGUNKARIAren Iruñeko egoitzan eta hiru ordu egon ziren barruan.Paper, artxibo eta, oro har,«EGUNKARIAren mantxeta» zeraman guztia goitik behera miatu zuten. Zazpi kutxa bete material atera zituzten Iruñeko egoitzatik: ordenagailuak, CDak, disketeak, publizitateko fakturak, agenda pertsonalak… Miaketaren ondoren, zigilatuta utzi zuten guardia zibilek.

Gasteizen, Luis Karlos Garcia egoitzako buruaren etxera jo zuen Guardia Zibilak goizeko 4:00etan. Autoak, ofiziozko abokatua izateko eskubidea aipatzen zuen eta Garciak eskatu egin zuen abokatua, baina miaketa hasi eta lau bat ordura etorri zen ofiziozko abokatua. Miaketa oso zorrotza egin zuten eta dendena eraman zuten. Gasteizko egoitzako miaketa izan zen luzeena: guardia zibilek eta idazkari judizialak eguerdiko 13:00ak pasata alde egin zuten, egoitza zigilatuta.

“Argia”, “Jakin” eta Ikastolen Elkartean ere miaketak

Egunkaria-ren egoitzak ezezik, Jakin eta Argia euskarazko aldizkarien eta Ikastolen Elkartearen egoitzak ere miatu zituzten. Juan Mari Torrealdai Jakin-eko zuzendaria atxilotu ondoren, 07:30etan sartu ziren guardia zibilak Jakin-en egoitzan, eta 11:45ak arte aritu ziren miatzen. Torrealdairen ordenagailua eraman zuten, eta hainbat dokumentu eta artxiboz betetako kutxak.

Gauza bera egin zuten Argia aldizkarian ere: Pello Zubiria aldizkariko langile eta Egunkaria-ko zuzendari izandakoa atxilotu ondoren, Lasarteko egoitzara jo zuten. Zubiriaren ordenagailua eta Xabier Letona zuzendariarena eraman zituzten, eta bestelako material ugari: atxilotuen argazkien sobreak, CDak…

Iruzkinik ez »

No comments yet.

RSS feed for comments on this post. | TrackBack URI

Leave a comment

(XHTML etiketa hauek erabil ditzakezu): <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong> .

; ?>