Txema Auzmendi martxoaren 15ean atera zen kartzelatik, 12.000 ¤-ko bermea ordaindu ostean. Egunkaria-ko Administrazio Kontseiluko idazkariak martxoaren 16-ko Egunero egunkarian erantzun zituen galdera hauek.
Zer moduz zaude?
Oso ongi. Oso gaizki egon nintzen inkomunikazio egunetan, nekatuta eta jota; baina barrutik ez, beti egon naiz oso tinko Banekien non nengoen eta zertan aritu naizen,eta ez nuen barruko kezka edo ardura.
Hasieratik jakin al zenuen Egunkaria-rekin lotutako operazioa zela?
Bai, eta ni ETArekin lotuta nengoela kolaboratzaile gisa edo ETAkide gisa.
Harritu egingo zinen, ezta?
Guardia zibil batek esan zidan ea harrituta nengoen beraiek etorri zirelako. Nik esan nion harrituta ezetz,harri eta zur geratu nintzela. Inoiz ez nuela pentsatu halakorik gerta zitzaidakeenik, are gutxiago Egunkaria-ri buruzko zerbaitengatik.
Berez, Administrazio Kontseiluko idazkaria zara.
Hala da. Bileretan parte hartzen nuen eta aktak sinatzen nituen. Notarioarenganajoan…
Guardia Zibilak Madrilera eraman zintuen.
Burua makurtu eta begiak ixteko esan zidaten. Madrilera abiatu ginen.Eskuburdinak kendu zizkidaten orduan. Bide osoan itaunketa egin zidaten, bainaez polizia etxeko itaunketen modukoa, aspaldian elkarren berri izan ez duten bilagunen arteko elkarrizketaren moduan baizik. Ideologiaz, irratiaz, askapenteologiaz, Euskal Herriaz… hitz egin genuen,modu atseginean.
Madrilera iritsi eta ziega batera sartu zintuzten.
Begiak itxita eta burua makurtuta egon behar genuen etengabe, hormaren kontra, baina horma ukitu gabe. Umiliazioa etengabea izan da. Ez dizute uzten burua altxatzen, aurpegira edo begietara begiratzen, zeu ere nor bazarela adierazten. Atea, burdinazkoa, beti zebilen dinbi-danba. Kolpe izugarriak ematen zizkioten. Tentsioa etengabea zen, ziegatik ateratzen zintuztenean ez zenekien zertarako zen. Ez genuen lorik egiten eta erdi lotan geundela,benga, atearen zarata. Nire kasuan tortura psikologikoa izan da, ez fisikoa. Ni ez naute jo eta pribilegioak nituela zioten. Esan nien nik ez niela pribilegiorik eskatu. Pentsatu izan dut josulaguna izateagatik gehiago errespetatu nautela, zerbait eginez gero presio handia jasoko zutela…
Ziegan Xabier Oleagarekin egon zinen.
Uste dut lehen egunean Pello Zubiriarekin egon nintzela, ahotsik entzun ez nion arren, baina bigarren egunetik bukatu arte Xabier Oleagarekin. Xabier konturatu zen ni nintzela eta galdetu zidan ea ondo nengoen. Baietz erantzun nion eta bera ere ondo zegoela esan zidan. Hori izan zen lau egunetako elkarrizketa bakarra. Ez genion elkarri begiraturik egin.
Ba al zenekien Pello Zubiriari zer gertatu zitzaion?
Guardia zibilak Pello Zubiriaz barre egiten entzun nituen eta oso mingarria zen: Pellok supositorioak hartu behar zituen, eta guardia zibilak trufatu egin ziren,gustatu egingo zitzaiola zioten.
Gainerako atxilotuei emandako tratuaren berri, ba al zenuen?
Egun batean norbait entzun nuen, oihuka: «Ez dago barkamenik », «Utz nazazue bakean, uzteko bakean», «Badakit jipoitu egingo nauzuela, eta gero, kristo guztia bezala, dena esatera»… Ez dakit nor zen, ez nuen ahotsa ezagutu. Hirugarren egunean norbait hil zela pentsatu nuen: ETAk poliziaren bat hil zuela edo guardia zibilei atxiloturen bat hil zitzaiela. Hasieran kolpeaketa entzun ziren. Lasaigarriren bat eman eta isildu egin zen. Gero esnatu, beldurtu eta berriro oihuak, kolpeak eta zalaparta hasi ziren. «Eraman nazazue epailearen aurrera», zioen. Guardia zibil batek erantzun zion: «Zer uste duzu zuk nahi duzunean joango zarela epailearen aurrera? Behar denean eramango zaitugu».
Zer moduz aurre egin zenien galdeketei?
Barrutik oso lasai nengoen, eta erantzuteko lasai. Galdeketa batean ezin nuen gehiago zutik egon eta erori egingo nintzela esan nien, baina luzamendu ariketa batzuk egiten utziz gero, zutik jarraituko nuela. Luzamendu ariketak egiteko baimena eman zidaten eta galdeketak jarraitu zuen.Neure buruaren jabe izan naiz uneoro.
Zeri buruz galdetzen zizuten?
Ia dena Egunkaria-ri buruz. Egunkaria-n omen zegoen ETAren ordezkariaren izena ematea nahi zuten. Esan nien nekiena esango niela, ez beraiek entzun nahi zutena: ez zegoela ETAren ordezkaririk, erabakiak geuk hartzen genituela, Egunkaria ezker abertzale ingurutik sortu arren irekia eta zabala zela… Joxemi Zumalabe eta Joseba Jaka aipatu nizkien, eta esan zuten hildakoak bakean uzteko, bizirik zeudenen izenak nahi zituztela.
Epailearen aurrean deklaratzeari uko egin zenion.
Epaileari esan nion ez nuela deklaratuko, ez nintzela berataz fidatzen, ez nintzela fidatzen animalia baten moduan eduki ninduen pertsona batez: inkomunitatuta, eskubiderik gabe, oinarrizko eskubideak zapalduta. Ez nuela deklaratuko baldin eta konfiantzako abokatua ez banuen. Esan zidan berak egin zuena zuzenbide estatu batean egin zuela, lege edo bide demokratiko batzuk erabiliz. Erantzun nion ez zegoela eskubiderik guri egin ziguna egiteko.
Zer iritzi duzu operazioaz?
Operazio honek argi erakusten du beraientzat euskal komunikabide bat kaltegarria dela, sustatu eta sendotzen ari delako herri bat,bere diferentziarako eskubidea. Euskararen inguruan zutabe sendo eta finkoa dago eta sendotzen den neurrian, proiektu espainiarrarentzat kaltegarria da. Operazioa politikoa da.