Martxelo Otamendi, Egunkariako zuzendaria: tortura salaketa

2003, otsailak 28

Guardia Zibilaren esku inkomunikaturik igaro dituen bost egun luzeetan etengabeko irain, bejazio, tortura eta tratu txar pairatu ditu Martxelo Otamendi Egunkariako zuzendariak, Eguneron otsailaren 28an argitaratutako elkarrizketa honetan dioen bezala.

Forenseari esan zenion torturatu egin zintuztela?

Ostegunean esan nion ez zidatela lorik egiten uzten, zutik edukitzen nindutela. Baina ostiraleko partean esan nion, ostegunari buruz, oso gogorra izan zela, mila ariketa eginarazi zizkidatela, mila mehatxu, mila postura desberdinetan, zutik gau osoa, tarteka uzten didatela esertzen baina gero ordutan zutik. Konortea galduko dut, pentsatu dut honek itxura txarra daukala, eta esan nion epaile jaunari esateko epaileari eraman nazala auzitegi nazionaleko ziegetara inkomunikazio garaia pasa bitartean, bestela nere buruari emango niola ziegako burdinezko zutabeari eta eraman beharko nindutela ospitalera. Ostiraleko narrazio horretatik begiak estalita -ziegatik kanpo beti begiak estalita edukitzen ninduten- atera eta 30 minutura etorri zitzaizkidan guardia zibil batzuk, atera ninduten arrastaka nire ziegatik eta handik metro batzuetara etzan ninduten eta esan zidaten: forenseari berriro esaten badiozu zer egiten ari garen, tiro bat joko dizugu. Esan nuen: ez da posible orduerdian hau dena jakitea guardia zibilek.

Forensearekin zinenean noski guardia zibilik ez zegoen.

Bakarrik bai, baina esan nion gero epaileari, jakin zezala guardi zibilek bitartekoak zituztela atxilotuak forensearekin hitz egiten dugunaren berri izateko. Forensearen figurak ez duela balio adierazi nahi izan nion, eta berme demokratikorik ez zegoela atxilotuarentzat.

Mehatxatu ere egin zaituzte, ezta?

Torturak salatzen baditut atzetik izango ditudala esan didate argi eta garbi. Esan zidaten ihauteriak direla eta ihauterietan mozorrotuta nere atzetik ibiltzea erraza izango, eta ikusiko garela ihauterietan. Bizitza ezinezko egingo didatela eta etorriko direla etxera nere bila, torturak salatzen baditut.

Zer egin dizute bost egunotan?

Ariketa fisiko etengabeak, lehertu arte, lurrera erotzeraino eta arnasa galtzeraino; flexioak, flexioak… Mehatxuak, irainak; hasieratik esan zidaten: hau kate bat da, trenbide bat. Gelditu aurreneko geltokian nahi baduzu, edo egin bide osoa bestela, baina hemen denak kantatzen dute. Zuk aukeratu non geratu. Aurreneko trenean kantatzen baduzu gutxiago sufrituko duzu, eta inkomunikazioa bukatu bitartean izango duzu ohea eta gela. Ni ez ninduten jo eta jo, Joan Marirekin egin zuten bezala. Gradualidade bat zuen denak: aurrena zutik egotera behartu, eta ondoren, hankak zutik bezala baina gerritik behera makurtuta. Hiru ordu eduki ninduten behin horrela.

Interrogatzen ari ziren bitartean?

Ez, ziegan. Eta ziegan ondoan gure arteko beste atxilotu bat zegoen. Eta hura ondo tratatzen ari ziren nere aldean. Eszenifikatzen ari ziren nire aurrean tratu desberdintasuna, elkar gorrotatzera heltzeko, zure laguna gorrotatzeko.

Inkomunikatuta eta ziegakide lagun bat izan zenuen?

Baina ezin ezin diogu elkarri begiratu, ezta elkarrekin hitz egin ere. Egia da nik ez diodala hitz egin nire ziegakideari bost egun hauetan, beldurragatik. Ez genion ezta elkarri begiratu ere egiten.

Guardia zibilak zuekin zeudelako?

Ez zeuden bertan, baina atean gu ikusteko moduko irekidura bat daukate. Hain zauzkate beldurtuta, zure lagunari begira harrapatuz gero egin dizutenaren beldurrez, uko egiten diozula zure lagunari begiratzeari edo hitz egiteari. Hiru egun oso egin ditugu elkarrekin, eta hitzik ez. Igandean eta astelehenean, berriz, bakarrik eduki ninduten.

Poltsarena egin zizuten.

Galdeketa gradualizatu egiten dute. Gradualizazio horren barruan, adierazi nahi dizute egunetik egunera gogorragoa dela, eta eszenifikatu egiten da egunez egun. Beste guardia zibil talde batek egin zidan poltsarena. Hori larunbatean zen. Bi aldiz egin zidaten. Pentsatuta neukan nere ingenuitatean poltsarekin minutu erdi irauten zenuela arnasa galdu arte. Ez duzu irauten hiru segundu! Eta bazoaz…eta esaten duzu: “Bai, bai, kontatuko dut!”. Gero, zerbait esaten hasi, eta “ez naiz gogoratzen” edo horrelako zerbait, eta beraiek: “Gogora zaitez putasemea. Lurrera! Flexioak!”, erantzuten zidaten.

Zeri buruzko informazioa atera nahi zizuten?

Bi puntu zituzten nirekin: Egunkariaren sorreran eta nire izendapenean ETAren esku hartzea. Demostratu nahi izatea ETAren izenean eskaini zitzaidala zuzendaritza. Gero, Martin Ugalde Parkeaz, Joxemi Zumalabez, Joan Mari Torrealdaiz, gero Parkeaz” Nahastu egiten zaituzte, egun askotan galdera berberak, gezurrak harrapatzeko teknika, gezur asko memorizatzea zaila delako. Eta bestetik, Zutabe aldizkariak, ETAren agiriak eta ETAri elkarrizketak: loturak nola egiten dira. Behin eta berriro azaldu nien ez dugula zerikusirik ETArekin, ni Iñaki Uriak izendatu ninduela, Uria ez dela ETAkoa, eta gainera, esan nien ez nuela izendapena onartuko ETAk zerikusirik izan zuela jakin izanez gero. Epaileari mila aldiz esan nion hori, 45 minutuz hitz egin nionean. Baina guardia zibilei hori esaten hasten nintzenean, “putasemea! putasemea!” esanez isilarazten ninduten. Irain asko, eta gezurrak: Martin Ugalde miaketan bihotzekoak jota hil zela esan zidaten askotan. Hilko nindutela ere askotan esan zidaten. Ez deklaratzeko eskubidea nuela esaten nienean, “leku honek ez dauka zerikusirik demokratziarekin ezta Konstituzio putarekin ere” esanez erantzuten zidaten, “hemen deklaratu egiten da, eta kito!”.

Besteak zer deklaratzen ari ziren esaten zizuten?

Tarteka bai. Datuak ez, baina bai “besteek salatu zaituzte”, “honen deklarazioak hondoratu egin zaitu”, “ETArekin modu organikoan bat eginda zaudela badakigu, galdua zaude, berretsi ezazu eta lotara zoaz hurrengo hiru egunetarako”, “zu zara bakarra egoera honetan, espabilatu eta ez zaitez tontoa izan””. Ezetz esaten nien, sekula ez dudala ETAren irizpiderik jaso, ez kritikarik ez goraipamenik. “Lurrera putasemea! Flexioak!” erantzuten zidaten.

Zu euren eskuetan izateko gogoa zutela adierazi zizuten, ezta?

Bai, tertuliatan eta parte hartzeagatik ezaguna naizelako eta, asko sartu dira horrekin.

Informazioa bazuten zuri buruz.

Bai. Tertuliatan-eta esan izan nituenak aipatzen zidaten. Eta gehiago: Lasa eta Zabalaren epaiketan Madrilen izan nintzenean beraiek ere han zirela eman zidaten aditzera: “Zergatik egin zenuen barre epaiketan halako momentuan?”, “epaiaren irakurketan ere barrez izan zinen!”. Bereziki ni harrapatzeko gogoa bazutela esan zidaten.

Egunkariari buruz eta euskalgintzari buruz informazio handia daukatela sumatu duzu?

Bai, hala ematen du. Azaletik behintzat, oso ondo. Dena ez dizute esaten, eta ez dakizu noraino, baina euskarazko produkzioaren eta euskalgintzaren panorama orokorraren oso ikuspegi sendoa daukatela nabarmena da.

Kanpoan gertatukoari buruz aipamenik, edo gezurrik?

Ezer ez. Bakarrik esaten zidaten, “zu lasai, kantatu kantatu beharrekoa, esan torturatu zaituztela, eta gero gudari bezala egingo dizute omenaldia”. Eta gero, “zu asko irauten ari zara, laster eroriko zara”, eta nik: “Baina ez dakit zer eskatzen didazuen! Ez daukat zuek nahi duzuen daturik. Ez dut inoiz ETArekin bilerarik izan”, eta beraiek, honelakoetan: “Lurrera! Flexioak!”.

Benetan sinesten dute, besteak beste, Txema Auzmendi eta Joan Mari Torrealdai ETAkoak direla?

Kapazak dira galdetzeko ea Torrealdaik idazten dituen ETAren agiriak. Ezetz. “Nork orduan? Uriak?”. Ezetz. “Orduan zuk, nork diktatzen dizkizu?”. Eta horrela estutuz, benetan nahi duten galderara heltzen dira: “Kanpoan idazten badira, nola heltzen dira zuengana?”. Badakite Uriak ez dituela idazten, baina nork ekartzen dituen jakin nahi dutenez, aurretik leher eginda uzten naute, galdera horri erantzutera behartuta sentitzeko.

Guardia zibil talde desberdinek torturatu zaituzte, ezta?

Nirekin bi talde ibili dira. 30 urte inguruko jende gaztea, egundoko gorrotoa dutena, euskal kulturaren gaineko ezagutza orokorra baduena, Espainiaren kontzepzio zentralizatu inperial hori daukatena. Eta beraien joko faboritoa galdera honekin egiten zuten: “Nondik nora hedatzen da Espainia?”, eta nik erantzun behar nuen “Irundik Algecirasetik, eta Finisterretik Cabo de Rosas-era”, eta behin eta berriro errepikarazten zidaten.

Euskaldunekin mespretxu etengabea, ezta?

Dena berdintzen dute eta Miren Azkarateri buruz ere epelak esan zizkidaten. “Puta zahar horrek laguntzak ematen dizkizute!”. Egundokoak, Miren Azkarateri buruz.

Kide atxilotuen oihurik-edo entzun zenituen?

Zarata handiak, kolpeak-eta. Eta noiz-behinka torturaturen baten oihu handiren bat entzuten zenean inguruan bost edo zortzi laguneko koro antzeko bat hasten zuten oihu hura estaltzeko. Nik oihurik eta ez nuen egin min fisikoa zuzenean ez zidatelako egin. Niri, nekea eta poltsa, batik bat.

Ikusi zenuen inoiz guardia zibiletako inor?

Begiak beti estalita izaten genituen, begi parean bildua zegoen galtzerdi antzeko batekin. Eta mugitzen bazen eta argi pixkat sartzen hasten bazen, ni neu abisatzera heldu nintzen, izua ematen baitzidan inor ikusi nuela ohartzen baziren zer egingo zidaten pentsatzeak.

Bazenekien zein zeuden beste ziegatan?

Ez. Torrealdairen eta Uriaren oihuak entzutea iruditu zitzaidan, oihuka eta kexuka, eta Egunkariako oraingo zuzendaritzako beste jendea ere egongo zela pentsatzen nuen, eta garai batekoak ere egongo zirela.

Torturaren profesionalak ikusi dituzu?

Bai. Ez dira edozein. Bakoitza bere paperarekin dago: bat Torquemada dela esanez, bestea aholkuak ematen.

Kolpeak ez zizkizuten eman?

Kolpe batzuk barrabiletan, eta gehiago etor zitezkeenaren intsinuazioak, min emateko baino. Kolpe sendoak, ez. Eta Joan Marik, bai.

Biluztu?

Bai, erabat biluzik, batzuetan galtzontziloak belaunetan, tripaz gora eta tripaz behera jartzen ninduten. Sexu jarrerari buruzko irainak ere bai: “Jar zaitez horrela, badakigu eta horrela gustatzen zaizula”… Biluzik nengoela plastiko bildu bat ere ibili zidaten ipurdian.

Inkomunikazioa luzatzeko beldurra izan zenuen?

Nere kezka zen inkomunikazioa zortzi egunera luzatzea. Deklarazio poliziala egin nuenean, ofiziozko abokatua nere bizkarrean zegoen -ez baitzidaten ikusten utzi-, bere izena esan zuenean “bai” esan zuelako nekien han zela. Ni joan nintzen galdeketa horretara buruz ikasita haiekin batera askotan errepikatutako galderak. Errepikarazten dizkizute galdera batzuk askotan, eta konturatzen zara hamar galdera maiz egin zizkidatela, eta nik erantzunak eman ahala, erantzun gustokoa zenean ontzat jotzen zutela. Ohartu ziren nik galderei erantzun diferenteak ematen nizkiela. Batzuk badira gauza bera esaten dutenak modu lineal eta garbian, eta ni itzulinguruka ibiltzen nintzela. Sartzen zara haien teknikan, bereganatzen zaituzte, eta asumitzen duzu. Gero epaileari esan nion deklarazio hori torturapean hartua zela, fiskala hasi zelako galderak egiten nire deklarazioan oinarrituz, eta nik epaileari esan nion ez nintzela prest erantzuteko Guardia Zibilak torturapean lortutako deklarazioaren inguruan.

Esanarazi al zizuten egia ez den zerbait?

Ez, zeren gainera nola uste duzun badakitela erantzuna, ez zara ausartzen gezurra esatera. Izan ere, somatzen badute gezurra dela esaten ari zarena, kristorena etortzen zaizu. Orduan, askotan “ez dakit” esaten duzu” Pasa nituen orduak eta orduak ez nekiela esaten. Halako batean sinesten dizute. Niri dagokionez, hainbeste ukatu nien ETA-Egunkaria lotura, eta hainbeste aldiz esan nien ni ez ninduela ETAk izendatu baizik eta kontseilari ordezkariak. Horrekin aspertu ziren erabat, aprobetxatu zuten besterako: ETAren agiriak non egiten ziren, zergatik erretzen diren agiriak… Horrez gain, ETAri egindako elkarrizketei buruz aritu zitzaizkidan gogor. Seguraski beraiek ez dute aukera handirik izango ETAko zuzendaritzarekin izan den jendearekin egoteko, eta horregatik obsesionatuta zeuden. Beren aukera zen, eta interes handia erakutsi zuten horretan.

Epailearen kezka ez zen hori ordea.

Ez. Nire atxiloketan bi arrazoi zeuden, bat sumarioarekin lotura duena, eta bestea ETAren inguruko lan profesionala, elkarrizketei dagokiena. Epaileak esan zuen sumario hori beste epaile baten eskuetan zela, eta bera hor ez zela sartuko.

Lehen aipatu duzu zortzi egunetakoa. Beraiek aipatu zizuten inkomunikazioa eta atxiloketa luzatzeko aukera?

Bai, bai. Beraiek esan zuten hiru, bost eta zortzi egun zirela. Sinarazi zidaten paper bat jakinarazten zidana epaileak onartu zuela zortzi egun arteko inkomunikazioa. Ni momentu batean konbentzituta nengoen zortzi egun edukiko nindutela. Hori jakinarazi zidaten larunbatean, eta, beraz, pentsatu nuen igandea, astelehena eta hiru egun gehiago edukiko nindutela. Nik une horretan pentsatu nuen ez nuela jasango hiru egun gehiago han. Hor irekitzen dizuten aukera da zure buruaz beste egitea. Eskatu nien tiroa jotzeko, eta bukatzeko azkar.

Zuk eskatu zenien hori?

Bai, behin baino gehiagotan. Forentseari esan nion kasu egiten ez bazidan burua txikituko nuela han zegoen zutabe baten aurka. Ez duzu hil nahi, baina barrutik ateratzen zaizun zerbait da esateko jasangarritasunaren mugara heldu zarela, ezin duzula gehiago.

Nola izan zen epailearen aurreko deklarazioa?

Nik epaileari egin nion nire eta Egunkariaren defentsa. Garbi utzi nuen Egunkariak ez duela inolako loturarik ETArekin, ETAren esku hartzerik sekula ez dela izan Egunkarian, eta ETArekin egin den gauza bakarra dela hiru elkarrizketa nire partetik, lan profesionalak, eta epaileak sekula delitutzat joko ez lituzkeenak. Hori luze argudiatu nion.

Akziodunena zen beste puntu bat.

Bai, ez zuten ulertzen nola 1.000 akziodun inguru izanda, soilik 30 inguru joaten diren urteko batzarrera. Eta nola akziodunek ez duten eskatzen Egunkariak dirua irabaztea. Epaileak horren inguruan galdetzen zidan, eta nik esaten nien euskal filosofia azalduko niela nahi bazuen. Orduan esan nien akziodunek dirua jartzen dutela bi baldintzaren truke: egunkaria aurrera ateratzea, eta ez ika-mikan ibiltzea elkartzen garenean. Orduan esan nien BBVAk milioi bat akziodun baino gehiago dituela, eta milabostehun baino ez direla joaten batzarrera; ni, gonbidatu gisa izan naizela BBVren batzar batean eta ikusi egin dudala. Barçak 100.000 bazkide baditu, urteko batzarrera hiruzpalau mila joango direla. Esan nien euskal produktuak defizitarioak direla, dirulaguntzei esker bizi garela, azpiegitura enpresarial eta ekonomikoetan gabeziak daudela. Hori dena azaldu behar izan nien ulertzeko nola akziodun gehienak ez diren joaten urteko batzarrera.

Izan ere, beren tesia da gezurrezko akziodunak direla.

Hauen jokaldia da dirua ETAk jarri duela, eta akziodunak goardasolak direla. Orduan nik esan nien egiazkoak direla, nominalak direla. Ia ezagutzen nituen galdetzen zidan, eta nik batzuk baietz. 45 minutuz gauza horiek azaltzen eman nituen, bi tesi nagusirekin: ETAk ez ninduela izendatu, ETAk ez duela inolako eskuhartzerik Egunkarian, ETAko kiderik ez dela Egunkarian. Eta, bigarrena: ni izendatu ninduela zuzendari kontseilari ordezkariak, ez ETAk. Horretaz, nik zor bakarra dudala: nire irakurleekin, nire langileekin, nire iragarleekin. Esan nion ez dakidala ETAren zer paperetan agertzen den nire izena, baina hala bada, nik paper pasiboa dudala hor, nitaz ari direla hizketan nik jakin gabe.

Alderdi politiko askoren paperetan agertuko zaren bezala, ezta?

Bai, hala esan nion: “seguru nago exekutibo askotan, alderdi askotan agertzen dela Egunkaria, eta gure izena, eta agian akta jasota dagoela, eta horrek ez duela esan nahi guk haiekin zerikusirik dugunik”. Batzuek aipatuko dute Egunkaria baloratzeko gurekin egindako bilera bat, agian; eta, beste batzuek baloratzeko norbait dagoenetik oso tratamendu ona edo txarra ematen ari zaiola ez dakit zer gairi.

Tortura salaketen aurrean epaileak zer?

Ez epaileak ez fiskalak ez zuten ezer galdetu, ez ñabardurarik eskatu. Esan nien ez dela posible informazioaren profesional bat horrela tratatzea, gizaki bat horrela tratatzea. Horren aurrean fiskalak esan zuen beraiek ongi tratatzen ari zitzaizkidala, eta, nik, baietz, ongi tratatzen ari zitzaizkidala, baina Guardia Zibilak ez. Eta gainera, esan nien epaileei: “Guardia zibilei nire eskubideen inguruan zerbait aipatzean izugarrizkoak bota dituzte bai zuei buruz, bai Auzitegi Nazionalari buruz, bai konstituzioari buruz, Eusko Jaurlaritzari buruz”” Eta esan nuen: “Instituzio honekiko errespetuagatik ez ditut errepikatuko hemen hari buruz esan dituztenak”.

Kalera irten orduko esperoko zenuen egunkari berri bat martxan izatea, ezta?

Bai, ez nuen dudarik. Bi kontuk poztu naute bereziki: batetik, zuzendaria, kontseilari ordezkaria eta administrazio kontseiluko lehendakaria egon gabe gai izan zaretela aurrera ateratzeko eta egituratzeko egunkari berria; eta, bestetik, larunbateko manifestazio ikaragarria. Oso zabala, masiboa eta espontaneoa izan dena, jendea bihotzez joan den manifestazioa, asko eta asko negarrez. Orain aprobetxatu behar dugu olatu hau izugarrizko egunkari bat egiteko.

Kartzelatik irten orduko hiru zeregin aipatu zenituen.

Bat, lanean jarri behar dugula kartzelan geratu diren urteotako lagun eta lankideak ateratzeko; bi, egunkaria iraunarazteko; eta, hirugarrena, baliatu behar dugula jende ezaguna torturatu dutela Euskal Herrian sortzeko torturaren aurkako hesi nazional-instituzional-sozial bat, tortura desagerraraziko duena. Nola gure salaketa sinesgarria izango zaion mundu guztiari, egin dezagun lana hori desagerrarazteko, ez baita posible egoera hau. Herri honetako kudeatzaileek lehen mailako arazo balitz bezala hartu behar dute, eta torturaren aurkako Nunca Mais bat eratu.

Espainiako Gobernuak berak agindu du zuen aurkako salaketa jarriko duela torturak salatu izanagatik.

Ikusiko dugu elkar auzitegian, baina ni torturatu egin naute, eta ez dut demostratu demostratzeko aukerarik ez dudalako. Izango da nire adierazpenaren haienaren kontra, baina ez daukat inongo modurik erakusteko torturatu egin nautela.

Pello Zubiriaren egoeraren berri izan duzue.

Beno, ziegatik oihuka entzun nuen behin baino gehiagotan. Gero, Auzitegi Nazionalean esan ziguten bere buruaz beste egiten saiatu zela.

Iruzkinik ez »

No comments yet.

RSS feed for comments on this post. | TrackBack URI

Leave a comment

(XHTML etiketa hauek erabil ditzakezu): <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong> .

; ?>