Martxoaren 13an Soto del Realen datatua dago Joan Mari Torrealdairen erantzunak jasotzen dituen gutuna, azkenean, postaz bidali beharrik gabe, eskura eman ahal izan diguna Egunero-kooi.
Atxiloketari buruz zer oroimen duzu?
Oroimena? Oroimena ez, bizipena, guztiz bizirik nire baitan dirauen kalbarioa dut gogoan. Dena dut gogoan eta bihotzean, mina eta pena. Kontatuko dizut nola gertatu ziren gauzak. Otsailaren 19-20ko gaueko ordu bata eta erdiak aldera Atila bezala sartu ziren etxean, atea kolpeka txikitu eta sekulako iskanbilarekin. Espantu batean esnarazi gintuzten laurok. Eskailera-burura iritsi ginenerako, dozena erdi guardia zibil etxe barruan zeuden, armekin apuntatzen. Ondoren sartu ziren gainerakoak. Ez dakit zenbat. Asko. Nahasketa behar zuela esan nien. Ezetz, eta epailearen paperak erakutsi zizkidaten. Emaztea eta bi haurrak (12 eta 10 urtekoak) egongelan bildu zituzten, eta ni bereiz hartu ninduten, miaketarako. Baziren miaketa lanetan dozena bat gizon. Lau ordu luzetan, nire paper intimoak, nire dosierrak, ikerketak, nire paper guztiak begiratu zituzten, desordenatu, eta ehunka asko hartu eta eraman. Ez zuten deus errespetatu, emaztearen dokumentazioa ere ez. Bukatzean, ozta-ozta agurtu ahal izan nituen emaztea eta haurrak. Haurren begiratuan islatzen zen izuak pertsegitu nau geroztik. Hura poema beltza, haur maiteen aurpegietan irakurri nuena! Barren gaiztoa behar du gizonak, eskuak lotuta eta gaizkile gisa etxetik gauez ateratzen duten aitari galdetzeko ea ez ote ninduen kezkatzen zer irudi izango zuten nitaz haurrek, oso hotz agurtu nituela. Kaleko jantzita-ko agente batek kolpatu ninduen horrela.
Nolakoa izan zen Jakin-eko bulegoen miaketa?
Aterik ez zuten puskatu han, giltza eman nielako. Hogei agentetik gora baziren han, geletan eta pasilloetan, jo batera eta jo bestera. Mugitu ezin zuen bakarra ni nintzen. A zer txikizioa egin zutena! Ordenagailu batzuk desmuntatu eta hustu zituzten, eta beste batzuk eraman. Ordenatuta zegoena desordenatu, armairu eta txoko guztiak miatu, milaka dokumentu eta paper eraman. Begirunerik gabe. Eta zehaztu edo deskribatu gabe. Kexatzen nintzen, baina alferrik. Zazpi bat ordu han. Pelikula batean bezala ikusten ari nintzen nola hondatzen zuten nire bizitza eta lan profesionala, nire ikerketak, nire etorkizuna. Eta ni han, zutik ezin egonda. Egunkaria-ri dagokion dokumentazioa ere eraman zuten. Hura bakarrik eramateko esan nien, baina ez: dena eraman zuten, nire-neurea, Jakin-ekoa, bilatu zuten guztia. Martin Ugalderen originalak ere bai. Eta Jakin-etik Euskalgintza Elkarlanean Fundazioko bulegoetara pasatu ginen, pasatu ninduten, bertako atea behartu ondoren. Beraiek ere nekatuta zeuden ordurako, eta gutxiago miatu zuten, baina eraman asko, harrapatu zuten guztia. Behin eta berriz esan nien nik ez nuela zerikusirik EEFko bulegoarekin, baina alferrik. Autoak baimena ematen ziela, eta kito.
Jakin-etik Madrilera, ezta?
Segidan, Bin Laden baino arriskutsuagoa naizen hau, eskuak lotu, burua makurrarazi, autoan sartu eta Madrila. Horrelaxe, eskuak lotuta, begiak itxita, pixa egiteko aukerarik gabe (hiru aldiz eskatu nien arren) eta hitz eginaraziz. Ahituta nengoela eta isilik egon nahi nuela esan nien birritan. Ezetz. Zergatik ninderamaten —eta zergatik hala— galdetu nien, haurrei ere arma-jostailurik ez niela uzten eta. Garratz, zorrotz eta lehor erantzun zidan gaiztoena zirudienak: “Arma batzuek pistolek baino gehiago hiltzen dute”. “Nitaz ari al zara?”, esan nion, eta isildu egin nintzen.
Inkomunikazio egunak etorri ziren gero. Ba al zenekien nor gehiago atxilotu zuten?
Ez nekien non sartzen ninduten. Infernuan, hori bai. Kartzelan esan zidaten Guardia Zibilaren Zuzendaritza Nagusian egonak ginela. Arratsalde erdian-edo sartu ninduten zulo beltz hartan. Jainkoak, munduaren sorreran, eguna eta gaua bereizi omen zituen. Guardia zibilek guri eguna eta gaua berdindu egin ziguten, dena zen gaua, iluna, beltza ziega hartan. Ez nuen inoren eta ezeren berririk, ez nekien bakarrik detenitu ninduten ala gehiago ginen. Inguruko ziegetan bazegoen jendea, eta berriak ere sartu zituzten geroago, baina ez nekien nor. Halako batean Txema Auzmendiren ahotsa aditu nuen. Baginen bi. Hurrengo egunean, edo hirugarrenean, Iñaki Uriaren eta Martxelo Otamendiren ahotsak ezagutu nituen, galdeketan. Metro gutxitan 5 egun bizi izanik ere, beste inoren berririk ez nuen izan. Kartzelan enteratu nintzen. Izua zen nagusi han, isiltasun mortala.
Nolako tratua eman zizuten?
Ilunabar berean edo gauean eraman ninduten galdeketara. Burua estalita dardarka, izututa. Zutik, eskuak paretaren kontra, zangoak atzeraka eta zabal-zabal. Han hasi ziren galderak. Eta galderekin, kolpeak buruan, bizkarrean, jertsea eta alkandora erantzi ostean. Erregela edo antzeko batekin zango tartetik eta atzetik nire partee tan eman zidaten. Ez dakit lehenengo galdeketan edo hurrengo batean, sei bat aldiz egon bainintzen egoera berean. Plastiko bat ere jarri zidaten belarri parean, eta gero besoan zehar pasa, hotsa eraginez, eta zer zen ba ote nekien galdetuz. Eskuak indargetuta eta zutik gehiago ezin nuenean, esertzen utzi zidaten. Behin, lehen aldian, denbora gutxi. Kolaboratzen ez nuenez, pribilegioak amaitu zirela eta, aurrerantzean zutik egon behar izan nuen. Ziegara eraman, eta han ere zutik jarri, etzateko aukerarik gabe. Zein gogorra den burua estalita eta paretaren kontra egon beharra, kolpea noiz etorriko! Beldurrak zaude, gogortuta, dardarka. Are gehiago zure atzealdean petardoak leherrarazten dituztenean. Egoera horretan nengoela, galderak eta galderak, orroak eta garrasiak belarri parean, erantzun eske: “Si o no“. Eta batez ere irainak, mehatxuak, gezurrak: ez dakit zer nintzela (ez dut esan nahi), mendirik ezingo nuela gehiago igo belaunak txikituko zizkidatelako, lagunek salatu eta saldu egin nindutela, zortekoa nintzela 70 urterekin kartzelatik aterako nintzelako, haurren paraderoa, emaztea ere bazekartela, Martin Ugalde hila zela eta Anamari haren emaztea ospitalera eraman zutela. Hurrengo egunean, Martin lurperatu zutela esan zidaten. Eta nik sinetsi egin nien.
Zer jokaera izan zenuen zuk?
Galdera gehienak erantzuteko ez nintzen gauza, ez nekizkien edo ahaztuta neuzkan datuak. Eta, gero epailearen aurrean aitortu nuen bezala, guztiz blokeatuta nengoen, mentalki eta psikologikoki. Beraiek ematen zizkidaten izenak eta datuak, eta errepikatzearen poderioz buruz ikasi nituen. Hamabost edo hogei aldiz, ez dakit, errepikarazi zizkidaten erantzunak. Ez nekien zertan ari ziren. Ez nien maliziarik ikusten ez galderei, ez erantzunei. Gero konturatu nintzen zertan ari ziren, eta zertarako: deklarazioa buruz ikasten ari nintzen, eta euskal kulturgintza konnotatzea bilatzen zuten.
Poliziaren aurreko deklarazioa eginarazi zizuten, ezta?
Gora eraman nindutenean, ez nekien nora eta zertara nindoan. Epailearen aurrera ninderamatela uste nuen gizajo honek. Bi gizonezko alde batean, eta atzean emakumezko bat zegoen. Buru-estalkia kenduta sartu ninduten han. Atzean zegoena abokatua zela esan zidaten, baina ezin nuela harekin hitz egin, inkomunikatuta nengoelako. Egin nuen deklarazioa, buruz ikasitakoa. Sinatzeko eman zidatenean, neukan indar pixarra atera nuen ez dakit nondik, eta irakurri eta zuzendu nahi nuela esan nien. Ez zien batere graziarik egin. Zuzenketatxo batzuk egin nituen, beldurrak jota. Ez dakit denak jaso zituz- ten ala ez. Ikara batean pasatu nuen egun osoa gero, traizioagatik noiz ziegara etorri eta aterako ninduten, egurra emateko, esan baitzidaten deus aldatzen banuen txikitu egingo nindutela. Baina ez. Goizeko 05:30 aldera deklaratu nuen, 3 egun eta 3 gau lorik eta atsedenik gabe igaro ostean, psikologikoki txiki-txiki eginda, izuak janda.
Izututa egon zirela nabarmendu dute kalera irten direnek.
Izuak ere graduak ditu infernu hartan. Noizbehinka isiltasun mortal hura eten egin ohi zen. Inguruko areto batean galdeketa-lanean hasten ziren: ozen-ozen entzuten nituen galdegilearen orroak, kolpeak, zaratak. Lehen hiru egunetan hiruzpalau aldiz bai. Ni, ikaratuta. Kartzelan esan zidaten grabazioak ote ziren. Ez dakit. Pausoak aditzen nituen bakoitzean izutzen nintzen, nire bila ote zetozen berriz, eta areago ziegetako ate-sarraila sekulako zartakoz irekitzen zutenean, zer zetorkidan adieraziz. Pare bat aldiz gutxienez agenteren bat agertu zen ziega-gunera Eusko gudariak gara txistukatuz eta ikusi makusi euskaraz ahoskatuz. Ez dakit agente bera ala beste bat zen gutako bati edo gehiagori esan ziona “gudari” edo “qué ganas te tengo“, ziegako leihatila irekiz. Gehiagotan ere hautsi zen isiltasuna, eta izua areagotu. Sartu berritan, niretik bi gelatara edo, buruarekin pareta joka hasi zen bat, bakean uzteko eskatuz. Han ez zutela inor jotzen esan zion zaintzaileak, benetako edo grabaturiko kolpeak entzuten ziren une berean. Pello omen zen, baina nik ez nuen ahotsa ezagutu, pentsatu ere ez bainuen egin Pello han egon zitekeenik. Geroago, ez dakit noiz, emakumezko bat ere galdeketatik ekarri zuten, negar batean. Izua berriro.
Zer galdetzen zizuten?
Nirekin hiru bide jorratu zituzten: Egunkaria, Elkar-Zabaltzen eta Eusko Jaurlaritza. Egunkaria-ri dagokionez, ea non hartzen ziren erabakiak, eta nola finantzatu ohi zen. Nik egia esan nien, nire egia: erabaki guzti-guztiak berezko organoetan hartu izan direla, eta finantzaketak bi iturri nagusi izan dituela: herritarren ekarpena eta erakunde publikoen diru laguntza. Behin eta berriz esan nien kanpoko interbentzio edo manipulaziorik ez dela izan, eta horrelako susmorik txikiena izan banu, nik neuk ez nukeela segundo bat iraungo proiektuan. Esplikatu nien (alferrik baina) proiektu kulturaletan mugitu naizela beti, formalki ere politikatik hurrun.
Elkar-Zabaltzen konnotatzeko eta jotzeko gogo bizia sumatu nien. Eta, bide batez, Martin Ugalde Kultur Parkea. Eusko Jaurlaritzaren diru laguntzen esplikazioa ere badute: Eusko Jaurlaritzak ETA laguntzen du Egunkaria lagunduz, baina baita ikastolak lagunduz ere. Eskema operatiboak ez du akatsik: ‘Euskal Herria euskalduntzearen alde dagoen oro ETAren estrategia ari da indartzen’. “Zergatik?”, galdetzen nien. Oso garbi: ETAk ez al du Euskal Herri independente, sozialista, bateratu eta euskaldun bat nahi? Euskalgintza azken puntu honetan sartzen da, eta Eusko Jaurlaritza ere bai. Ez naiz ari gehiegikerian…
Zein irakurketa egiten duzu Egunkari‘-ren aurkako opera- zioari buruz?
Irakurketa ugari egin daiteke: elektorala, politikoa, ideolo- gikoa. Denak dira zilegi. Baina batez ere, nik uste, euskaltzalea. Euskalgintzaren bihotza jo dute, Egunkaria ez baita Egunkaria bakarrik. Euskalgintzaren indar kohesionatzaile handienetakoa, giltzarria, formatzailea eta informatzailea, legamia, euskal kultura esparru propio eta autonomo gisa tratatzen eta eratzen duena izan da, da eta, espero dezagun, izango dela. Egunkaria bera inoizkorik indartsuen zegoenean itxi dute. Egunkaria-rekin batera euskalgintzari eta euskal kulturari eraso dote, hauek baitira Euskal Herri euskaldunaren berme eta oinarri behinenak. Gainerako guztia aitzakia da, aitzakia merkea. Egunkaria aurrez aurre jo dute, baina beste batzuk ukitu; oraingoz bederen, ukitu: Jakin, Argia, Euskalgintza Elkarlanean Fundazioa, Partaide-Ikastolen Elkartea, Herri Irratia. Sarekada honek diseinu zehatzagoa du atzean, seguru nago. Bildurrak nago.
Eta erantzuna?
Sekulakoa. Barruan gaudenontzat zoragarria, arnasa, eta pentsatu nahi nuke halaxe izango dela langile eta Egunkaria-zaleentzat ere. Baina badakizu ni ez naizela fio beroaldiez. Biharamunean dut nik burua. Zarataren osteko isiltasunak kezkatzen nau beti. Oraingoan, oraingoz, ez dut motiborik, egia esan. Zulo honetatik begiratuta, iruditzen zait, gizarteko eragile sozial, politiko, sindikal eta kulturalen jarrera ikusita, euskaldunak ulertu duela oraingoan zein den erasoaren sakona. Jendeak ulertu du, zorionez, erantzun bateratu iraunkor bat behar dela, bestela gureak egin duela, banan-banan eroriko direla, gu erori garen bezala. Zeinek esango zuen hori bezperan, ezta?
Zein sentsazio eragin dizu Egunero jasotzeak?
Poza eta tristura, aldi berean biak. Poza, izan duzuen erantzun erreflexu eta ahalmenagatik. Eta edukiengatik. Mila esker gutaz gogoratzeagatik ere. Bejondeizuela! Tristura sakona ere bai, ordea, zertara behartu gaituzten ikusita. Euskaldunon Egunkaria egunkari normalizatua zen, estandarra, egunkari osoa eta ona. Kaltea eginda dago, eta ez du bueltarik. Zorionez, ez gaude 1990ean, askoz prestatuago gaude, badugu eskarmentua: badakigu, badakizue, Egunkaria zer den eta egunkaria egiten. Zuen esku dago orain egunkari berri(tu)a.
Nola bizi duzu kartzelaldia?
Lehen unean, infernutik pasatu ondoren, zerua iruditu zitzai- dan. Bertakotzen ari naiz pitinka-pitinka, zer erremedio. Kate motzean lotuta gaude, eta maite dugun guztia urruti gelditu zaigu: familia, lagunak, lana, mendia, gure lurra, gure herria. Gorputza bakarrik dut nik hemen; burua eta bihotza hor. Erretiro aurreratua jaso duenaren bizimodua egiten dut hemen: irakurri, idatzi, paseatu, kirol pitin bat, jan eta lo. Inbidigarria, ezta? Ez al gara gaizki ohituko! Aurreneko pausoak ematen, eta horretan nago oraindik, maitasun handiz lagundu naute bertako euskal- dunek: Jagoba, Aitor, Julen eta Gorrik. Ateratzen garenerako, afari agindu diet etxean. Mundu txikia eta Babel handia da modulu bakoitza, baina euskaldunok guztien begirunea dugu, eta oso ondo moldatzen gara guztiekin.
Egunkaria-ren jarraipena ziur- tatzeko egin beharreko lanaz zer gogoeta egiten duzu?
Galdera zaila; nagoen lekuan, erantzungaitza. Urrutiegi nago, eta usaimenik gabe. Egoki erantzuteko, joko zelaian egon beharko nuke. Daukadan informazio-iturri bakarra Egunero da, iristen zaigunerako zaharkitua. Interes biziz irakurri ditut iritziak. Beroaldian gaude oraindik. Diskurtso mailan. Jarraipenari buruzko egiazko informazio fidagarria falta zait. Zer ari den egosten erabakiguneetan, zeintzuk proposamen ari diren lantzen. Joerazko arrisku bat sumatu dut, hala ere, eta da Euskaldunon Egunkaria-ren historia bukatutzat eman eta utopiaren tamainako berri bat abiaraztea. Bestela esan: mugak, ezinak eta akatsak (badituenak) orain artekoari egotzi, eta berriari, dohain eta bertuteak oro. Etenik gabe, euskalgintza zatikatu gabe, aurrera egin nahi badugu, eta aldarrikatzen den zuhurtziari, malgutasunari, atxikimenduari, elkarlanari, eragile guztien edo gehienen inplikazioari etekin betea atera nahi badiegu, orain arteko proiektu gauzatua indartu, bermatu, sendotu, hobetu eta zabaldu behar da; Euskaldunon Egunkaria, bere ezaugarri propio eta guzti, abiapuntuko 11 puntuetatik aurrera.
Besterik baduzu esateko?
Bai, Egunkaria-ren historiaz gainera, norberarena ere badago, segur aski, honen baitan. Min handia egin didate, niri-neuri noski, baina baita nire familiari ere, haurrei batik bat. Milaka dokumentu bahituz nire memoria historikoa ezabatu dute, nire etorkizun profesionala baldintzatu dute, eta moztu. Tratu inhumanoa emanez, gainera, plaza publikoan kriminalizatu eta ohore pertsonala eta profesionala hondatu didate, kakaztu. Batere frogarik gabe. Gogorra da gero betidanik euskara eta euskal kulturaren independentzia babesten ibili den batentzat uholde zikin honetan murgildua ikustea bere burua. Ze estatu da hau? Ze justizia da hau? Aste pare bat daramat presondegian eta sinets iezadazu une batez ere ez dudala ahaztu gertatutakoa. Nola ahaztu ba nire bizitzako egunik latzenak?