(…) Ziegara itzultzean, lasterrera, galdeketa gogor hotsak entzuten ziren. Garrasiak, kolpeak, torturatuen aieneak ematen zutenak… Gau guztian zehar, tarteka. Gau guztian zutik mantendu ninduten, hormaren kontra. Hurrengo egunean zutik egoteaz txikituta nengoen.
(…) Goizean zehar konturatu nintzen ziegan nirekin zegoena Iñaki Uria zela. Konturatu nintzen nahiko gaizki zegoela. Urduritzen hasi nintzen. Nire klaustrofobia agertzen hasi zen (klaustrofobiko nahiko aurreratua naiz. Psikoterapia eta homeopatia tratamenduak jarraitu ditut. Duela bi urtetik ez naiz igogailuetan eta garraio publikoan jendez beterik dagoenean sartzen).Aurretik nire atxilotzaileei esana nien klaustrofobikoa nintzela.
(…) Galdeketa saioak entzuten ziren. Tentsioa gora zihoan.Alboko ziega batean emakume baten negar zotinak entzuten nituen. Guardia zibilek (tartean emakumezko bat) konpresak eta tanpaxak eskaintzen zizkioten. Gero jakin nuen Inma Gomila zela.Alboko beste ziega batean kide bat abokatuarekin hitz egiteko aukera eskatuz hasi zen. Buruarekin horman kontra kolpatzen hasi zen. Guardia zibilak urduritzen hasi ziren. Modu txarrean, mehatxuka, eragozten zioten burukadak ematen jarraitzea.
(…) Horretan, klaustrofobiak eta tentsioak eraginda edo, konortea galdu eta erori egin nintzen, komunera joan gabe. Ez dakit zenbat denbora egon nintzen horrela. Minutu gutxi batzuk, pentsatzen dut. Oso urduri jarri ziren guardia zibilak. Ospitalera eraman beharko nindutela esaten zuten kezkatuta. Ziegako ohean (koltxoi zikin bat harrizko ohehotz baten gainean) etzan ninduten.
(…) Galdeketa batera eraman ninduten berriro. Oraingoan gogorragoa. Izterren flexioak, garrasiak, egunkari bildua ematen zuen zerbaitekin kolpeak, baina ez gogorrak, kolpeen simulazio gisako zerbait. Aurreko kolpe saioa baino luzeagoa.
(…) Larunbatean auzi-medikuarekin egon ondorenetik igande goizaldera arteko tartea bereziki tentsoa izan zen. Behin eta berriz galdekatzen ninduten. Azkenekoetako batean biluztu egin ninduten, horrela flexioak egin arazi, ahuspez jarrita besoetako flexioak ere bai, lehertu arte. Jarrera horretan bultzada simulazioak, kolpe simulazioak paperezko makilez, pistola kargatu eta balarik gabe tiro egin, batzuetan kainoiarekin burua presionatuta. Alboko areto batean tortura simulazioen oihuak, haiekhartuko nautela mehatxatuta, eurak onak zirela, zortea nuela. Hotzez eta beldurrez dardarka, begiak (ez beherago) estalita, ilunpean, klaustrofobiaren eraginez… Azkenean goizaldeko hirurak aldera deklaratzera eraman ninduten. Eskubideak irakurri zizkidaten, nire atzean ofiziozko abokatua zegoela esan zidaten. Nik ez nuen ikusi. Hogeita bost bat galdera egin zizkidaten, baina nik biri bakarrik erantzun nien. Haserre geratu ziren eta bi egun gehiago egongo nintzela atxilotuta mehatxu egin zidaten. Paper batekin horretaz engainatzen ere saiatu ziren, baina nabaria zen gezurra zela. Epailearen aurrera sei eta erdiak aldera iritsi nintzen. Jasandako tratuaren berri eman nuen, hura salatzeko une egokia zen galdetzearekin batera. Epaileak esan zidan ez zela une egokia, baina hala ere esan behar nuena esateko. Ez zuen galderarik egin, ez zitzaidan iruditu interes handirik zuenik horretan. Ez zidan azaldu zein zen une egokia egiten ari nintzen salaketa egiteko. Ahaztu zait esatea biluztuta neukatela flexioak, kolpe simulazioak eta abar egiten ari zitzaizkidalarik gurpilaizenarekin ezaguna den tratu txar eredua jarraitzen zutela. Tartean, beti, plastiko gogorrezko edo antzeko tuboak metalezkoak mahai gisako batzuen kontra joz zarata izugarria egiten zutela. Berez, min fisikoa baino gehiago eragin psikikoa, presio psikikoa, nekea, gaindiezinezko neke mentala, sortzen zidaten. Teknikak, ereduak, simulazioa ziren gehiago aplikazio zuzena baino, nire kasuan behintzat. Jotzen ninduten, baina min fisikorik egin gabe, eskuekin (eskua zabalik), paperezko makilekin, paperezko pilotekin, euren artean batak bestearen kontra botatzen ninduten, hiruzpalau edo bost lagunen artean, zorabio efektua lortuaz, baina ez modu bortitzean. Pistola buruan jarrita egindako exekuzioek ez zuten sinesgarritasunik.(…)