Beldurra, ikara. Hori da Inma Gomilak, Egunkaria-ko gerente ohiak, Guardia Zibilaren esku igarotako bost egunetan sentitutakoa. Otsailaren 27 an argitaratu zen ondorengo elkarrizketa Egunero egunkarian.
Zer moduz zaude?
Atzo baino pixka bat hobeto, baina oraindik ez nago oso lasai.
Nola izan zen zure atxiloketa?
Hondarribiko aireportuan autoa aparkatu ondoren nigana etorri ziren eta atxilotze agindu bat aurkeztu zidaten, talde armatuari laguntza emateagatik. Handik nire bulegora eraman ninduten, ordenadorea, paperak eta mahaian zeuden gauzak hartu zituzten, eta auto batean sartu ninduten, eta begiak itxi. Bidaia nahiko luzea izan zenez, Madrilera eraman nindutela susmatu nuen.
Guardia Zibilaren poliziaetxean nola joan ziren lehen orduak?
Leku hotz batera jaitsi ninduten, begiak itxita. Han utzi ninduten arratsalde osoa, eta gero forentsearengana eraman ninduten. Hark esan zidan Madrilen nengoela. Banekien Pello Zubiria zegoela atxilotuen artean, baina besteen izenen berri ez nuen. Gauean hasi ziren galdeketak. Gau osoa zutik eduki gintuzten, bakoitza bere gelan. Iritsi zen momentua gehiago iraun ezin nezakeela, eta orduan galdeketa egin zidaten. Gau osoan oihuak eta kolpeak entzun nituen, eta sekulako beldurra sentitu nuen. Niretzat gogorrena giroa izan da, beldurgarria baitzen galdeketetan begiak itxita, beste atxilotuen oihuak eta kolpeak entzutea.
Zurekin nolako tratua izan zuten?
Ez naute jo, zutik eduki naute, eta batzuetan esaten zidaten, ‘goazen gimnasia egitera’, eta besoak altxarazi edo makurrarazi ninduten. Hala ere,egunak pasa ahala baldintzak gero eta gogorragoak ziren. Hirugarren egunean prakak jaisteko agindu zidaten. Nik neure burua lurrera bota nuen, mesedez ezer ez egiteko erregutu nien eta azkenean altxatzeko agindu zidaten eta hor bukatu zen. Baina beldurra barruraino sartuta nuen. Hirugarren egunean deklarazioa hartu zidaten, epaitegi moduko baten aurrean eta ofiziozko abokatu batekin, baina ezin nuen harekin hitz egin. Deklarazioa hartu ondoren uste nuen epailearen aurrera eramango nindutela, baina orduan esan zidaten inkomunikazioa beste 48 ordu luzatzen zidatela, eta hori bai izan zela oso gogorra. Azken bi egunak oso gaizki pasa nituen, baina ez zidaten ezer egin.
Entzuten zenituen oihuak norenak ziren bazenekien?
Pello Zubiriari entzun nion ondoko gelan, ‘Utz nazazue bakean, utz nazazue bakean!’ oihuka, oso modu larrian. Beste egun batean medikua igo zen eta Pellori entzun nion esaten: ‘Burua nahastuta daukat, utz nazazue bakean!’. Orduan asko sufritu nuen, antsietate ikaragarria izan nuen.
Bazenekien larunbatean ospitalera eraman zutela?
Ez, baina oso kezkatuta nengoen. Behin entzun nien bi guardia zibilei euren artean komentatzen Pello hilda zegoela; pentsatzen dut nahita egin zutela nik entzun nezan eta larritu nendin.