Espainiako Auzitegi Nazionalak auto baten bidez jakinarazi duenez, Egunkaria-ko itxiera kasuko epaia maiatzaren 4tik behin betikoa eta irmoa da. Apirilaren 12an eman zuen sententzia Auzitegi Nazionalak, eta gero AVT eta Dignidad y Justicia herri akusazioek Auzitegi Gorenean epaiaren kontrako helegiterik ez zuten jarri —apirilaren 29an iragarri zuten hori—. Epaiketan fiskalak absoluzioa eskatu zuen, defentsak bezala.
Epaiketa Auzitegi Nazionalean izan zen, iazko abenduaren 15etik otsailaren 1era arte. Javier Gomez Bermudez, Ramon Saez Valcarcel eta Manuela Fernandezek osatutako epaimahaiak absolbitu egin zituen Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Txema Auzmendi, Martxelo Otamendi eta Xabier Oleaga auzipetuak, euren kontrako frogarik ez dagoela ebatzita. Epaimahaiak aho batez hartu zuen erabakia.
Sententziaren arabera, auzipetuek ez zuten deliturik egin, ez zuten ETArekin loturarik eduki, itxiera neurria Espainiako Konstituzioaren babesik gabea izan zen, hedabideak demokrazian oinarrizko tresna dira eta itxierarekin adierazpen askatasuna urratu zen, Egunkaria-k ez zuen “terrorismoa” goresten, akusazioak frogarik gabekoak, ahulak eta oinarririk gabeak izan ziren, eta atxilotuen inkomunikazio garaian ez zen kontrol judizialik egon -torturak eta tratu txarrak jaso izana salatu zuten-.
Auzi ekonomikoak zabalik jarraitzen du —zortzi auzipetu daude—, eta Auzitegi Nazionalak kasua Donostiako epaitegira igortzea erabaki zuen maiatzaren hasieran.