Zazpi egun egin zituen Fermin Lazkanok atxilotuta. Lehen bost egunak inkomunikatuta Guardia Zibilaren esku, eta gero Soto del Realeko espetxean, bermea ordaintzeko arazoengatik. Otsailaren 29ko Egunero egunkarian argitaratu zen ondorengo elkarrizketa.
Pozik ikusten zaizu.
Bai, pozik nago. Aspaldi ikusteke nuen jende asko eta lagun asko ikusi ditut, eta haien harrerak emozionatu egin nau. Atzo bertan goizeko ordubatak aldera heldu nintzen etxera, eta ohera sartu beharrean hasi nintzen EGUNEROak ikusten eta ezin gelditu, guztiak irakurri arte.
Ikusita gauzak nola joan diren okerrenerako prest zineten.
Prest ez. Espero genuen. Kultur munduko pertsona batzuek, idatzi besterik ez dugunok egin, edo idazten dutenei lagundu, halako tratu bat jasotzea gauza larria eta neurriz kanpokoa da, eta bazirudien delitu izugarria egon zitekeela azpian. Guardia zibilen esku uste duzu izugarrizko larritasuna duen zerbait dagoela, eta iristen zarenean epailearen aurrera harrituta geratzen zara zer dagoen ikusita.
Operazioak EGUNKARIArekin lotura zuela ba al zenekien?
Bai, banekien, lehen egunetik. Atxilotu eta berehala Plazagunera ekarri ninduten, eta Egunkaria-ren aldameneko eraikuntzan nengoenez ikusi nituen guardia zibilak gora eta behera han. Atxiloketa autoan ere jartzen zuen ni atxilotu nindutela Egunkaria Sortzen eta Egunkaria S.A.ko kide izateagatik. Orduan antzematen duzu nondik nora doan kontua.
Galdeketetan zer antzeman zenuen?
Salaketarik handiena hau zen: Egunkaria atera dela kapital zabaltze batzuk eginez, inbertsioak egiteko edo aurrera egiteko dirua eskatu izan dela herrietan. Hauek ez zuten ulertzen horrela izan zitekeenik, eta ez zuten sinesten herrietatik hainbeste diru jasotzea. Uste zuten hori gezurra zela. Beraz, baten batek egon behar zuen atzean, eta hori ETA dela. Orduan galderak hauek ziren: diru hori zeinen bidez iristen zen, Egunkaria-n zein den ETAkide, zeini ematen zaizkion kontuak dirua hartu eta gero, eta halakoak… Gero ETAri aurkitu omen zizkioten paper batzuk ere aipatu zituen epaileak. Ez zuten dudarik Egunkaria ETAkoa dela.
Tortura, tratu txar eta salaketa gogorrak izan dira. Zurekiko tratua nolakoa izan da?
Nirekiko tratua zuzen samarra izan da. Ez naute jo, ez bultzatu, irain txiki batzuk egin dizkidate, baina besteen aldean ondo esan beharko.
Beste atxilotuekin harremana izan duzu. Zer jakin duzu?
Zaratak, hotsak, negarrak, irainak, tratu txarrak somatzen ziren, eta ikusten zen zelan etortzen ziren kide batzuk: arnas estuka, oker-oker eginda…
Martxelorekin kointziditu duzu inkomunikazio garaian. Nola ikusi duzu?
Berresten ditut Martxelok salatutako guztiak. Martxelok egia dio.Nik ez dut ikusi nola tratatu duten, beste norabait eramaten zutelako, baina ikusten nuen zelan etortzen zen gero: jota, oker eginda, gaizki. Martxelok sufritu du asko, eta hark bezalaxe, beste batzuek ere tratu txarrak jasan dituzte.
Kartzelatik atera ostean, pena geratuko zitzaizun barruan geratu direnengatik.
Pena eta amorrua, ikusita zer nolako salaketa dauden ulertezina da horrelako jende bat kartzelan egotea. Egunkari bat egiteagatik, Europan, kartzelan egon behar izatea amets gaiztoetan ere ezin liteke imajinatu.
Pello Zubiriaren batere berri izan zenuen?
Ez. Guk bagenekien norbait burukadak-eta ematen ibili zela, eta gaizki pasa zuela, eta hirugarren gauean desagertu egin zela. Izan zitekeen beste norbait, baina gutako batek kartzelan esan zuen Pello zela.
Noiz izan zenuen Egunero-ren berri?
Irten nintzenean. Beno, kartzelan beste preso euskaldun batek esan zigun kristoren mobilizazioak zeudela, eta Egunkaria-k jarraitu egiten zuela. Irten ostean ikusi egin nituen Egunero-ak, senideek gordeta zituztelako. Emozionatu nau sortu den indar horrek. Pasatzen dena da orain beste egunkari bat sortu behar dela. Beno, 1990ean hutsetik abiatzea zen. Orain ez. Gaur egun ehun lagun edo gehiago zaudete esperientzia handiarekin, eta talde sendoa dago. Ez dago egoitza, ordenadoreak… Kostako da geunden tokira iristea, baina ez hamairu urte. Orain askoz ere epe laburragoan helduko gara maila horretara. Ez dut dudarik.