Euskal Herritik kanpo kataluniarrak izan dira Egunkaria-ren itxieragatik protesta gehien egin dutenak. Guardia Zibilak Egunkaria-ren kontrako operazioa egin zuen egunean bertan Herrialde Katalanetako 23 elkartek manifestu bat sinatu zuten Egunkaria-ren itxiera adierazpen askatasunaren eta informazio eskubidearen kontrako eraso bat zela esanez. Hortik abiatuta, Egunkaria-ren aldeko kanpaina batean parte hartzeko prest leudeken guztiak batzar batera deitu zituzten otsailaren 26an, eta hortik sortu zen Plataforma per l’Egunkaria.
Ekitaldi andana antolatu ditu Herrialde Katalanetako 75 elkarte politiko, sozial, kultural eta sindikal batzen dituen plataforma horrek: protesta ekitaldiak, harreman instituzionalak, hitzaldiak, kontzentrazioak…. Baina guztien artetik bat nabarmentzen da: Sant Jordi egunean, apirilaren 23an, Egunkaria katalanez publikatu zuten. Egunkaria Endavant mantxetarekin 30.000 ale banatu zituzten.
Zeri buruz galdetzen zizuten?
Ia dena Egunkaria-ri buruz. Egunkaria-n omen zegoen ETAren ordezkariaren izena ematea nahi zuten. Esan nien nekiena esango niela, ez beraiek entzun nahi zutena: ez zegoela ETAren ordezkaririk, erabakiak geuk hartzen genituela, Egunkaria ezker abertzale ingurutik sortu arren irekia eta zabala zela… Joxemi Zumalabe eta Joseba Jaka aipatu nizkien, eta esan zuten hildakoak bakean uzteko, bizirik zeudenen izenak nahi zituztela. (more…)
Egunkaria-ren sorreran, 1990. urtean, funtsezkoak izan ziren Herri Batzordeak. Guztira 185 batzorde sortu ziren, 143 herritan. 3.000 lagun inguru aritu ziren euskarazko egunkaria kalean jartzeko dirua lortzen, egitasmoa ezagutarazten… Haien lanari esker lortu ziren Egunkaria argitaratzen hasteko ezinbestekoak ziren 300.000 euroak (orduko 50 milioi pezeta / 2 milioi libera).
Juan del Olmo Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak Egunkaria itxi eta berehala hasi ziren lanean Herri Batzordeak, guztiz beren kasa zenbait kasutan eta Egunkaria-ko lan taldeak berak bultzatuta beste hainbatetan. Sustraietara itzuli zen berriro ere proiektua. Aspaldi ikusi ez bezalako mugimendua eragin zuen herrietan Egunkaria-ren ixteak. Gasteiz, Baiona, Zarautz, Iruñea, Miarritze, Durango, Getxo, Tutera, Arrasate… Ezinezkoa litzateke hemen denak aipatzea; ekimena abiatu eta hilabetera, ehun herri batzorde baino gehiago ari ziren lanean. Funtsezkoa izan den lana egin dute herrietan: itxiera salatzeko mobilizazioak, Egunero-ren harpidetzak, material salmenta….