Nola izan zen atxiloketa?
Bakarrik nengoen gaueko 01:15 inguruan, lotan. Tinbre hots eta danbateko artean neronek ireki nuen atea. Guardia zibilak ziren. Etxea miatu eta eskuburdinez besoak bizkarrean Andoainera eraman ninduten, burua estalita. Handik Intxaurrondora, uste dut, eta handik Madrilera. Intxaurrondotik Madrilerako bidean hasi zen galdeketa, modu onean. Lagun giroa sortu nahi dizute eskuburdinez lotuta eta begiak estalita zoazela. Surrealista zen, zinera joango bagina bezala. Baina etengabe galderak. Nolakoa zaren ikertzen dute lauzpabost ordu horietan, zure erreakzioak, dena apuntatzen dute.
Laster komisariara sartu zintuzten. Nola izan zen hango tratua?
Hotz handia egiten zuen Guardia Zibilaren kalabozora sartu nindutenean. Forro polarra kendu zidaten, eta alkandora eta kamiseta besterik ez nituen. Eskerrak manta bat bazegoen. Hotza, destenplea, lorik eza… Haien hotsak, kolpe hotsak… Burrunda handia ateratzen zuten galdeketetan. Betiko jokoa da: ona eta gaiztoa, saria edo zigorra: “Zuk aukeratu!”. Hitz egitea da ordaina. Beldur zaitezen bilatzen dute. Hotz horrekin biluztarazi… Igogailua, flexioak, sugandilak, abdominalak, besoak altxata iraun… lehertu arte. Gorputzak ezetz esan arte. Orduan euren zalapartak. Ariketak egiten jarraitu behar duzu… Edo hitz egin deskantsatzeko. Belarrietan ere agujetak nituen bigarren saiorako. Ziztadak nituen bularrean, eta lesio bat eragin zidaten ezker oineko behatz potoloaren tentsorean (oraindik ez zait ondo jarri).
Poltsa ere egin zizuten, ezta?
Poltsarena probatu ondoren pistola buruan jarri eta klik tiro egin zidaten. Beste behin zigor gela ilunean infragorriak zituen tresna batekin apuntatu ninduten. Ipurtzulotik makila sartzeko keinu eta igurtziak… Elektrodoak ipintzeko mehatxuak… Martin Ugalde hil zela esan (a zer negarrak bota nituen!)… Zer esango dizuet: kolpeak egunkari itxi batekin, lur busti gainean bueltaka… Panpin bat zara munstroaren eskuetan, baina munstroak ezin du zure buruan sartu!
Guk horrelakoak pasa baldin baditugu, ez dut pentsatu ere egin nahi Joseba Arregi, Gurutze Iantzi edota Unai Romanok pasa dituztenak nolakoak izan diren. Euskal gazte mordo batek pasatzen dituztenak nolakoak diren.
Ziega ondoan kide bat burukadaka hasi zenean egin zitzaidan gogorren. Ez nuen orduan ezagutu, baina adore handiz egin zien aurre guardiei: “Utzi nazazue bakean”, eta “epailearengana eraman nazazue”, oihukatzen zuen.
Nolakoa izan zen zure deklarazioa epailearen aurrean?
Gau osoa Auzitegiko kalabozoetan eman nuen, bakarrik, hotzak. Loak hartzen, baina loak hartu ezinik eraman ninduten, goizeko 08:00ak inguruan, epailearengana. Del Olmo epailea, Olga Sanchez fiskala, ofizioko abokatua eta hiru idazkari. Galdera guztiek aurreiritzi eta tesi bat zuten aurretik: ETAk zuzentzen du Egunkaria, berak ipintzen du zuzendaria, berak finantzatzen du… Gogoa neukan esateko ETAk ez duela inoiz inor izendatu. Ez duela inoiz Egunkariarentzat dirurik ipini. Euskal herritar adoretsu eta ezberdinak izan garela gure izerdiz eta gure xoxez proiektua aurrera atera dugunak. Luze hitz egin nezakeen horretaz errugabetasun presuntzioa gordeko lidakeen epaile batekin, baina aldez aurretik zigortu nauen batekin… Etxea hustu… Egunkaria hustu eta itxi egin dizkidan batekin, zer hitz egin behar nuen? Galderei ez erantzutea erabaki nuen. Bukaeran esan nien Egunkaria txikia zela, baina oso egunkari ona dela, eta askotarikoa.
Eta handik kartzelara.
Sei egun munstroaren atzaparretan egon ondoren kartzela zerua da. Oleaga, Joan Mari, Txema, Martxelo, Luis, Inma, Fermin, Xabier… A zer aurpegiak genituen guztiek! Eta Pello? Elkarri galdezka, kezkatuta geunden guztiok. Bi egun geroago hirugarren modulura ekarri ninduten. Beste zazpi euskaldun daude modulu horretan. Gazteak gehienak, jende ona. Ijito, afrikar, hegoamerikar eta abarren ondoan, euskaldunak beti dabiltza ikasten, tailerrean lanean edota kirola egiten. Elkartasuna eta babesa eskaintzen dizute hasieratik. Hemen denok gara ETAkoak, funtzionarioek horrela idazten dute gure izenaren atzean… Nahiz eta inork ez duen oraindik epaiketarik izan.
Beteranoek kontatzen didatenez, egoerak txarrera egin du kartzela honetan azken hilabeteotan (urtebete): Bisek, paperek, egunkariek (lauzpabost egun atzeratuta), gutunek, komunikazioakÖ Pixkanaka-pixkanaka porlanezko munstro berri batean nagoela ohartzen naiz. Kartzela da niretzat, eta zigorra nire senide eta lagunentzat (Herenegun protesta egin genuen Balerdiren senideen heriotza zela-eta. Badaukagu lehendabiziko partea!). Gainerakoan, atsedena. Irakurtzen eta idazten ematen dut denbora, lagun berriak egiten: atrakatzaileak, droga-saltzaileak, hiltzaileakÖ Ohore bat da niretzat.
Zergatik itxi dute Egunkaria?
Epailearekin deklaratu ondoren suitzar bat, italiar bat, errumaniar bat eta espainiar bat ezagutu nituen Auzitegi Nazionaleko kalabozoetan. Euskaldunok zer nahi genuen galdetu zidaten suitzarrak eta italiarrak. Europan Italia edota Suitza bezalakoak izatea. Estatuak dauden bitartean estatu bat izatea. Bruselara zuzenean jotzea, Madril edo Paristik pasa gabe. Ezinezkoa dela erantzuten zidaten: “Zuek hori lortzen baduzue, galiziarrek, katalanek eta andaluziarrek ere gauza bera nahiko dute… Eta Espainia zer? Zer gertatuko da Espainiarekin?”. Suitzarrak zioen Suitza konfederazio bat dela, eta hizkuntza ezberdinak biltzen dituela bertan. Oso ondo, erantzuten nion, baina libre erabaki dute edo ez? Hori nahi dute, ezta? Zergatik euskaldunok ezin dugu gure oraina eta geroa erabaki? Espainiak eta Frantziak, bi demokraziak, nahi ez dutelako! Ikusten dute euskaltzaletasunak eta abertzaletasunak, nekez bada ere, aurrera egiten dutela. Euskara maite dute, baina sukaldean, museoan… Ez telebista edo egunkarietan; ez unibertsitate edo dantzalekuetan, ez modernitatean. Euskarak ezberdin egiten gaitu, eta hori ez dute nahi. Egunkaria ezinbesteko tresna da euskara normalizatzeko eta euskaldun komunitateari nortasun zeinuak eskaintzeko. Nortasun horren gainean -Euskal Herriaren osotasuna, gure kultura, historia-, eraikitzen da herri eta nazio proiektua. Eta ez da aldarrikapen huts bat, errealitatea baizik. Euskaldunok gure Euskal Herri horretan bizi gara. Hori da nahi ez dutena. Epaile espainiarrek badakite Egunkarian ez duela ETAk agintzen; ez duela hemen sekula ere dirurik ipiniÖ Baina bost axola zaie, kosturik gabe suntsi badezakete, zergatik ez dute suntsituko?
Itxieraren aurka eman den erantzuna zer iruditu zaizu?
Zirragarria gertatu zitzaidan Donostiako manifestazioaren berri izatea eta argazkiak ikustea. Mundu bat Egunkariaren alde. Bi egunetan bor-bor egin zuen Euskal Herriak. Ez nuen hainbeste eta hain azkar espero! Egunero ikusteak Egun-kariako langileekiko dudan iritzi ona bermatu zidan. Espero duzu jendeak erantzutea, baina halako poz eta harrotasun handia sentitu nituen esku artean Egunero hartu nuenean! Bat egin dut zabaldu dituzuen mezuekin. Konpromiso garaia da. Berotasun hau ez dugu apar hutsean utzi behar. Egiturak behar dituzte euskarazko komunikabideek, egitura sendoak. Eta horrek lana eskatzen du, dirua, irakurleak, erosleak, akziodunak, sustatzaileakÖ Irakurle, akziodun eta iragarleei diotsuet, erakunde publiko eta laguntzaile guztiei: giza talderik onena dugu! Merezi du haiengan konfiantza izateak.
Aurrera begira, zer?
Egunkaria atera behar dugu berriro. Eskualdekako Eguneroak jarri behar ditugu martxan etengabe. Horixe da bidea. Eta horregatik eman digute kolpe hau. Horregatik ekingo diogu berriz bideari! Erantzun guzti hauetan beste zerbait ere sumatu dut. Euskararen aldeko ez ezik, Euskal Herriaren aldeko gehiengo sozial bat politikoki artikulatu eta eraginkor bilaka daiteke. Ardura handia du euskalgintzak une honetan: euskarak nekez jasango ditu PP-PSE edota PSE-EAJ beste hogei urtez. Begira Ipar Euskal Herrira. Begira Nafarroara. Begira dezagun unean uneko diru laguntzetatik pixka bat harantzago.
Beste politika batzuk jarri behar dira indarrean. Euskararen aldeko erabaki irmoa ekarriko duen akordio politiko nahikoa osatu behar da. Esparru honek ez digu balio. Guardia Zibilak edota Auzitegi Nazionalak nahi duenean itxi dezakete hainbat urtez eta esfortzuz eraikitakoa. Burujabetasuna eta elejabetasuna behar ditugu, lehenbailehen. ELAk eta LABek beren esparruan bezala, ikastolek, AEK-k, BIGEk, Topaguneak eta EHEk lan handia dute arlo honetan. Kontseiluak egunotan frogatu duen gisan, aurrera lideratu beharko luke elkartasun hori, lotsa eta konplexurik gabe. Euskara ez badugu agenda politikoan sartzen, galduta gaude. Ez da nahikoa bizirautea, aurrera egin behar du euskarak esparru guztietan. Eta gure kasuan, komunikabideetan.
Eskuminak bidali nahi dizkiet nirekin batera atxilotutako guztiei. Inork ez genuen horrelakorik merezi. Denok beharko genuke kalean. Besarkada bana guztiei eta bereziki Pellori.
Nola ikusi duzu erantzuna Euskal Herritik kanpo?
Hilabete honetan Prodirekin egotekoak ginen MIDASeko gobernuburukoak. Espero dut MIDASetik kanpo ere WAN, Ifra, Munduko kazetarien elkarte eta horrelakoetan nabarmenduko dela adierazpen askatasuna eta hizkuntza askatasuna birrindu egin dituela Espainiako Estatuak… Nork babestu behar gaitu euskaldunak? Espainiar baldin bagara, nola liteke Espainiak birrintzea berea den zerbait? Nola utzi dezake Europak bere ondare bizi garrantzizkoena horrela birrintzen? “Zer bero behar du euskaldun odolak irakiten hasteko?”, zioen Sarrik Herrera de la Mantxan idatzitako poemetan duela kasik 20 urte. Bada garaia handiaren beldurrez beti men egiteari uko egiten hasteko. Zuhurtzia eta ardura behar dira erakundeetan agintzeko, baina Espainiari eta Correo taldeari beti men egitea ez da zuhurra ez arduratsua. Operazio honekin erakutsi digute hurrengoa Euskaltzaindia edota Eusko Jaurlaritza bera izan daitezkeela. Hori da beldurra sartzeko mezua. Zuhurra hori gainditzea da. Gure erakundeek Espainiak nahi duena egiten badute, espainiarrago bilakatuko gaituzte. Gure erakundeak ez dira horretarako. Gure gizartean elkarbizikidetza normalizatu nahi bada gure erakundeak adostasun politiko aski bat bilatu behar dute eta garbi dago estatutua ez dela nahikoa. Autodeterminazio eskubidea eta hizkuntzaren aldeko erabaki irmo aski bat behar-beharrezkoak dira elkarbizikidetza horretarako. Kontua ez da elkarbizitza horren izenean euskaldunok isildu eta arazorik ez sortzea, kontua beste bat da, euskal herritar orok euskararekiko dituen betebeharrak betetzea, nahiz eta oraindik ez izan legezkoak… Oraindik!
torturaren isiltzea ekiden behar da ahal den azkarren, zeren krimen horrekin herritarrak beldurtzen ditu espainiako gobernuak , tortura isilduz denori berriro gerta dakigula eta etzaiola pasatzen aplikatzen duen, espainiako gobernuari.
espainiako gobernua bai franko bai pp bai psoe ikara diote berak egin dituzten krimena GC bitartez herriari azaltzeari eta hori egin ezkero nahiko despresstiatua gerako litzake mnazio artean zeren hauek urrutiko torturasz itzegiten dute eta berak egindako isildu, bai intxaurrondon egindakooak bai lasabe edo beste edozein zGC ziegetan horrek zekulako baldurra ematen diote biktimatzat dute bere buruajartzen baino berdugoak dira guretzat bern torturak eta erahilketak jasan bahar ditugulako
Comment by ionek — 2009(UTC)k2009 maiatzaMon, 11 May 2009 10:19:03 +0000UTC5 11(am) @ 10:19