Komisaldegian igarotako bost egunen testigantza latza eskaini zion Luis Goiak EGUNERO egunkariari otsailaren 27an. Luis Goia Egunkaria-ko Administrazio Kontseiluko kidea izan zen. Lekukotasun pausatua eta luzearen pasarte bat da hau.
Komisaldegi barruko tratua, nolakoa izan da, zure kasuan?
Ni ez naute jo, baina torturaren lekuko zuzena izan naiz. Zelda barruan, paretaren kontra jartzeko agintzen ziguten, eta ateko leihotxotik begiratzen ziguten ea agindutakoa betetzen genuen. Ondoko ziegan, oihuak, kolpeak eta oinaze kexuak entzuten nituen. «Ez al diat esan paretaren kontra egoteko», eta joka hasten zitzaizkion, «akabatu egingo haut», «akabatu egingo haut». «Zer, gustatu egiten zaik?» eta joka jarraitzen zuten; «zer, ez diat paretaren kontra egoteko esan?», berriro eta halako batean «baietz» erantzuten zuen ahots errukarriz eta uzten zuten. Baina handik lasterrera berriro joko bera… Ziega barrukoak «kabroiak, kabroiak, putasemeak….» oihukatzen zuen, eta poliziak esaten zion «ez al dizut esan paretaren kontra egoteko»; elkar entzungo ez balute bezala ari ziren. Poliziak kolpeka jarraitzen zuen: iruditzen zait iletik tiraka burua paretaren kontra kolpatzen ziotela. Pello Zubiriaren ahotsa ezagutu nuen. «Hil nazazue behingoz, barrabilik baduzue» esaten ere entzun nion. Hunkigarria zen, latza benetan. Haietako batean, ziegan inguruan zalaparta handia nabaritu nuen, jendea eta hizketa hotsa, eta gero isiltasuna. Jada ez nuen oihu gehiagorik entzun. Pentsatzen dut norabait eraman zutela.
Noiz ikusi ahal izan zenituen beste atxilotuak?
Madrilera eraman eta ziegan sartu nindutenean, berehala konturatu nintzen beste batzuk ere bazirela; neure artean pentsatzen jarri nintzen zein izan zitezkeen, baina atera ginen egunera arte ez nuen inor ikusi. Bi egunetan beste pertsona batekin egon naiz ziegan, bat paretaren alde batera begira eta bestea, beste aldera begira. Ezin genuen begirik ireki, ezin genuen elkarrekin hitz egin, ni ez nintzen ausartzen ahopeka ezer esatera eta bera ere ez. Esponjazko koltxoi txiki horietako batean egiten genuen lo, hankak sartzen ez zitzaizkigula, oso modu txarrean, bata bestea nor zen jakin gabe.Gero jakin dut Fermin Lazkano eta Xabier Alegria zirela beste biak. Asteartean hitz egin ahal izan genuen ia denok elkarrekin, Soto del Realean, eta batak eta besteak esandakoarekin joan gara pelikula osatzen. Joan Mari Torrealdaik esan zigun galdeketa bat kantzontzilotan egin ziotela, burua estalita eta polizia batek erregela batekin barrabiletan jotzen ziola. Aurpegi oso abaildua zuen Torrealdaik, tortura handiak jasan dituela uste dut. Une batean poliziei aurre egitea pasa omen zitzaion burutik, autolesionatzea nolabait, amesgaizto harekin amaitzeko.
Noiz hitz egin ahal izan zenuten elkarrekin?
Martxelorekin astearte goizean egon nintzen, Auzitegiko ziegetan. Besteekin arratsaldean, espetxean. Iñaki Uria eta Xabier Oleaga aparte eduki izan dituzte beti. Asteartean, espetxera eraman gintuztenean, momentu batean ikusi ahal izan genituen, aurpegi oso txarra zuten, torturatuak izan diren seinale, baina ezin izan genuen eurekin hitz egin. Hitz egin dugunon artean, badakit Martxelori poltsa jarri diotela bi aldiz, larrugorritan ibiliarazi dutela… Xabier Alegriari ere poltsa jarri diotela. Fermin Lazkano jo, ez dutela jo uste dut, baina tortura psikologikoa bai pairatu duela: anaia bat kartzelan dauka eta egun hartan bertan semea bisitan joatekoa zitzaion; bada, semea errepidean geratzerik nahi ez bazuen hitz egiteko esaten zioten.