Euskaldunon askatasunaren alde

2008, otsailak 20

Iñaki Uriaren iritzi artikulua [ BERRIA, 2008-02-20 ]

Otsailak 20. Hamar lagun atxilotu, 21 etxe eta egoitza miatu, bost egunez tratu txarrak eta torturak jasan beharra, sei lagun kartzelara… Urriak 16. Beste 8 atxiloketa, inkomunikazioak, miaketak… eta sortzea hainbeste kosta zitzaiguna, Euskaldunon Egunkaria, egun batetik bestera betiko itxita.

Acebes: «Se trata de una operación en defensa y protección de los derechos y de las libertades de los vascos, de su cultura, de su pensamiento, y de la expresión de su lengua en libertad».
Euskaldunok, ordea, ez genuen horrela ulertu. Beldurra, haserrea eta inpotentzia ziren Aranjuezeko kartzelako erretirotik nabarmentzen nituen euskaldunon sentimenduak.
Espainiako estatu botereen inpunitatearen aurrean ordea, erabateko garrantzia izan zuen Donostian, Egunkaria itxi eta berehala, antolatutako manifestazioak. Egunkaria aurrera! izan zen jendearen oihua, eta seguruen lortu zuen «hurrena zein?», euskalgintzan zabaldutako galdera mamuari, eta iragarritako beste zenbait polizia operaziori frenoa jartzea. Erantzuna ez zen, gainera, manifestazio batean gelditu. Jendearen aupadarekin batera, jakin zen Berria eta Hitza moduko proiektu berriei arnasa ematen.
Espainiako estatu terrorismoaren biktima izan ginen Egunkaria bera eta horren itxieraren ondorioz atxilotutako lagunak. Munduan zegoen euskarazko egunkari bakarra ixteko erreparorik ez zuten izan. Europako hizkuntzarik zaharrenaren gordari den komunitatearen aurka atentatzeko kezkarik ez zuten izan. Adierazpen askatasuna, informazio eskubidea, giza eskubide guztiak urratzeko lotsarik ere ez.
Acebes: «Se trata de una operación en defensa y protección de los derechos y de las libertades de los vascos, de su cultura, de su pensamiento, y de la expresión de su lengua en libertad».
Urtez urte, egunez egun, euskal prentsak egindako aurrerapenik handiena, Euskaldunon Egunkaria, bere txikitasunean garrantzitsu bihurtu zen Espainiako estatuarentzat. Euskaldunon Egunkaria Nazioa zen bere txikian. Independentea bere handian. Euskaltzalea, baterakoia eta zabala. Ezinezko zirudiena lortu zuen: irakurleak eta iragarleak erakartzea euskal prentsara. Berezkoa zuen beste egunkari handi askok faltan dutena: sinesgarritasuna. Eta, bistan dena, Egunkaria itxi zutenean sortu zenean baino babes instituzional handiagoa izan zuen. 13 urteko ibilbide neketsuak hori ere ekarri baitzion.
Acebes: «Se trata de una operación en defensa y protección de los derechos y de las libertades de los vascos, de su cultura, de su pensamiento, y de la expresión de su lengua en libertad».
Instrukzio epailearen, polizia txosten eta akusazioaren tesiak irakurri ondoren ohartu gara euskarari eta euskalgintzari ematen dioten garrantziaz. Argigarria da hurrengo paragrafoa: «el Parque (Martin Ugaldez ari da) puede haber sido creado con la finalidad de acoger a uno de los órganos (Egunkaria) encargados de alcanzar uno de los objetivos considerados básicos, para conseguir el obietivo último de E.T.A. como es la expansión del euskera y su expansión y utilización en exclusiva en la Comunidad Autónoma Vasca, Navarra y País vasco francés, eliminando el uso del castellano, consiguiendo así, crear artificialmente, mediante el uso de una lengua y una cultura, materializar una conciencia de ‘Pueblo diferenciado del resto que les rodea y por consiguiente un sentimiento de independencia, el cual sería aprovechado por E.T.A. para la instauración de su Estado Vasco Socialista Reunificado y Euskaldun».
ETAk garrantzi estrategikoa eskaintzen dionez euskarari, euskararen alde aritzea arriskutsu bihurtu dute polizia, Auzitegi Nazionaleko epaile eta Espainiako estatuko alderdi nagusiek. Ikastoletan, unibertsitatean, zientzian, lan munduan edota komunikabideetan euskaraz arrunt funtzionatzea ariketa kriminala gerta daiteke, ETAren helburuekin bat egiten baitu. Nahikoa dira ondoren «paper zahar batzuk» honelako prozesu batean kateatuta geratzeko. Nahikoa da Dignidad y Justicia eta AVT gisako elkarte pare batek nahi izatea bi epaiketa jasan eta 40 urte bitarteko kartzela zigorren zama pairatu behar izateko 12 lagunek.
Acebes: «Se trata de una operación en defensa y protección de los derechos y de las libertades de los vascos, de su cultura, de su pensamiento, y de la expresión de su lengua en libertad».
Bost urte geroago ere nahikoa da Auzitegi Nazionaleko epaile bat, eta horrek nahi izatea, egunkari bat, alderdi politiko bat edota euskal herritarrek sortutako herri erakunde bat itxi ahal izateko. Horixe dugu konpongaia. Horregatik, euskaraz jardun eta euskarari biztanleak, lurra, uhinak eta Internet irabaztearekin bat, euskaldunon askatasuna eta euskal herritarron demokrazia antolatu eta babestu beharra daukagu.
Euskaldunon askatasunaren alde.

Iruzkin 1 »

  1. HAMABI AUZIPETU HORIEN AKUSAZIOAK ETA AKUSAZIOAREN FROGAK BANAN BANAN AURKEZTEA POSIBLE AL DA? (“SECRETO DE SUMARIO” EZ BADAGO, NOSKI)

    Comment by NI NEU — 2008(UTC)k2008 otsailaWed, 20 Feb 2008 11:09:15 +0000UTC2 20(am) @ 11:09

RSS feed for comments on this post. | TrackBack URI

Leave a comment

(XHTML etiketa hauek erabil ditzakezu): <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong> .

; ?>