Mugez haragoko hedabideetan ere albiste

2010, urtarrilak 12

Egunkaria-ren aurkako epaiketa oihartzun handia izaten ari da Euskal Herriko mugetatik kanpo ere. Gertuko lurraldeetatik harago, AEBetan, Alemanian, Suitzan, Lituanian eta Laponian ere albiste da auzia.

Albisteek ez dute mugarik ezagutzen. Eta albisteek bezalaxe, elkartasunak ere muga geografiko guztiak gainditu ohi ditu. Hala ari da izaten Egunkaria auzian. 2003an Euskaldunon Egunkaria itxi zutenean gertatu bezala, 2009. urtearen amaieran eta 2010aren hastapenetan ere, Egunkaria-ren epaiketaren hasiera medio, oihartzun handia izaten ari da gaia Europan nahiz mundu zabalean.

Euskal Herritik urrun, Norvegia iparraldean, samien artean Egunkaria auziaren berri izaten ari dira egunotan. Abenduaren 19an Bilbon Egunkaria libre! lelopean eginiko manifestazioaren berri irakur daiteke Nrk irrati samiaren webgunean. Norvegian indigenen eskubideen alde diharduen Galdu elkartearen webgunean ere Egunkaria-ri buruzko erreportajea irakurgai da.

Alemaniako hainbat hedabide ere ari dira Egunkaria auziaren berri ematen. Info-Baskenland, Euskal Herriaren Lagunak taldea, esaterako, Euskaldunon Egunkaria-ri buruzko jarraipena egiten ari da. Neues Deutschland egunkariaren webgunean, aldiz, Txema Auzmendi auzipetuari eginiko elkarrizketa irakurtzeko aukera du bisitariak.

Antzera dihardu Suitzako mendebaldeko Romandia eskualdeko Romandie News webguneak ere. Ez da Suitzan Egunkaria auzia jarraitzen ari den hedabide bakarra. Izan ere, Le Courrier eguneroko suitzarrak Egunkaria itxi zutenetik gaur egunera arteko bidearen berri eman du orain gutxi. Kazeta horrek dioenez, Egunkaria-ren itxiera «Espainiako gizartearen desbideratze antiterroristaren kasu enblematikoa da».

Frantzian, Le Grand Soir «informazio alternatiboaren kazeta militantea» ere Egunkaria-ren aurkako prozedura jarraitzen ari da. Hala, epaiketa hasi berritan Martxelo Otamendi auzipetuari eginiko elkarrizketa argitaratu zuen.

Lituanian polonieraz argitaratzen den egunkari nagusia, Kurier Wilénski, eta Italiako Trentino eskualdean (Tirol hegoaldea) alemanez aritzen den www.stol.it webguneak ere eman dute Egunkaria-ren aurkako epaiketaren berri.

Eta Europako mugetatik kanpo zer? AEBetako Idaho estatura nahiz Mexikora joanez gero Egunkaria-ren berri izan dezake edonork. Esanguratsua da IdahoStatesman egunkarian -albiste moduan nahiz editorial gisara- Euskaldunon Egunkaria-ri buruz eta Martxelo Otamendiri buruz zer agertzen den. Bertan, Otamendik Idahorekin duen lotura nabarmentzen dute.

Egunkaria-ko auzipetuek egindako tortura eta tratu txar salaketak ere hizpide izan ditu Mexikoko La Jornada egunkariak. Epaiketaren hasierarekin bat, epaiketa saioaren berri eman eta auzipetuek torturak salatu zituztela dio.

Hurbilean ere babesa nagusi

Euskal Herriko mugetatik hurbilago, Herrialde Katalanetako egunkari ugarik erakutsi dute Egunkaria auziarekiko interesa, baita elkartasuna ere. Adierazgarriak dira oso El Punt, El Segre eta Vilaweb-en plazaratutako editorialak. Honela dio, esaterako, Vilaweb atariko zuzendari Vicent Partalek idatziriko editorialak: «Nork konpentsatuko ditu torturak? Nork konpentsatuko du Egunkaria-ko langileek egin behar izan duten ahalegina?». Guztiek salatu dute ahobatez Egunkaria auzia. Are gehiago, Vilaweb Interneteko atariak Egunkaria lliure! bloga sortu du, auziaren inguruko gaiak jorratzeko. Avui egunkariak ere gaia ere landu du, besteak beste, Otamendiri elkarrizketa eginda.

Espainiako hedabideei dagokienez, esanguratsua da Público egunkariak Euskaldunon Egunkaria-ren inguruan idatzitakoa. Epaiketaren hasieraren bezperan, «Egunkaria, fiskalaren aurkakotasuna duen epaiketa» izenburupean zabal eman zuen kasuaren berri Público-k. Bertan euskal gizartean sorturiko egonezinaz gain, fiskalak auzia artxibatzeko egindako eskaera eta auzipetuek ezarritako tortura salaketen egoera aipatzen dira.

Egunkaria auziaren hasieran gertatu bezala, beraz, Egunkaria-rekiko elkartasuna munduko hainbat txokotatik ari da iristen. Salaketa eta babes hitz zehatzekin hainbatetan, zeharkako aipamen eta artikuluekin besteetan. Edonola ere, albiste da Egunkaria-ren aurkako epaiketa, eta oihartzunaren oihartzuna mundu osora ari da zabaltzen.

Iruzkinik ez »

No comments yet.

RSS feed for comments on this post. | TrackBack URI

Leave a comment

(XHTML etiketa hauek erabil ditzakezu): <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong> .

; ?>