Amesgaiztoa ez da amaitu

2013, otsailak 20

(‘Egunkaria’ itxi zutela 10 urte. ‘Berria’-ren artikulu sorta). Egunkaria itxi eta zortzi hilabetera, bigarren operazioa diseinatu zuten Espainiako Auzitegi Nazionaleko Juan del Olmo epaileak eta Guardia Zibilak. Haren ondorio da oraindik irekita dagoen auzi ekonomikoa.

auzi20.jpg

«Ez gaituzte jo, ez gaituzte jo». 2003ko urriaren 20an, Espainiako Auzitegi Nazionaleko sarreraraino iritsi ziren atxilotuen lehen hitzak, han itxaroten zeuden senide, lagun eta abokatuentzat lasaigarri. «Oso ondo daude, aurpegi ona dute», berretsi zien idazkari judizialak, inork ezer galdetu gabe, azalpenak ematera behartuta eta ohituta egongo balitz bezala. Hurrengo egunean utzi zituzten aske zortziak. Lehenengo polizia operazioan ez bezala, galdeketetan ez zuten tratu txar fisikorik jasan, baina inkomunikatuta egindako bost egunen nekea nabari zitzaien aurpegian.

2003ko urriaren 16an izan zen, lehen operazioa izan eta zortzi hilabetera. Espainiako Auzitegi Nazionala eta Guardia Zibila ez ziren gogobete Euskaldunon Egunkaria itxi eta hamar lagun atxilotuta, eta bigarren operazioa diseinatu zuten. Egunkaria-ren proiektuarekin eta Andoaingo Martin Ugalde kultur parkearekin loturiko zortzi lagun atxilotu zituzten, berriz ere, Juan del Olmo epailearen oniritziarekin: Mikel Arrizabalaga, Xabier Legarra, Mikel Sorozabal, Joxe Mari Sors, Mikel Azkune, Joanmari Larrarte, Amando Hernandez eta Angel Diez.

Atxiloketa horietan du jatorria Egunkaria-ren auzi ekonomikoa deiturikoak. Kazetarekin zerikusia zuten enpresen finantzaketa ikertzeko agindu zuen epaileak. Hark, Guardia Zibilaren txostenetan oinarrituta, frogatu nahi zuen enpresa horiek diru etekinak ezkutatzen zituztela diru laguntzak jasotzeko, eta, enpresa horietako batzuek irabaziak ezkutatzen zituztela gero ETAri emateko. Egunkaria erakunde armatuarekin lotzeko beste saio bat egin zuten, modu horretan, zortzi hilabete lehenago egindakoari segida emanez.

Lehen polizia operazioak, —Egunkaria ixtea, tortura salaketa gogorrak eta espetxealdi luzeak ekarri zituen— memorian arrasto sakona utzi du, baina bigarrena da gainditu gabe dagoena. Auzi horretan, gainera, zigor eskariak beste auzian baino askoz handiagoak dira —denera, 128 urteko espetxe zigorra eta 221 milioi euroko isuna—. Ia hamar urte igaro dira ordutik, eta zortzi lagun daude auzipetuta sumario horretan: operazio hartan atxilotutako Joxe Mari Sors eta Mikel Sorozabal, lehen operazioan atxilotutako Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria eta Txema Auzmendi, eta gerora auzipetutako Fernando Furundarena, Ainhoa Albisu eta Begoña Zubeltzu. Donostian epaituko dituzte zortziak, Gipuzkoako Probintzia Auzitegiaren eskuetan baitago sumarioa, Auzitegi Nazionala auzitik inhibitu ostean. Zerga iruzurra egitea, diru kontuak faltsutzea eta diru laguntzen iruzurra egitea leporatzen diete. Fiskaltza da akusazio bakarra.

Auzi nagusian bezala, Dignidad y Justicia elkarteak egindako zigor eskaerara partzialki atxiki zitzaion bere garaian fiskaltza, salaketa propioa landu gabe. Denera, 128 urteko espetxe zigorra eta 221 milioi euroko isuna eskatu zuen. Hemezortzina urte eta 31 milioi euro Albisuri, Uriari, Auzmendiri, Sorsi eta Torrealdairi, eta hamahiruna urte pasa eta 25 edo 21 milioi euro, hurrenez hurren, Sorozabali eta Furundarenari. Donostiako fiskalak orduan egindako akusazioak eta zigor eskaerak erretiratu ez dituenez, auzia epaiketarako bidean da, eta noiz hasi erabaki beharko luke laster auzitegiak.

Hamar urte pasatu dira, eta amesgaiztoa ez da amaitu. Urte horietan guztietan, baldintza berezietan bizi behar izan dute auzipetuek eta euren senideek; aske daude guztiak; horietako batzuk baldintzapean, ondasunak bahituta eta kontu korronteak blokeatuta. Astuna eta luzea izaten ari da auzia, eta sufrimendua amaitzeko desiratzen daude.

Ez dute inoiz ahaztuko, halere, duela hamar urte gertatua. Ohiko indar erakustaldiaren eta ohiko miaketekin ekin zioten bigarren operazioari. Berrehun polizia inguruk parte hartu zuten zortzi lagun atxilotzeko. Armatuta, aurpegiak estalita eta ate-joka sartu ziren etxeetan, Guardia Zibila zela oihukatuz. Atea zabaldu zietenei fokuak jarri zizkieten aurpegian, eta armak parean. Etxeko guztiak bortxaz esnarazi. Atxilotuak eta haien senideak banatu. Miaketetan, paperak eta, zenbait kasutan, ordenagailuak ere eraman zituzten, baita atxilotuenak ez ziren gauzak ere, urteetako oroitzapen eta lanak biltzen zituztenak, euskaraz idatzitakoak, bereziki. Senideak agurtzen utzi bai, baina nora eramango zituzten argitu gabe atera zituzten etxetik.

Martin Ugalde parkean, lau atxiloturen lan bulegoak ere miatu zituzten, baita Donostian Zabaltzen enpresaren egoitza eta Villatuertan Graficas Lizarraren egoitza ere. Zazpi ordu iraun zuten miaketek. Eta handik Madrilgo polizia etxera. Inkomunikatuta. Galdekatzera. Idazkari judizialak ere ezin izan zien senideei ziurtatu ondorengo ordu eta egunetan zer gertatutako zen. Orduak pasatu ahala, zalantzak eta beldurrak areagotu egin ziren. Zortzi hilabete lehenago gertatutakoa ezin zuten burutik kendu. Tortura eta tratu txarren mamua, berriz ere airean.

Bigarren operazio horrek erantzun zabala eragin zuen askotariko eragile eta herritarren artean. Atxiloketak izan eta bi egunera —atxilotuak inkomunikatuta zeudela—, Kontseiluak deituta, milaka herritar batu ziren Gora Euskal Herria euskalduna. Bai euskarari lelopean Donostian eginiko manifestazioan. Lehen operazioak eragindako zauriak irekita jarraitzen zuen —espetxean jarraitzen zuten, gainera, orduan atxilotutako Iñaki Uria, Xabier Oleaga eta Iñaki Alegriak —, eta orduko esperientziak manifestarien ezinegona areagotu zuen.

Iritsi zen epailearen aurretik pasatzeko eguna. Eta Eneko Etxeberria abokatua ere atxilotzeko agindu zuen epaileak, haren bezeroak defendatzeko asmoz auzitegian bertan zegoenean. Atxilotu eta inkomunikatu egin zuten abokatua. Atxilotu guztiak epailearen aurretik pasatu, eta hurrengo egunean utzi zuten aske Etxeberria.

Zigortu, kosta ahala kosta

«Al Capone ez zuten inoiz zigortu hilketagatik, baizik eta delitu fiskalengatik. Ez dut egin nahi erkaketarik, baina saiatuko gara». Auzi nagusiko absoluzio epaia jakin berritan esan zituen hitzok Daniel Porterok, auzi nagusian eta auzi ekonomikoan herri akusazio gisa aurkeztu zen Dignidad y Justicia elkarteko bozeramaileak. Auzi ekonomikoa ere Auzitegi Nazionalean epaitzea nahi zuen Porterok, baina Jose Maria Vazquez Honrubia Auzitegi Nazionaleko zigor arloko epaileak auzi ekonomikoaren eskumenari uko egitea erabaki zuen, eta Gipuzkoako Probintzia Auzitegira igorri zuen auzia, 2010eko maiatzaren 5ean, auzi nagusiko epaia irmo bihurtu eta hurrengo egunean.

Euskarazko kazetaren itxiera kasuko absoluzio epaiaren ondorioz, Vazquez Honrubiak ebatzi zuen auzian «delitu terroristaren» zantzurik ez zegoela —Egunkaria eta ETAren arteko loturarik ez zegoela—, eta auzi ekonomikoan legokeen delitu bakarra ustezko iruzur fiskala litzatekeela, «ohiko delitua». Espainiako Auzitegi Nazionalean zazpi urtez igaro ondoren, sumarioa Gipuzkoako Probintzia Auzitegiaren eskuetan utzi zuen epaileak, auzia hutsetik hastera behartuz.

Porterok, halere, ez zuen etsi, eta AVTk ez bezala, auzi berrian ere herri akusazio gisa aurkeztea erabaki zuen. Kosta ahala kosta zigortu nahi zuen Egunkaria. Gipuzkoako Probintzia Auzitegiak, baina, auzitik kanpo utzi zuen elkartea, iazko abenduan. Beraz, herri akusaziorik gabe egingo da epaiketa, fiskaltzaren akusazio bakarrarekin.

Auzitegiak adierazi zuen elkarte horrek «zilegitasunik ez» zuela auzian parte hartzeko. Argudiatu zuen «terrorismoarekin» lotutako delituen kasuan soilik aritzeko helburua duela Dignidad y Justiciak, eta Egunkaria-ko auzi ekonomikoak ez duela horrekin zerikusirik, elkartearen interesetatik kanpo gelditzen dela, ustezko delituak ez diola zuzenean eragiten. Horixe bera azaldu zuen Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak auzia Gipuzkoara bidaltzea erabaki zuenean. Epaileak nabarmendu zuen herri akusazioak ere ez zuela lotu, ezta zantzuekin ere, balizko iruzur fiskala ETA finantzatzeko asmoarekin.

Auzipetuek pozik hartu zuen auzia Gipuzkoara igortzeko erabakia, eta Joan Mari Torrealdaik Daniel Porterori erantzuteko baliatu zuen aukera: «Kasu honetan, mafiakideak izatea egozten digute, baina frogatuko dugu hori ere gezurra dela».

Elkartasun mezuak eta esandakoak

Argazkian, Euskaldunon Egunkaria-ren auzi ekonomikoan auzipetuak, Martin Ugalde kultur parkean iaz eginiko agerraldian

Iruzkinik ez »

No comments yet.

RSS feed for comments on this post. | TrackBack URI

Leave a comment

(XHTML etiketa hauek erabil ditzakezu): <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong> .

; ?>