Komunitate bat bere buruari

2017, otsailak 21

Irene Arrarats Lizeaga (BERRIAko Euskara, arduraduna)

Euskal komunikabide batzuk irismena deitu zaion eskasbidean jarri baino 11 urte lehenago itxi zuten Euskaldunon Egunkaria, hamaika lan eginak zituela, beste hamaika egiteko beti bezain prest eta inoiz baino prestatuago zegoela. Euskaldunon eta, beraz, euskararen plaza hark 3.789 zenbaki atera zituen hutsetik, proiektua sostengatu zuten guztiei esker; bereziki, eguneroko prentsarako bidea zelaitu zuten aitzindariei esker, Argia buru. Egunkaria-k eguneroko probaleku bat eman zien euskaldunei eta euskarari, jakiteko baziren edo ez ziren, eta esan ahal izateko, Etxeparerekin batera, engainatu zirela euskarazko egunkaria egitea ezinezkotzat zeukatenak. Probalekua, frogaleku bihurturik.

Zaila ez baita ezina. Esperientzia zutenek handiegia izan eskarmentua, nonbait, eta periodikoa edo kazeta euskaraz irakurtzen ohitu gabekoentzat nork idatziko, eta orduantxe hasiriko talde gogotsu baina berde batek, lehendik arituriko gutxi batzuen arrastoan —denak ezin aipatu, baina bat ezin aipatu gabe utzi: Joxemi Zumalabe—. Eta panorama biribiltzeko, askotariko irakurleak —alfabetatu gabeko euskaldun zaharrak, euskara ikasten ari zirenak…—, askotariko hizkerak —ipar eta hego, mendebal eta ekialde— eta denetariko gaiak, euskaraz inoiz idatziz landu gabeak asko eta asko: erraza izan da beti bertsoez eta pilotaz jardutea —eta, erraza ez ezik, bertan goxo egiteko modu bat ere bai, gai seriosak beti erdara batuan lantzen baldin badira—, baina beste kontu bat da, oso bestelakoa, zergez aritzea, edo zuzenbideaz, edo genetikaz, edo Ukrainaz… Estandarizazioaren bidea luzea eta malkartsua izan da eta da: aurrera egin dugu, bai, edozein harritzeko bezainbeste, baina galdetu zeure buruari nola esaten den euskaraz, demagun, con premeditación y alevosía / avec préméditation / un guet-apens, eta nola ikasi duzun hori erdaraz, hain aise, konturatu ere egin gabe ikasten ari zinela… Tokitan dugu hori oraindik, eta goiko euskaraz nola esaten den horretan dago koska: esaten ote da, bada… Ez gara hain onak, egia da, baina Egunkaria-k plaza eman zigun esan genezan eta, beraz, hobeak izan gintezen.

Esan eta esan, eta errepika, eta errepika, eta errepika: komunikabideak dira, beste zenbait alorrekin batera, euskal hitzek, euskal esamoldeek eta bere luze-zabalean edo labur-estuan euskal kulturak behar duten eta Bernardo Atxagak behin baino gehiagotan aipatu izan duen erresonantzia-kaxa. Horretantxe jardun zuen Egunkaria-k, bere txikian handi, ez behar adina hiztegirik, ez kontsultak egiteko Internetik ez zegoela, agrafoa izateko fama duen herri batean, eta, Luis Villasanteren hitzetan esateko, «prosa egiteko moldea ongi finkatua eta trenpatua» egotea ametsa zen garai batean. Erresonantzia edo dardar bizi horien adibide guztiz kazetaritzako bat: hango eta hemengo euskal komunikabideetako lankideek euskarazko berri-agentzia ere bihurtu zuten Egunkaria, hura sendotuz joan ahala. Gainera, hainbat eta hainbat profesionalen haztegi oparoa izan zen: zenbat kazetarik, diseinatzailek, itzultzailek, argazkilarik, irakaslek eta bestek ikasi ote zituzten han ofizioko hasi-masiak, ikasteko makina bihurturiko lantegi hartan.

Euskal komunikazio-esparrua gogoetagai den honetan, Egunkaria-k komunitate baten erreferentzia-esparrua argitu zuen, euskara ardatz eta Euskal Herria erdigune. Lehenik eta behin, Euskal Herria, Euskadi, Euzkadi, Hego Euskal Herria, Ipar Euskal Herria, euskaldun eta euskal herritar terminoen erabilera finkatu zuen bere estilo liburuan eta bere eguneroko jardunean —Euskaltzaindiak 2004ko arau batean Euskal Herria terminoari emaniko argibideak bat datoz guztiz Egunkaria-ren jokabidearekin; ezin bestela izan—. Euskal Herritik mundura eta munduan barrena, beraz, bitartekaririk gabe. Koldo Mitxelenak Txillardegiri buruz esan zuena bete nahian: «[ez baita] inoren oihartzun, ez baita besteren ahoz ari, bere baitaren baitatik baizik». Eta, horretarako ezinbestekoa baita, ikuspegi nazionalaz eginiko estandar bat proposatu zuen, txokokeriarik gabea baina iturri guztietatik edango zuena, Euskal Herri guztirako nahi eta. Bere on-gaitz guztietan, bere komunitatearen ispilu.

Azken batean, horixe da egunkari on bat, bere buruari mintzo zaion komunitate bat, Arthur Millerrek esan zuen bezala. Horregatik, ispiluaz bestaldean, Egunkaria-k eman ziguna bezain garrantzizkoa da eskatu ziguna: hala nola euskaldun oso izatea, alde batera utzirik euskaldun zaharren, berrien edo zaharberrituen polemika antzuak; eskuzabal jokatzea, norberaren euskara ez ezik besteena ere ulertzeko, eta nor bere hizkeran, eta berean bakarrik, bertan goxo ez gelditzeko; jakin-mina izatea, irakurtzeko ohitura aldatzeak eskatzen duen ahalegina egiteko eta munduari geure begiz begiratzeko; euskal kultura erdigunean jartzea, egunero, noizean behingo lore-jokoekin konformatu gabe…

Eman eta eskatu… itxia izan arte, ezen ez isildua. Azala eta mamia izanez gero, gerokoa ere bai baita irismena.

Iruzkinik ez »

No comments yet.

RSS feed for comments on this post. | TrackBack URI

Leave a comment

(XHTML etiketa hauek erabil ditzakezu): <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong> .

; ?>