Atea ezin itxi

2013, otsailak 14

Lorea Agirre

(‘Egunkaria’ itxi zutela 10 urte. ‘Berria’-ko artikulu sorta). Irudi, hitz, elkarrizketa, bizipen eta oroitzapenak asko dira. Oraindik ere krudelak eta mingarriak direnak, hainbeste; baita irribarrea sorrarazten dutenak ere. Asko dira, baina denak ez ditugu gogoan. Inoiz ahaztuko ez genuela uste genuen huraxe ahaztu zaigu. Eta inongo garrantzirik ez zuen detailea gogoan iltzatuta geratu da.

Alkandora gorria soinean agertu zela beti beltzez beztitzen zen hura. Gosariko kroasan egin berriaren usainak hunkitu egin zintuela. Oraindik guardia zibila barruan zela, edadeko emakume bat «gerra zibila holaxe hasi zen» demanda batean hasi zela. Eta agerian negarrik ez egiteko agindu zuela gizonezko batek. Manifestazio erraldoi, zerratu eta isil hartan —hileta bat— espaloi bazterretik ume ahots bat entzun zela: ama, titi, eta horrek giroa arindu zuela eta denok hartu genuela arnas. Zamarra berdea propio jantzi zuela aitonak egun haietan.

Memoria argazkietan dago. Denok gaude gazteago. Dagoeneko janzten ez ditugun arropak soinean, eta bestelako orrazkerak buruan. Modaz paseak bezala. Orduko min eta haserreak baretu dira. Ez dira ahaztu, baina bai lausotu. Ezin da beti haserre bizi, esaten dizute. Orduko poz eta baikortasun neurrigabeak inozo samarra dirudi gaurko talaiatik. Orduko kolpeak bizi arazi zizkigun bizipen larriak, eta xahutu arazi zizkigun indarrak denbora baino lehen zahartu arazi gaitu.

Eta denak hartu du halako sepia geruza bat. Aspaldian gertatutako bestelako kontuekin gertatu ohi den bezala. Bizitzak aurrera egiten du, esaten dizute. Aurrera edo.

Halako sentimendu erro batzuk geratzen dira. Denboran mugarri bat dela Egunkaria itxi izana. Lehenago eta ondoren. Hor gauza askok egin zuela krak. Eta ez beti txarrerako. Leku bat eman zigun munduan. Eta aingura bati lotu. Hamar urte eta gero ere, ezer izatekotan, Egunkariako langile ohiak garela. Itxi zigutelako geratu gara atea ezin itxi.

Baina joan dira hamar urte. Kazetarien arteko solasean, betiko galdera: zerbait onik ekarri al du honek guztiak? Inoiz ez bezalako elkartasun uholdea, egunkari berria sortzea, ezagupena ecetera, ecetera… esan ohi izan dugu. Orain, berriz, erantzun makurragoa dator ahora: horiek denak pozgarriak izanda ere, ordaindu behar izan den prezioa ezin du ezerk arindu.

Iruzkinik ez »

No comments yet.

RSS feed for comments on this post. | TrackBack URI

Leave a comment

(XHTML etiketa hauek erabil ditzakezu): <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong> .

; ?>