Errugabetu bai, erreparatu ez

2013, otsailak 14

(‘Egunkaria’ itxi zutela 10 urte. ‘Berria’-ren artikulu sorta). ‘Euskaldunon Egunkaria’ ixteaz gain, 11 lagun atxilotu ere egin zituen Guardia Zibilak. Inkomunikatu egin zituen, eta torturatu zein tratu txarrak eman. Bost lagun epaitu zituzten zazpi urte geroago, eta denak errugabetzat jo.

mart.jpg

Malkotan lehertu zen tentsioa. Isiltasun urduria zegoen Berria-ko erredakzioan 2010eko apirilaren 12an. Egunkaria auziko epaia ateratzekoa zen, eta ohi baino jende gehiago zegoen erredakzioan. Absoluzioa. Errugabetu egin zituzten. Ezetz, ez direla ETAkoak, Euskaldunon Egunkaria ez zela ETAren aginduz sortu, eta ez zuela loturarik erakunde armatuarekin. Errugabetu egin zituzten bost epaituak, eta 2003ko otsailaren 20an Egunkaria ez zela itxi behar esan zuen giltzarrapoa jartzeko agindua eman zuen Espainiako Auzitegi Nazionalak berak. Baina, delitu eza ederki ordainarazi zieten zazpi urtean.

Malkoz lehertu zen Martxelo Otamendi, «infernutik» bueltan, Soto del Real espetxeko patio zabalean, guardia zibilek inkomunikatuta eduki zutenean eman zioten tratuaren berri kazetariei ematerakoan. Ez zen isildu. «Ezin da sinistu 2003. urtean nola den posible halako beltzuneak egotea (…) Zeozer esan behar duzu bizirik aterako bazara. Poltsa jarri zidaten. Pistola bat jarri zidaten buruan, eta balarik gabeko pistola baten hotsa egin zidaten. Beste behin, pistola bat ukarazi zidaten. Larrugorritan jarri naute, eta horrela lau hankan ibilarazi batetik bestera. Milaka ariketa egin ditut… Errespetu falta izan da Euskal Herriarekiko, euskal kulturarekiko, euskararekiko, euskaldunok egindako lanarekiko… etengabekoa izan da. Etengabekoa, eta atsedenik gabekoa».

Ez zen Otamendi izan bost egunez tratu ankerra jaso zuen bakarra. 2003ko otsailaren 20an, Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Txema Auzmendi, Xabier Oleaga, Pello Zubiria, Fermin Lazkano, Inma Gomila, Luis Goia eta Xabier Alegria ere atxilotu eta inkomunikatu zituzten, Egunkaria ixtearekin batera. Bost egunez mundutik apartatu zituen Guardia Zibilak. Jo egin zituzten gehienak, gogor torturatu. Jipoitu ez zituztenak ere gaizki tratatu zituzten. Haien lantoki eta etxebizitzak miatu zituen Guardia Zibilak, Juan del Olmo epaileak zuzendutako operazioan, eta kontuak blokeatu zizkieten. Haien kontuak ez ezik, Martin Ugalderen, Joxemi Zumalaberen eta Joseba Jakaren kontuak ere blokeatzeko agindu zuen epaileak, aurrena osasunez makal eta beste biak hilda bazeuden ere.

Atxilotutako hamar haietatik bost eserarazi zituzten Auzitegi Nazionaleko akusatuen aulkian, ia zazpi urte geroago, 2009ko abenduaren 15ean: Otamendi, Torrealdai, Uria, Auzmendi eta Oleaga. Uriak honela azaldu zuen epaiketan: «Ia biluzik eduki ninduten, arroparik gabe; ariketa fisiko pilo bat eginarazi zidaten. Poltsa jarri zidaten behin baino gehiagotan, ia itotzeraino. Pistola bat jarri zidaten buruan, eta klik egin zuten. Kolpeak eman zizkidaten telefono aurkibide baten antzeko zerbaitekin (…) Eta lesio batekin atera nintzen, tibiako aurrealdeko nerbioa lesionatuta neukan. Espetxean fisioterapeutarengana joan behar izan nuen bospasei hilabetez».

Uria eduki zuten Egunkaria auziagatik denbora gehien preso. Urte eta erdi giltzapean egon ostean, 450.000 euroko bermea ordainduta atera zen libre. Torrealdai, Oleaga, Auzmendi eta Alegria ere eraman zituzten espetxera inkomunikazioko bost egunak pasatu ostean. Gainerakoak, bermeak ordainduta atera ziren kalera.

Pello Zubiriari 72 ordu luzatu zioten inkomunikazioa, eta horrek are gehiago goritu zituen ordurako su gorritan ziren alarma guztiak. Otsailaren 24an jakin zen Zubiria erietxera eraman behar izan zutela. Espondilitis ankilopoitikoa gaixotasuna du, eta tratamentu mediko zorrotza jarraitu beharra dauka. Inkomunikazio aldia gehiago luzatu ezinda Zubiria espetxeratzeko agindua eman zutenean, Zainketa Intentsiboen Unitatean zegoen, pneumoniarekin eta mugitzen ez zela. Martxoaren 7an eraman zuten kartzelara. Hamaika egun geroago atera zen espetxetik, 12.000 euroko bermea ordainduta. Hura baino lau egun lehenago atera ziren Joan Mari Torrealdai eta Txema Auzmendi, martxoaren 14an, baldintza berean. Oleaga azaroaren 3an atera zen, 30.000 euroko bermea ordainduta. Xabier Alegria, Egunkaria auziagatik bermea jarri eta libre gelditzeko aukera eman ziotenean, Udalbiltza auziagatik behin-behinean preso eduki zuten. Egunkaria auzitik kanpo utzi zuten geroago, eta Udalbiltza auzitik ere bai. Baina preso jarraitzen du, ordurako 18/98 auzian epaitu eta zigortu baitzuten. Bi aldiz atxilotu dute, eta gogor torturatu dute bietan.

Tortura salaketak epaiketan

Atxilotuek kontatu zituzten bizipenek asaldatuta utzi zuten euskal gizartea. Ez zen aurreneko aldia euskal herritarrek tortura salaketak egiten zituztela, baina kasu honetako salaketek beste dimentsio bat hartu zuten. Inkomunikazio alditik atera orduko izan zituen gainerako kasuak ere gogoan Otamendik, eta horri galga jarri behar zitzaiola azpimarratu zuen, hantxe, espetxetik atera berritan, egindako lehen adierazpen haietan: «Ezin dugu onartu atzerriko indarrak etorri, gure gazteak eraman eta sudurraren puntan jartzen zaiena egitea».

Auzitegi Nazionalean ere ohikoa ez zen sinesgarritasuna eman zieten tortura salaketei. Javier Gomez Bermudez, Ramon Saez Valcarcel eta Manuela Fernandez Prada epaileek adi entzun zituzten epaituen kontaketak.

Oleagak, epaiketan: «Ariketa fisiko bizi eta errepikatuak eginarazi zizkidaten, indarra ahitu arte. Mehatxuak entzuten nituen, zarata beldurgarriak. Bazirudien minezko garrasiak zirela (…) Egunkari bilduen itxura zuen zerbaitekin kolpeak eman zizkidaten. Halako batean, biluzi egin ninduten, eta zenbait agente gurpil baten antzera jarrita, batengandik bestearengana bultzatzen ninduten. In crescendo bat izan zen».

Torrealdai: «Jo egiten ninduten. Plastiko bat erakutsi zidaten eta belarriraino eraman zidaten, mehatxu eginez. Begiak itxita deklaratu behar nuen, eta paretaren kontra, hankak zabalik, atzetik jotzen ninduten hankartean. Ez banuen erantzuten nahi zutena, gauza zorrotz batekin bizkarretik jotzen ninduten (…).

Auzmendi: «Ni ez naute jo; nire lagunei entzun dizkiedan gauzak ez ziren horrela gertatu nire kasuan. Kontatu nion instrukzio epaileari, baina esan nion tratu umiliagarria izan zela, esan nion animalia bat ere ez zela horrela tratatu behar, eta pertsona bat, gutxiago. ‘Zu bazara atxilotu baten giza eskubideen arduraduna, egunen batean hau pasatu beharko zenuke, zer den jakiteko’».

Sinesgarritasuna eman zien testigantza horiei epaimahaiak, eta halaxe jaso zuen epaian. Baina atxiloketetan parte hartu zuten guardia zibiletako bakar bat ere ez dago zigortuta. Horrexegatik, Otamendiren tortura salaketa behar bezala ez ikertzegatik, Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiak Espainia zigortu egin zuen iaz.

Arrazoia han eta arrazoia hemen. Baina kaltea egina eta erreparaziorik ez. Eta gainerako atxilotuen tortura salaketak artxibatuta daude.

Guardia Zibilaren tema

Auzi hau martxan jartzeko Guardia Zibilak izandako iniziatiba ukaezina da. Tematu egin zen, eta ez zuen etsi, harik eta epaile bat Euskaldunon Egunkaria ixteko agindua firmatzeko konbentzitu zuen arte. Euskarazko egunkari bakarra ixtearen oinarrian dagoen «dena da ETA» teoria asmatu zuen Baltasar Garzon bera ere ez zuten konbentzitu. Hark ere esku artean izan zituen kazetaren eta erakunde armatuaren arteko loturaren «frogak», baina han ez zegoela deliturik ebatzi zuen. Juan del Olmo epaileak erabat kontrako erabakia hartu zuen, eta Guardia Zibilari eman egin zion hainbeste desira zuen agindua.

Epaiketan argi ikusi zen Guardia Zibilaren ekimenez itxi zutela Egunkaria. Iñigo Iruin abokatuari erantzunez, R28575H agenteak aitortu egin behar izan zuen berak eskatu ziola epaileari Egunkaria ixteko baimena. Guardia zibil hori kapitaina zen orduan, komandantea da orain.

Guardia Zibilak egin zuen Egunkaria-ren kontrako bigarren polizia operazioa ere, urriaren 16an. Bederatzi lagun atxilotu zituzten, eta guztiak libre atera ziren, batzuk baldintzarik gabe eta besteak bermearekin. Hiru langile ohi inputatu zituzten geroago, eta gaur egun, epaiketarako bidean dira zortzi lagun, Donostiako Lurralde Auzitegian, Egunkaria-ko auzi ekonomikoan.

Elkartasun mezuak eta esandakoak

Argazkian, Martxelo Otamendi, torturei buruzko azalpenak ematen Eusko Legebiltzarrean.

Iruzkinik ez »

No comments yet.

RSS feed for comments on this post. | TrackBack URI

Leave a comment

(XHTML etiketa hauek erabil ditzakezu): <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong> .

; ?>