Carmen Zubimendik Egunkaria-ko auzi ekonomikoa itxitzat jotzeko emandako sententzia, fiskaltzaren helegitea, defentsaren inpugnazioa eta auziko ehunen bat tomo, horiek kontuan hartuta aztertuko du gaur Gipuzkoako Lurralde Auzitegiak epaiketa egin ala ez. Kasua bukatuta dagoela berresten badu, auzia orduan amaituko da. Bestela, epaiketa. 2003an hasi zen hau guztia. “Aski da. Nahikoa sufrimendu izan dugu. Buka dadila”, esan du Iñaki Uriak, auzipetuen izenean, Donostian, hango auzitegiaren aurrean Egunkaria-ren alde elkarteak deitutako bilkuran. Leloa: Epaiketarik ez.
Zubimendi Donostiako Zigor Epaitegiko epaileak maiatzean eman zuen itxitzat auzia, ustezko delituak preskribatutzat jota —diru laguntza publikoen iruzurra eta diru kontuen faltsutzea—. Gipuzkoako Fiskaltzak ekainaren 11n apelazio helegitea aurkeztu zuen, auzia preskribatuta ez dagoelakoan; haren arabera, 2003ko auto batek eten zuen preskripzioa. Defentsak helegitea inpugnatu egin zuen, eta kasua Gipuzkoako Auzitegiko 3. sekzioko epaimahaiak aztertuko du; hain zuzen, Juana Maria Unanue, Iñigo Suarez de Odriozola eta Maria del Carmen Bildarraz epaileek.
Gaur goizean hasiko dira aztertzen. Auzipetuak eta defentsa abokatuak ez dira epaitegian izango, eta ez dakite epaileek noiz jakinaraziko duten erabakia. “Auzian ez dago kalteturik eta deliturik. Bultzada politikoa dauka”, esan du, aurrez, Uriak.
Harez gain, Joan Mari Torrealdai, Txema Auzmendi, Joxe Mari Sors, Mikel Sorozabal, Fernando Furundarena, Ainhoa Albisu eta Begoña Zubelzu dira auzipetuak. Fiskaltzak, denera, 128 urteko kartzelaldia eta 221 milioiko isuna eskatu izan ditu.