‘Egunkaria’-ren itxieraz antzezlana idazten ari da Harkaitz Cano

2016, irailak 10

Ordenagailuko teklatuan Sisifo idazterakoan, bat datoz errepresentazio guztiak, kolorez zein zuri-beltzean: gizon bat, Sisifo, maldan gora, harritzar bati bultza eta bultza, ahalegin amaigabe eta alferrikakoan. Irudi estatikoetan ez dago jakiterik zer gertatuko den, baina arduratu da mitologia Sisiforen patuaren berri emateaz: gailurrera iristear dela, maldan behera amiltzen zaio harria, eta berriro du hasieratik hasi beharra, goraino eramateko. Ezin ihes egin zigor eternalari. Harkaitz Cano idazlearen ustez, Euskal Herriko egoerara ekar daiteke Sisiforen irudia. Zerbait borrokatu eta eskuratuta dagoenean hura erori eta berriz hasi beharraz ari da. Adibidez —eta adibidea ez da batere kasualitatezkoa—, egunkari bat. «Egunkari bat lortu eta egonkortzean, berriro erortzen da harria, eta hasi beharra dago». Horregatik jarri dio Sisiforen paperak titulua Euskaldunon Egunkaria-ren itxierari buruz idazten ari den antzezlanari.

Fernando Bernues zinema eta antzerki zuzendariak eskatuta hasi zen Cano egitasmoan. Dioenez, «gure herriaren azken urteetako pasarte esanguratsuenetako batzuk kontatzeko premia» zegoela uste zuen Bernuesek, eta enbidoari eutsi zion idazleak. Lotura emozionala ere bazegoen: «[Euskaldunon Egunkaria] Oso gure sentitu dugun egunkaria izan da. Sorrera oso gogoan dut, eta nire bizitzako lehen artikulua hor argitaratu zen, 1993 edo 1994 inguruan». 2003ko otsailean Guardia Zibilak egunkaria itxi zuenekoa ere oroimenean geratu zaio Canori. Albistea entzun eta Andoaingo Martin Ugalde kultur parkera jo zutenetako bat izan zen, eta gaur, une haren tragedia ezin estalita ere, orduko gizartearen erantzuna nabarmentzen du oraindik: «Gordintasun egoera batean elkartasun adierazpen espontaneo bat sortu zen. Egun latzak izan ziren, baina, aldi berean, eman dezakegunaren eta gutxitan ematen dugun mailaren neurria ikusteko egunak ere izan ziren».

Helburua, ordea, ez da Egunkaria-ren kasu zehatzaren kronika egitea. Fokua zabaldu du Canok, eta kazetaritzaren eta, zehatzago, idatzizko prentsaren azken urteetako bilakaeraz hausnartzeko ere baliatuko du antzezlana. Eta, gaia aipatuta, berriro agertzen da orduan Sisifo, bere harri eta guzti: «Egunkari bat egitea bera oso Sisiforen lana da: egunero egiten ari zara, baina inoiz ez zara egiten ari, gaur biharkoa eta bihar etzikoa. Kazetariaren ofizioa uretan idaztea bezala da: ezer ez da finkoa, dena da probisionala, baina, aldi berean, egunero bukatu behar da, eta harri hori eraman behar da goraino».

Bi ildo izango ditu, beraz, Sisiforen paperak obrak: «Batetik, kazetariarena, eta kontatuko du nola egin egunkari bat, edo nola egiten den elkarrizketa on bat. Eta horren ispilua litzateke galdetzaile galdekatua, kazetari atxilotua: galderak egitea ofizio duen hori derrigortuta dago galderak erantzutera». Oholtzara bertara eraman nahi ditu Canok bi plano horiek, eta fisikoki irudikatu, bitan banatutako agertokian. Bi planoetako pertsonaiak presente nahi ditu etengabe idazleak, aldi berean, nahiz eta askotan batzuk isilik egon. «Paradoxa batzuk sortuko dira» horrela, Canok dioenez: «Bat azaltzen ari da nola egin elkarrizketa on bat, baina, ondoan, aulki bat ari dira prestatzen komisariako ziega batean, beste era bateko elkarrizketa bat egiteko: alegia, polizia galdeketa bat».

Arlo eszenikoari dagozkion xehetasunak, edonola ere, airean daude oraindik. Ekoizpena nolakoa izango den ez da ziurra. Oraingoz, idazketa lanetan dago obra, ez erabat bukatua, «baina gobernatua». Ongi bidean, hurrengo asteetan bidaliko dio testua Canok Bernuesi, eta orduan jarriko da martxan taularatze egunerako atzerako kontua. 2017ko udazkenean izan daitekeela uste du idazleak, baina hori ere ez da ziurra. Prozesuak esango du: goraino igo behar da harria.

Errealitatearen zama

Hezur-haragizkoak dira Egunkaria auziko protagonistak, eta badituzte izen-abizenak. Baina ez da erraza izaten errealitatearen zama jasatea. Horregatik, azkenean, alboratu egin behar izan du Canok errealitatea bere hartan erretratatzeko ideia: «Prozesuak aurrera egin ahala, irabaziz joan da fikzioa». Bideak lagundu dio egin beharrekoa argitzen: «Hasierako asmoa kronikara gehiago hurbiltzea zen, baina konturatu nintzen modu horretan ez zuela funtzionatzen. Beraz, ikusiko ditugun pertsonaia guztiak fikziozkoak izango dira. Hori bai, Egunkaria-ren irakurleak bi ezagutuko ditu, eta Egunkaria-ko langileak sei, nahiz eta izen-abizenak aldatuta izan». Kronikaren bila dokumentazio prozesuan ito aurretik erabaki zuen Canok «fikziorako bira» ematea.

Eta, halere, gaitz erdi. Fikziotik ere badago errealitatera gerturatzea. Bere baitan bizi du Canok paradoxa: «Konturatzen naiz errazago hurbiltzen naizela egiara edo gertaera gogoangarrietara fikzioa egiten dudan neurrian, kontaketa dokumentalari atxikitzen natzaionean baino». Gainera, beste ikuspegi bat erantsi nahi zion Egunkaria auziaren kontakizunari: «Lorea Agirrek Gezurra ari du kronika idatzi zuen, oso ongi idatzia gainera, eta Eriz Zapirainek orain azaldu berri du Egunkaria-ren sorrera, Gaur irekiko ditu ateak dokumentalaren bidez. Nire asmoa hortik bestelakoa da: oso ezagutzeko modukoak diren gertaera batzuk hartu, Euskal Herrian bizi den edonork gogoan iltzatuta dauzkan gertakariak hartu, eta horri fikzioren ispilua jartzea».

Bide horretan, hitza izango da nagusi antzerki lanean. Bigarren mailan utzi ditu idazleak elementu bisual eta estetikoak. «Atertu gabe hitz egiten duten obra horietako bat egin nahi nuen». Horregatik, hizketan ariko dira pertsonaiak etengabean, hizketan erredakzio bileretan, eta hizketan kafe makinaren inguruan. Hizketan kazetaritzari buruz, euskal errealitateari buruz, hizkuntzari buruz. Eta dena «pasio handiz», Canoren arabera.

«Ideien trafikoa» deitu dio autoreak horri. Eta huraxe izango da bitartekoa Egunkaria zena gogorarazi eta kazetaritzaren joan-etorriez hausnartzeko. Eta nahi luke autoreak ere obra gaur egunera ekarri, ez baitira alferrik pasatu 13 urte kazeta itxi zutenetik. Horregatik, ordutik jazotako hainbat kontu ere fikzionatu ditu idazleak. «Fikzioak hori ahalmentzen dizu, gertaerak eta denborak modu elastikoago batean maneiatzea».

Iruzkinik ez »

No comments yet.

RSS feed for comments on this post. | TrackBack URI

Leave a comment

(XHTML etiketa hauek erabil ditzakezu): <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong> .

; ?>