Euskaldunon Egunkaria itxi izana salatzeko Euskal Herritik kanpora sortu ziren taldeek ez diote utzi laguntza eta babesa emateari prozesuak iraun duen bitartean. Elkartasun ekintza soila baino gehiago ikusten dute eginiko horretan: gizarte sareen indartzea eta autodefentsa kolektiboa.
(argazkian: Pedro Casas —Madril—, Fernando Valiño —Valladolid—, David Fernandez —Katalunia— eta Nacho Escartin —Aragoi—, Bilbon)
Madrilen, institutu bateko aretoan egin behar zuen hitzaldia Martxelo Otamendik, 2003ko martxoan. Atxiloalditik irten berri zen Egunkaria-ko zuzendaria, eta Espainiako eta Kataluniako hainbat aldetatik deitu zuten kazetaren itxieraz eta atxilotuen egoeraz hitz egiteko. Bezperan, institutua erabiltzeko baimena kendu zieten antolatzaileei, eta Madrilgo egoitza okupatu batean egin zuen hitzaldia. Zazpi urte geroago, Auzitegi Nazionalean epaiketa amaitu zen egunean, agur afaria egin zien talde horrek auzipetuei, beren abokatu eta senideei eta hainbat intelektual madrildarrei, Patio Maravillaseko txoko okupatuan. «Leku okupatu batean hasi ginen, eta beste batean amaitu dugu. Zutoinez eutsita dagoen gelan egin genuen afaria, ahal genuen moduan, baina garrantziarik gabeko zerbait zen hori. Agur hunkigarria izan zen, eta elkartasuna alde guztietan sumatzen zen. Denon mesederako izan baita elkartasuna, eta hori da prozesu honetatik guztitik gelditu dena».
Madrilgo taldeko Pedro Casasen hitzekin bat egin dute David Fernandezek, Nacho Escartinek eta Fernando Valiñok, Kataluniako, Aragoiko eta Valladolideko plataformetako kideek, hurrenez hurren. «Harreman hauek ez dira erraz ixtekoak. Elkar lotu gara, eta onean eta txarrean elkarrekin jarraitzea da helburua». Fernandezen hitz horiekin agurtu ziren lau lagunak igandean Lasarten (Gipuzkoa), Bilbora abiatu aurretik, Euskalduna jauregian egin zen Egunkaria-ren eskertze ekitaldian parte hartzeko.
Absoluzioaren bultzada
Esker ona jaso zuten ekitaldi horretan, eta eskerrak beraiek eman zituzten. Egunkaria-ren alde eginiko lanarekin adierazpen askatasunaren eta eskubide zibilen aldeko jarrerak indartu egin direla uste dute, eta bat datoz absoluzioak «lanean jarraitzeko oxigeno baloi bat» eman diela. Nork bere arrazoiak jarri ditu mahai gainean, eta herrialde bakoitzeko errealitate sozialak duen eragina azaldu dute.
Fernandezen irudiko, «eustorma bat» eraiki izanaren sentipena dute Katalunian. «Aurretik ikusten genuen adierazpen askatasunaren eta eskubide zibilen kontrako erasoa. Baina, Egunkaria-ren aurkako prozesua dela medio Madrilgo prentsari alternatibak eraikitzea lortu da —torturaren gaiarekin, adibidez—, eta ahulduta zeuden sare sozialei bultzada bat ematea zigorgabetasunaren kontrako borrokan».
Auzitegi Nazionalean absoluzio epaiak salbuespena direla azpimarratu du Casasek, baina Egunkaria-rena lagungarri izango zaiela espero du. «Erabatekoa ez bada ere, garaipen bat lortu izana garrantzitsua da. Madrilen oso ongi etorriko zaigu, elkar bizkar emanda bizi garelako eta gutako bakoitza inguruan beste bost aulki jartzen saiatzen delako, zailtasun handiz. Zubiak eta elkartasun sareak zabaltzen jarraitu behar dugu, eta espero dut Euskal Herriarekin harremanak estutzeko baliogarria izango dela».
Ildo horri jarraitu dio Escartinek. «Gai hauetaz askatasunez hitz egiten jarraitzeko balio digu absoluzioak. Aragoiko taldean Euskal Herriaren bake eta normalizazioaz hitz egiten hasteko gogoz gaude, eta azken garai honetan beldur asko uxatu ditugula uste dut. Zazpi urte egin ditugu komunikabide bat itxi izana salatzen, eta arrazoia genuela ikusi da; beraz, torturaz hitz egingo dugu, eta agian arrazoia dugula erakutsiko dugu; edota negoziazio mahai bat beharrezkoa dela. Nahi dugunaz eta nahi dugunarekin hitz egiteko gai ikusten dugu geure burua; hori irabazi dugu, eta masa kritikoa zabaltzeko lan egin behar dugu aurrerantzean».
Komunikabideak
Absoluzioaren berriak Valladoliden izan zuen oihartzunarekin pozik da Valiño. «Guk ez dugu mobilizaziorako gaitasun handirik izan, baina informazioa zabaltzea izan da gure egiteko nagusia. Ateneo errepublikanoak kaleratzen duen aldizkaria azken unean altxatu genuen absoluzioaren berria azalean zabal emateko, eta jendeak zoriondu egin gaitu. Madrildik saltzen diguten informazioari aurre egin dio jendeak, eta interes politikoen indarraz jabetu da».
Espainiako plataformetako ordezkariek kezka berezia agertu dute komunikabideen jarreragatik. «Aginte mediatikoak ezarri duen blokeoari aurre egitea oso zaila da Madrilen. Ez dugu bertako egunkaririk, estatukoak baizik. Euskal Herrian abenduan manifestazio handi bat egin zenuten egun berean Madrilen beste batera deitu genuen. Debekatu egin zuten, eta El País egunkariaren Madrilgo edizioan ez zuten debekuaren berri eman. Informazio mota bat bahituta dago Madrilen; geuk osatu behar dugu informazioa, eta horrek dakar ideologian eta hainbat borrokatan zurekin bat datorren jendeak oso ongi ez ulertzea Egunkaria-ren kasuan eta beste batzuetan egiten duzuna; terrorismoari jokoa egiten diozula esaten dizute, gainera. Horregatik, epaiak asko laguntzen digu. Pertsona batzuentzat bidezkoa dena defenditu dugu, baita guretzat bidezkoa dena ere».
Talde defentsa
Oso bestelakoa izan da egoera Katalunian, eta hedabide gehienek salatu dute Egunkaria-ren itxiera. Hala ere, memoria egiteko eta gertaerak ez ahazteko ahalegina egin behar izan dutela azaldu du Fernandezek. «Zapaterok eta Raxoik itun antiterroristan sartu zuten Egunkaria, haiek jarri zuten gerra logika batean, eta Madrilgo egunkariek ez dituzte zuzendu idatzitako astakeria guztiak. Orain badirudi inork ez duela errurik, Juan del Olmo epailea eta Guardia Zibileko kapitain bat izarrei esker elkartu zirela».
Kataluniako  gizarteak  jarrera  prebentiboa  izan  duela  uste  du  Fernandezek.  «Gure  arteko  elkartasuna  bultzatu  dugu,  giza  taldeen  artekoa;  autodefentsa  bilatu  dugu.  Hizkuntzak  garrantzia  berezia  hartu  du  ziur  aski,  diktaduraren  pean  izan  diren  hizkuntzak  normalizatzeak  dituen  zailtasunen  jabe  garelako.  Baina  auzi  honek  talde  autodefentsarako  balio  izan  du,  eta  horregatik  esan  daiteke  garaipena  denona  eta  denontzat  izan  dela».  Escartinek  bere  egin  du  ideia  hori,  eta  Aragoin  ere  hizkuntzaren  eta  kultura  propioaren  aldeko  borroka  bat  badela  gogorarazi  du.
Adibidea  eman  du  Fernandezek:  «Abenduaren  15ean  grabitate  zentroa  aldatu  zen  bat-batean  Sant  Jaumetik  Madrilera,  manifestatzeko  debekuagatik.  Egunkaria-ren  kontrako  gerra  oraindik  askoren  buruan  zegoela  jabetu  ginen,  eta  talde  kontzientzia  hartu».  
Epaiaren berria
Apirilaren 12an epaiaren berri izan bezain pronto, telefono deiak, mezu elektronikoak eta Twitter erabili zuten albistea zabaltzeko. «Pozak gainezka egiten zigun», «tunel luze baten irteera zen», «denon garaipen bat zen», «ezin zen besterik izan». Baina, jarraian, galderak: «Zergatik itxi zuten orduan?»; «nola berreskuratu zazpi urte?»; «noiz eta non hasi zen iruzur hau guztia?». Babes taldeek agiri bat kaleratu zuten elkarrekin, kalteak konpontzeko eta erantzukizunak aitortzeko exijituz. Agiriarekin bat egin zuen Asturiasen Egunkaria-ren auziaren berri emateko lan egin duen taldeak. Talde horri esker, hainbat hitzaldi antolatu ahal izan ziren.
«Zuzenbide estatuak etxeko lanak egiteko ditu; egindako kaltea ordaintzeko dago, eta gauzak zeuden lekuan uzteko. Ez da gobernuko ordezkaririk atera azalpenak ematera», azaldu du Fernandezek. «Ezohiko epaia da, zuzenketa bat politika antiterroristaren logikari. 18/98 auziaren epaiketa izan da aurretik, eta laster egingo da Udalbiltzarena. Baina absoluzioa albiste ona da, erakusten duelako salbuespenaren estatuaren logika ez dela garaitezina; ez duela dena suntsitzen eta berriz eraikitzeko gai garela, Egunkaria-ko langileek egin zuten bezala. Zaila da pentsatzea absoluzio gehiago ekarriko dituela, baina adierazpen askatasunaren defentsa indartu da, epaiak esaten baitu edozein komunikabideren itxiera legez kontrakoa dela. Pena da beste batzuek epai hori bera eduki ez izana, baina baliteke hemendik aurrera epaile batek bi aldiz pentsatzea euskal komunikabide bat ixtearen gainean».
Aurrera begira
Valladoliden lanean segitzeko konpromisoa berretsi zuten, absoluzioa ospatzen zuten bitartean. «Hau ez da amaitu, eta gure babes eta elkartasun ekarpen txikia egiteko prest gaude auzia erabat itxi arte eta epaitegi bereziak amaitu arte, besteak beste, Auzitegi Nazionala. Frankismoaren ordena publikoko epaitegiaren oinordeko zuzena da, eta Euskal Herriaren aurka egiteko sortu zen. Ez garena izateaz akusatuko gaituzte, baina zorretan gaude Egunkaria-k ordezkatu duen guztiarekin eta langile ohiek erakutsi diguten esker onarekin. Horregatik, adi egongo gara aurrerantzean ere», azaldu du Valiñok.
«Guk ez dakigu zer egingo dugun plataformarekin», segitu du Casasek. «Esperientzia hau arrakastatsua izan da, aurreko beste batzuk ez dira ongi irten, baina oinarri bat gelditu zaigu, sareak eratzeko eta gauzak egiteko iraganeko beldur politikoak uxatuta».
Elkartasunak hartu duen balioa eta sare sozialen zabaltzea gerora baliogarria izan daitekeela uste dute beste biek ere. «Hizkuntzaren eta herri kulturaren aldeko borrokak eta komunikabideak ulertzeko beste modu batek batzen gaitu, eta gustatzen zaigu hona etortzen garenean gure aldarrikapenen berri ematea».
Fernandezek gogoratu du elkartasun sarearen ondorio izan zela Athleticen eta Barcelonaren arteko Errege Koparen finalaren jarraipena Vilaweb eta Berria-k ematea. «Gakoa da gehiengoak nola erantzuten duen gutxiengo boteretsu eta krudel batek egiten duenaren gainean. Bere eskubideak bortxatuta ikusten dituen edonorentzat elkarrenganako elkartasuna baliogarria izatea da esperientzia honen ikasgai nagusia, baina prozesu baten moduan ikusita. 2003ko otsailaren 19an ez zegoen egoera batean gaude orain, harreman historikoak are gehiago estutu dira».
KATALUNIA. Politikan eta gizartean txertatuta
2003ko  otsailaren  26an  sortu  zen  Katalunian  Egunkaria-ren  aldeko  plataforma:  Per  la  libertat  d’expressió.  Egunkaria  endavant!  Ehun  lagun  batzartu  eta  manifestu  bultzatzaile  bat  sinatu  zuten.  Askotariko  erakunde,  talde  sozial,  alderdi  politiko  eta  sindikatuen  atxikimendua  lortu  zuten  aste  gutxira,  eta  ordutik  Kataluniako  politikan  eta  gizartean  egon  da  gaia.  Legebiltzarrak  Egunkaria-ren  aldeko  mozioa  onartu  zuen  —PP  ez  beste  alderdi  guztiek  babestu  zuten—,  eta  katalanezko  komunikabide  guztiek  onartu  zuten  elkartasun  adierazpena;  gehiengo  sindikala  eta  kultur  ordezkaritza  zabal  bat  atxiki  zaizkio.  «Oso  transbertsala  izan  da  gure  plataforma,  eta  azkeneko  fasean  ehun  aktibista  sozial  ezagunek  osatutako  segimendu  batzordeak  du  ardura;  gizarte  mugimenduak,  kazetariak  eta  juristak  izan  dira  talde  horren  hiru  hankak».  Apirilaren  12an  diputatu  sozialista  batek  bidali  zion  mezua  gogoratzen  du  David  Fernandezek:  zoragarria.  «Hain  izan  da  tranbertsala  Kataluniako  soziologiaren  moldeak  ere  hautsi  baititu;  okupen  batzarrak  eta  CIUko  diputatuak  elkartu  dira  plataforman.  Ez  dut  uste  argazki  hori  askotan  egingo  denik  berriz.  Eskubide  zibilen  defentsan  ados  jarri  izanaren  meritua  Egunkaria-k  berak  du».  Plataforma  orain  sare  bat  da.  Ekintzak,  agendak  egokitzea  zailtasuna.
MADRIL.  Burua  agertzeko  zailtasunak
«Espainiako  hiriburu  izateagatik  ondorio  kaltegarri  asko  pairatzen  ditugu  Madrilen,  eta  zaila  da  burua  agertu  eta  irizpide  propioak  defenditzea».  Pedro  Casasek  ez  du  ahazten  Madrilen  manifestazioa  egitea  debekatu  zietela  joan  den  abenduan.  Egunkaria  itxi  izanaren  kontra  eta  adierazpen  askatasunaren  alde  antolatu  zuten,  eta  «terrorismoa  goratzeko  arriskua»  zegoela  esan  zuen  fiskaltzak.  Hala  ere,  Puerta  del  Solen  kontzentratu  ziren,  Egunkaria  libre!  leloarekin.  Hainbat  hitzaldi  antolatu  dituzte,  mahai  inguru  bat,  prentsaurreko  bat,  jaialdiak;  epaiketan  izan  dira  auzipetu  eta  senideei  babesa  ematen,  eta  ospakizun  ekitaldi  bat  prestatzen  ari  dira  maiatzaren  11rako.  Alderdien  Legea  gaitzesteko  sortutako  Askatasunen  eta  Elkarrizketaren  Aldeko  Sarean  hasi  ziren  Egunkaria-ren  alde  lanean  2003ko  martxoan,  baina  talde  horrek  hainbat  gorabehera  izan  ditu,  eta  egunkariaren  aldeko  lanari  berriz  ekiteko  plataforma  bat  sortu  zuten  epaiketa  hastera  zihoanean.  50en  bat  taldek  babestu  dute,  eta  Madrilgo  intelektual  ezagun  hainbatek.  «Taldeak  ongi  funtzionatu  du,  arrakastatsua  izan  da  eta,  gainera,  epaiketa  ongi  amaitu  da.  Aurrera  begira  baliogarria  izango  zaigula  pentsatzen  dut,  eta  iraganeko  beldurrak  uxatuko  ditugula»,  uste  du  Casasek.
ARAGOI.  Mugimendu  sozial  anitzen  babesa
Egunkaria-ren  Aldeko  Aragoiko  Plataforma  euskarazko  kazetaren  itxierarekin  batera  jarri  zen  lanean.  Talde  eta  pertsona  anitzek  osatutako  mugimendu  sozial  baten  barruan  sortu  zen,  eta  haien  parte-hartzearekin  funtzionatu  du.  «Sindikatuek,  auzo  elkarteek,  komunikabide  alternatiboek,  talde  kulturalek,  abokatuek  eta  ezkerreko  politikariek  osatzen  dugu  taldea.  Adin  eta  arlo  oso  desberdineko  jendea  gara,  eta  horrek  aberastasuna  eta  jarraipena  ematen  dio.  Egunkaria-ri  buruzko  bilerak  esperientzia  handiko  abokatu  baten  bulegoan  egiten  genituen,  baina  hitzaldi  eta  bestelako  ekitaldietara  jende  gazte  asko  etortzen  zen,  eta  aretoak  betetzen  genituen».  Aragoin  jasotako  atxikimendu  pertsonalen  artean  Ricardo  Vazquez  Prada  kazetariarena  nabarmendu  du  Nacho  Escartinek.  Hitzaldi,  mahai  inguru  eta  kontzentrazioak  antolatu  izan  dituzte,  eta  ez  dute  arazo  berezirik  izan,  «nahiz  Martxelo  Otamendi  etorri  den  aldiro  entzuleen  artean  eseritako  polizia  pareari  eskatu  behar  izan  diogun  gelatik  irteteko».  Ez  da  lehen  aldia  Euskal  Herriarekin  elkartasunez  antolatu  direna,  eta,  Escartinek  adierazi  duenez,  Bakearen  eta  Elkarrizketaren  Aldeko  Batzordea  izenarekin  Euskal  Herriaren  egoera  ezagutarazten  jarraitzeko  asmoa  dute.
VALLADOLID.  Informazioa  zabaltzeko  lanean
«Euskal Herriak diktaduraren kontra lehenik eta bere aldarrikapen historikoen alde gero egin duen borroka goretsi izan da beti Valladolideko inguru batzuetan; hizkuntzaren, kulturaren eta erabakitzeko eskubidearen aldeko borroka, alegia. Babes edo kidetasun hori gaizki ikusten dutenak ere badira, garai bakoitzeko Rubalcabak ez dakit zer astakeria egotziko dieten beldur direlako. Hala, Egunkaria itxi eta gero ez genuen zalantzarik egin Martxelo Otamendiri eskatzeko Valladolidera etor zedin Del Olmo epailearen erabakiari buruz eta jasandako torturei buruz hitz egitera». Hiriburuko udaletxeko aretoa bete zela gogoratzen du Fernando Valiñok, kanpoan eskuin muturreko talde bat protestan zegoela. Ordutik aurrera, gertutik jarraitu dute Egunkaria-ren auziaren prozesua. «Informazioa zabaltzea izan da gure egiteko nagusia, komunikabide ofizialen informazioa kontrastatu ahal izateko. Lan horrekin taldea sendotzea lortu genuen». Duela sei urte Valladolideko Ateneo errepublikanoa sortu zuten, eta hura izan zen «auziaren inguruko jarduerak lehen lerroan jartzeko plataforma egokia». Egunkaria libre!eta Un juicio sin razón leloak erabili dituzte, eta, Valiñok nabarmentzen duenez, ordura arte Euskal Herriaz hitz egitera ausartu ez zen jendea hurbildu zen.

 



