Askotariko euskal mundua

2010, apirilak 27

bildu164_3663.jpg

Elkargune bihurtu zen Egunkaria-ren eskertza eguna. Bilboko Euskalduna jauregiko gela berean batu ziren elkarren ondoan gutxitan ikusten direnak, elkarri egindako eskaera eta akusazioak sarritan, eta esker hitzak gutxitan entzuten diren honetan. Ekitaldia hasi aurretik, elkarren ondoan egon ziren, kafearen bueltan, EAJko, EAko, ezker abertzaleko, EBko, Alternatibako, Aralarreko eta ABko ordezkariak. Alderdiaren izenean izan ez arren, izan zen PSE-EEko kiderik ere. ELA, LAB eta CCOO sindikatuek ere, buruzagi nagusiak bidali zituzten. Patronalaren ordezkariak ere ikusi ziren. Euskalduna jauregiko areto nagusian, gizarte eragileetako ordezkari ugari batu ziren; euskalgintzan aritzen direnak, asko. Epaileak egon ziren, eta abokatuak. Idazleak, kantariak, eskultoreak, aktoreak. Oinarri politikoen gainean eraikitako beste auzi batzuetan auzipetutakoak ere bai. Horiek guztiak, besteak beste. Horiek guztiak, beste bi mila bat herritarren ondoan.

Berri on batek batuta

Ekitaldi nagusia hasi baino ordubete lehenago bildu ziren OPIak horretarako prestatutako E-4 gelan. Kortesia hitzak, kortesia agurrak entzun ziren, elkarrizketa taldetxoak sortu ziren, baina ohiko taldeak euren artean nahastu gabe. Poza izan zen hizketagai nagusia, poz keinu agerikorik erakutsi ez bazuten ere. «Behingoagatik berri on baten inguruan batu gara, ospatzeko», entzun zitekeen agurren artean. Giroa, ordea, «kontrolatua» izan zen, Andoni Egaña bertsolariak ekitaldi nagusiko bertsoan ederki azaldu zuen bezala: Erreparatzen egon naiz ni lehen/ Euskalduna laugunean/ ‘Kaixo’ ta ‘Iepa’, bosteko, muxu/ hain era euskaldunean/ dena hain modu kontrolatuan/ dena hain modu xumean/ zein txarrak garen sarritan poza/ adierazteko unean/ baina begitan azaltzen zaigu/ gorde ezin dugunean.

Horixe izan zen giroa OPIen kafearen gunean, politikariak nagusi ziren gelan. Ordezkariak ohi ez bezain askotarikoak izateak eragingo zuen hori, agian. Zenbaitetan elkarri muturka ibiltzen direnak elkarren ondoan egoteak.

Politikari ugari

Punta-puntako ordezkaritza zabala bidali zuen EAJk. Iñigo Urkullu EBBko presidentearekin ziren Belen Greaves idazkaria, Andoni Ortuzar BBBko presidentea, Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabako ahaldun nagusi Jose Luis Bilbao, Markel Olano eta Xabier Agirre, Bizkaiko Kultura diputatu Josune Ariztondo, eta Eudeleko presidente Jokin Bildarratz. Xabier Arzalluz EBBko presidente ohia ere joan zen ekitaldira, baina bere aldetik, eta Babes Taldearen izenean igo zen oholtzara gero.

Eusko Alkartasunetik, Pello Urizar idazkari nagusia, Ikerne Badiola Komunikazio arduraduna eta Carlos Garaikoetxea buruzagi ohia izan ziren, besteak beste. Ezker abertzaleko Rufi Etxeberriak, Arantza Urkaregik, Jose Ramon Etxebarriak eta Karmele Aierbek ere parte hartu zuten ekitaldian. Baita ABko Mertxe Colinak ere. Aralarreko Bizkaiko Zuzendaritzako kide Jon Salaberria eta Agustin Sarrionandia eta Iratzarriko kide Leire Martinez ere han ziren.

Ezker Batuko koordinatzaile Mikel Arana OPIen gunean izan zen, Javier Madrazo koordinatzaile ohia lagun zuela. Alternatibako ordezkariek, kafegunearen atarian egin zuten topo haien alderdikide ohiekin. Laguntasuna adieraziz agurtu zuten elkar Aranak eta Oskar Matutek, irribarretsu.

PSE-EEk ez zuen ofizialki ordezkaririk bidali. Ezta Jaurlaritzak ere. Baina ekitaldian izan zen Ramon Etxezarreta Hizkuntza Politikarako sailburuorde ohia.

Ekonomiari lotutako kideei dagokionez, eskertza jaialdian egon ziren, besteak beste, ELA, LAB eta CCOO sindikatuetako buru Adolfo Muñoz, Ainhoa Etxaide eta Jesus Uzkudun. Mario Fernandez BBK-ko presidentearekin eta Baltasar Errazti Confebask-eko presidete ohiarekin partekatu zuten aterpea.

Bestalde, Iñaki Goirizelaia EHUko errektoreak, Andres Urrutia Euskaltzaindiako presidenteak eta Joan Mari Irigoien idazleak ez zuten hutsik egin. Eta artista gehiagok jarraitu zuten ekitaldia. Besteak beste, Nestor Basterretxea eskultoreak, Mikel Martinez aktoreak eta Anari kantariak. Lokarri-ko Paul Rios ere jendartean zen.

Gainontzeko auziak

Egunkaria-ren aurkako auzia abiatu zen oinarri berekin sortutako beste hainbat auzitan auzipetuta dauden kide ugari ere joan ziren Euskaldunara. Han izan ziren, besteak beste, Udalbiltza auzia dela-eta laster epaituko dituztenak, Maribi Ugarteburu, Loren Arkotxa eta Joseba Garmendia. Guardia Zibilak egindako azken operazioan atxilotutako abokatuen lankide Ainhoa Baglietto eta Aiert Larrartek ere jarraitu zuten saioa.

Argazkian: Jorge Jimenez (Alberdania), Jose Angel Iribar (Athletic), Anjel Lertxundi idazlea eta Laura Mintegi (Egunkaria-ren Babes Taldea), Bilboko Euskalduna jauregian, Egunkaria-ren eskertza ekitaldian.

Iruzkinik ez »

No comments yet.

RSS feed for comments on this post. | TrackBack URI

Leave a comment

(XHTML etiketa hauek erabil ditzakezu): <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong> .

; ?>