«Pozik egindakoarekin, gutxiegi egiten genuela uste genuen». Herri batzordeen ordezkaritza batek ireki zuen igandeko (apirilak 25) Egunkaria-ren eskertza Bilboko jaialdia Euskaldunan, txalaparta doinuen ostean. Agus Perezek Bilboko batzordearen izenean hitz egin zuen, eta hitz horiekin amaitu zuen hizketaldia. Herrialde Katalanetako (argazkian) eta Espainiako batzordeetako ordezkariak ere mintzatu ziren.
2003ko otsailaren 20an, itxieraren berri izatearekin batera ehunka herritan hasi ziren batzordeak sortzen. Itxiera salatu eta atxilotuak aska zitzaten eskatzeko lehenik, euskarazko beste egunkari bat plazan jartzeko gero. Eta epaiketa egingo zela jakitean, auzipetuei babesa eskaintzeko eta absoluzioa eskatzeko azkenik. Eskertza ekitaldian euren lekua behar zuten, eta Bilboko batzordearen izenean aletutakoa beste batzorde askoren ispilu izan zen.
Ezinaren eta ilusioaren artean mugitu ziren batzordean. Zerbait egin behar zela pentsatu, eta Bilboko hainbat auzotako batzordeak laster hasi ziren elkarlanean, Santutxu, Errekalde, Deustu: «Bilboko kaleetako barandak Egunkaria libre! zioten pankartez josi genituen, bonuak eta elastikoak saldu genituen, kantujira egin genuen». Guztia, «erail eta iraindu» zutenari erantzuna emateko egin zutela esan zuen Agus Perezek igandean, batzordeen izenean Euskalduna jauregian hitza hartu zuenean.
Eraginaren itzal luzea
Itxierak eragin handia izan zuen Zarautzen ere (Gipuzkoa). Are gehiago 80ko hamarkada amaieran, euskarazko egunkaria sortzeko Egunkaria Sortzen-en ibilitako jende ugari zegoelako Zarautzen. Eta euskarazko egunkari baten proiektuan sinesten zutelako, hutsetik, herritarrek jarritako diruarekin sortutakoa bat-batean nola birrindu zuten ikusteak erantzutera eta antolatzera eraman zuen jendea. «Kolpe handia izan zen itxiera» Paloma Gabirondo Zarauzko herri batzordeko kidearen esanetan. Itxiera salatzeko eta euskarazko beste kazeta bat kalean jartzeko buru-belarri egin zuten lan batzordean. Hura lortu zela ikusita, pozik geratu ziren batzordean egindako lanarekin. Auziak egingo zuen bidearen zain geratu ziren gero.
Epaiketa  egingo  zela  jakitean  ez  zuten  dudarik  egin  berriro  antolatzeko  eta  ahal  zen  heinean  laguntzeko.  Absoluzioa  «lasaigarria,  merezi  zutena»  izan  dela  uste  du  Gabirondok.  Baina  kezkak  badirau.  Auzi  ekonomikoak  zein  bide  egingo  duen  ikusi  behar  dela  dio.
Herrialde  Katalanak:  esker  onen  trukea
Eskerrak jaso beharrean eman egin behar lituzkeela esan zuen David Fernandez Egunkaria-ren Aldeko Kataluniako batzordeko kideak (argazkian), Euskaldunan hitza hartu zuenean. «Irakasgaia zuek eman diguzue. Erakutsi diguzue historia egin daitekeela inkisizioarekin. Salbuespenezko logikak garai daitezkeela erakutsi diguzue. Eskerrik asko gerra bat irabazi izanagatik». Katalanez egin zuen ia jardun osoa, baina haren mezuak ez ziren ustekabean pasatu. Itxierako unea izan zuen gogoan. Angel Acebes orduko Espainiako Barne ministroaren hitzak gogorarazi zituen, euskal kulturaren mesedetan egindako operazioa izan zela esan baitzuen itxieraren egunean.
Egunkaria  auzia  Kataluniako  kontzientzia  kolektiboan  sartu  dela  uste  du.  2003ko  testuingurua  du  gogoan.  Katalunian  PPren  gobernuaren  babesarekin  abiatu  zuten  Iraken  aurkako  gerrak  erantzun  zabala  izan  zuen  han.  Eta  Euskal  Herriari  zegokionez,  1998an,  Egin  egunkariaren  itxiera  oso  gogoan  zuten.  Eskubide  zibil  eta  politikoen  urratzeak  gora  zihoazela  ikusita,  eta  hizkuntz  eskubideen  aurka  ere  nola  egiten  ari  ziren  ikusita,  Egunkaria-ren  itxierak  Katalunian  shock-a  eragin  zuela  uste  du.  Hargatik  Kataluniako  Parlamentuaren  %85ak,  eta  hedabide  eta  sindikatu  gehienek  salatu  zuten  itxiera.  Baina  horiek  ez  ziren  bakarrik  etorri.  Batzordeak  egin  zuen  lan  eskergari  esker  baizik.  Horregatik,  bai  Kataluniako  bai  Espainian  sortutako  batzordeek  harrera  berezia  jaso  zuten  Euskaldunan.  Txalo  zaparrada  beroa  jaso  zuten  batzuek  zein  besteek.
Espainia:  «Zer  axola  zaizue?»  
Espainian hainbat tokitan sortu ziren batzordeetan zailago izan dute bidea. Epaiketa salatzeko elkarretaratze bat egitea debekatu zieten Madrilgo batzordeari, eta fiskalak honakoa esaten zien: «Zuei zer axola zaizue han gertatzen dena?», gogora ekarri zuen Pedro Casasek, batzordeko kideak. Eskubide urraketa horiek ematen diren lekuan emanda ere salatu beharrekoak direla iritzita, aurrera egin zuten protestarekin. «Madril ez da bakarrik Auzitegi nazionala eta torturak», gaineratu zuen. Valladolideko batzordeko Fernando Valiñok beste eragozpen bat ikusi du auziaren berri emateko orduan: «Desinformazioa garaitzea da zailena». Eta Euskal Herriari dagokionez, handia dela iritzi dio. Baina ziur da absoluzioak horretan ere lagunduko duela. Natxo Escortu Aragoiko batzordekoa ere bat dator. «Euskal Herriaz hitz egiteko, gertatzen diren eskubide zibil eta politikoen urratzeak salatzeko eta beldurraren kultura garaitzeko bultzada da epaia».

 



