Harkaitz Cano (idazlea)
Zarama taldeak abestutako «egunkarietan gaude, baina mapetan ez» egia berdadero hari irtenbidea jartzen hasteko modua izan zen Euskaldunon Egunkaria. Izatez, egon ez geunden egunkarietan ere, ez guk nahi bezala islatuta, behintzat. Paper baino mapago zen Egunkaria, sortzetik: gure errepidea, gure geografia, gure komedia, gure tragedia, gure narrazioa. Gure tintazko soinu mapa eta gure eskuetako marren mapa. Anari entzun genuen sentitzen genuena askoz hobeto adierazten, handik zenbait urtera: «Garrantzitsuena ez da guk nola irakurri dugun Egunkaria, baizik eta nola irakurri gaituen Egunkaria-k gu». Patrikako telefonorik eta Googlerik gabeko garaiak haiek. Lurrin politiko identitarioak ezkutatu edo areagotzeko modua zen besapean tolestuta zeneraman egunkaria, printzipio deklarazio bat, estetika bat, nahimen bat, konpartitutako zerbait. Martxan zegoen amets bat, zergatik ez. 1990ean hamabost urte geneuzkanontzat zigarretak erretzea edo egunkari bat erosten hastea zatekeen izan nahi genuena antzezten hasteko era, ginena baino helduago ginela adierazteko modua: esan eta izan. Edo esan duzulako izaten hasi. Edo egunkari bat erosten duzulako bihurtu. Irakurle, eta euskahaldun. Ari den euskaradun, «jarduneango» irakurle.
Euskaldunon Egunkaria sortu berritan inoiz baino gehiago erreparatzen genion ikaskideok irakasleek pasilloan barrena besapean zekarten berripaperari. Aldatuko ote zuen urliak —euskarazko irakaslea izanda, gainera— bere ohiko egunkaria beste hau erosteko? Lehengoaz beste, bigarren bat erosiko ote zuen sandiak? Harrapatuko ote genuen berendia kontraesan ideologikoetan, euskara defendatu bai, baina erdal prentsa soilik irakurtzen jarraitzen zuelako? Ba ote zegoen, kontzientzia gaiztoz erosiagatik, irakurtzen ez zuenik irakasleen artean? Beti uste izan dut jendeak «gustuko duela» dioenean, hamarretik zortzitan, «ohituta dagoela» esan nahi duela egiaz. Ohiturak askoz ere pisu handiagoa du gure bizitzan bilaketak, ahaleginak, gustuak eta hautu kontzienteak baino. Euskaldunon Egunkaria-k gustu berrietara ohitzen hasteko aukera eman zigun, eta geure burua ezagutu eta birsortzekoa. Izena ere halakoxea zuen, behingoagatik: anbiziosoa, barnebiltzailea. Proiektu eta proiekzio, bat ziren ispilu haren aurrean.
Arlo pertsonalean, kitatu ezinezko zorra dut Euskaldunon Egunkaria-rekin. Bertan argitaratu zuen Garikoitz Berasaluzek inoiz egin zidaten lehen kritika literarioa, 1994eko maiatzean. Ez dut sekula ahaztuko idazle hankagorri nintzelarik Martxelo Otamendik egin zidan telefono dei hura ere: «Ez duk aspaldi gurean idatzi» (izatez, behin baino ez zen izan; euskararen aldeko sasimanifestu bat), «Gustuko duk Kuba, gai bezala?». Mario Benedettiren artikulu bat plagiatu behar izan nuen nire ezjakintasuna mozorrotu eta eskatutako karaktere kopurua osatzeko. Hurrengo egunean, aitak egunkaria esku artean hartu zuelarik, idazlea ikusi zuen nire izenaren pean. «Idazlea haiz, beraz?», galdetu zidan. «Bai» erantzun nuen. Nire buruari estatus hura bozgora aitortzen nion lehen aldia izan zen, agian. Esan eta izan. Edo esan duzulako izaten hasi. Jarduneango idazle.
Euskaldunon Egunkaria lehenbizi eta BERRIA gero, euskal kultura eta gizartea zentrifugatzeko makinak izan dira: geure trapu zikinez gain, geu ere ibili gara hor barruan bueltaka, noiz fuga puntuen bila, noiz geure miserietara eta inertzietara ainguraturik. Orrialde horietan zilipurdikatu diren kazetarien eta orotariko kolaboratzaileen zerrenda luze eta zabalak ematen du zerbaiten berri. Kolore, ahots eta ñabardura askotako jendarte baten berri. Komeni da gogoratzea, kasu, indarrez eta gezurrez itxiarazi aurretik, Fernando Savater izan zela azken elkarrizketatuetako bat. Zure ustezko arerio politikoak gauza interesgarriak esaten dituela aitortzean hasten baita benetako elkarrizketa. Auzolanaren hezurmamitze ederrak badu, ordea, bere itzala ere: euskalgintzak sarri bere duen prekarietatea, kili-kolokeria, egonkortasun eza, hainbat kazetari eta langile fin kazetaritzaren harea iraulkorretatik ateratzera derrigortu dituena. Egunkari estandar duin bat lortu genuen uneak, egunkari estandar guztiak gainbehera hasi ziren sasoiarekin egin baitzuen bat.
Jada ez dugu lagun hurkoa besapean daraman egunkariagatik ezagutzen. Paperezko ispiluek beste era bateko gailu eta ispiluei egin diete leku. Jolas-parkeetako ispilu-deformatzaileen galeria batean bizi gara etengabe. Eta jolas-parkeak eder diren arren, Shanghaiko dama filmaren amaiera ikusi duen edonork dakien bezala, badituzte beren arriskuak ere.
Elkar itsutu gabe ispilu horiek erabiltzen ikasi eta islatzen dugun mamia ispilukeriatik bereizteko gai izatea da kontua, beharbada. Errazagoa esaten, egiten baino.