Joan Mari Torrealdai hil da

2020, abuztuak 1

Erreferente eta eragile handi bat galdu dute euskarak, eta euskal kulturak, eta Euskal Herriak: Joan Mari Torrealdai hil da, 77 urte zituela. Euskal kulturako intelektual handietako bat izan da, eta euskalgintzako ekintzailea. Ia 60 urteko ibili oparoa utzi du. Eta, heriotzaren ondoren ere, zutik jarraituko dute haren altzoan sortutako eta hazitako proiektuek; besteak beste, BERRIAk, Euskaldunon Egunkaria-ren oinordeko egunkari nazionalak.

jarraia185087w768

Azken urteak minbiziarekin egin ditu Torrealdaik. 2015ean jakinarazi zuen hezur muineko minbizia zeukala. Hamabi urte joanak ziren Guardia Zibilak atxilotu zuela, Egunkaria itxi ondoren, eta polizia etxean jasandako torturekin lotu zuen minbizia: «Esaten nuen hezur muineraino min egin zidatela. Hezur muinean agertu zitzaidan minbizia». Osasun gorabeherekin egin ditu urteok, eta haren egoerak okerrera egin du azken egunetan. Etxeko beroan hil da, senideak eta lagun gertukoak agurturik.

Usurbil (Gipuzkoa) izan du bizilekua urteotan, eta bertako beilatokian jarriko dute hil kapera bihar: goizean, 09:00etatik 13:00etara, eta arratsaldean, 16:00etatik 20:00etara.

Bizkaitarra zen sortzez Torrealdai, Forukoa. Baina haren ibilbidean giltzarria izan da beste leku bat ere: «Esan liteke biologikoki Foruan jaio nintzela, eta kulturalki, Arantzazun». 1954an joan zen Oñatiko santutegira (Gipuzkoa), seminariora. 12 urte zituen. «Seminarioak ziren euskal unibertsitaterik ez zegoen herri honetako unibertsitateak». Zazpi urte egin zituen Arantzazun. Borborka zegoen santutegia: basilika berri eta berritzailea eraikitzen ari ziren, intelektual ugariren bilgune zen, eta Euskaltzaindiak han egin zituen batzar erabakigarriak —tartean, 1968koa, euskara batuaren sorrerakoa—. Euskal Herrirako begiak ireki zizkion Arantzazuk Torrealdairi, 2016an BERRIAn kontatu zuenez: «Txokokerien gainetik Euskal Herria osotasunean ulertzeko modu bat zor diot Arantzazuri».

Euskal kulturgintzan murgiltzeko abiapuntu ere izan zitzaion Arantzazu. Torrealdai seminariora iritsi eta gutxira sortu zuten Jakin aldizkaria, 1956an; ikasleek egiten zuten. Torrealdai gerora sartu zen taldean, 1963an. Ate ugari ireki zion: «Irteera handia izan zen». Baina zaila zen egoera, zentsuragatik. Torrealdai sartzean hala zegoen; 1964an baimendu zuten, eta 1969an, berriz isilarazi. Torrealdai zen zuzendaria. Zentsura izan zuen aztergaietako bat gerora.

Jakin taldeko kide gisa euskara batuaren bultzatzaile nagusietako bat izan zen, eta hala jarraitu du hamarkada hauetan. 1975ean euskaltzain urgazle izendatu zuten, eta oso 2007an. Orain bi urte, 1968ko bilkuraren urteurrenean, hark irakurri zuen Euskara batuaren adierazpena, Arantzazun.

Jakin isilarazirik, ikasketak sakontzera jo zuen 1969an Torrealdaik. Okzitaniako Tolosara joan zen, Manex Erdozaintzi-Etxartekin —frantziskotarra zen hura ere—. Teologian lizentziatu zen. Parisera joan zen gero, Soziologia ikastera, 68ko Maiatza igaro berri zelarik. «Munduaren erdigunea iruditu zitzaidan, talaia paregabea».

Frankismoaren hondarrak ziren, eta indartzen ari zen euskara eta euskal kultura berpizteko mugimendua. 1975ean itzuli zen Torrealdai Paristik, eta parte hartu zuen Elkar argitaletxea sortzen eta Jakin martxan jartzen. 1977an lortu zuten aldizkaria kaleratzeko baimena, Torrealdai zuzendari zela. Bazen arazo bat, ordea: «Urteak neramatzan aldizkarietako zuzendari, eta titulurik ez. Eta legez titulua behar». Informazio zientzietan lizentziatu zen EHU Euskal Herriko Unibertsitatean, tesina honekin: ETB eta euskara.

Urte haietan sendotu zen Jakin taldea, eta, aldizkariaz harago, beste lan ugari ere egin zituzten. Torrealdaik berak, adibidez, 1977an argitaratu zuen Euskal idazleak gaur. Beste hiru kide historiko zituen alboan Jakin taldean: Joseba Intxausti, Joxe Azurmendi eta Paulo Agirrebaltzategi. Laurek jaso zuten Gipuzkoako Foru Aldundiaren urrezko domina 2018an. Taldea, hori izan du ardatz Torrealdaik ibilbide profesional osoan: kolektiboan lan egitea. Hori nabarmendu zuen, adibidez, 2016an, Eusko Ikaskuntzaren Manuel Lekuona saria jasotzean: «Ipotx bat naiz erraldoien bizkar gainean igoa. Erraldoi askori zor diot zuen aurrean egotea. Nire obra zerbait bada, obra kolektiboa da».

Beste ardatz bat ere izan du Torrealdairen ibilbideak: herri ekimenaren aldeko apustua. Horren aldarria egin zuen, adibidez, 2016an, Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloaren aurkezpenean: «Herri ekimenak ikaragarri dezake, kudeaketa on batez lagundurik. Daukagun hoberentxoena herri ekimenari, lan eta elkarlan kolektiboari, hizkuntza komunitate aktibo eta konprometituari hein handi batean zor diogulakoan nago».

Herri ekimeneko proiektu handi batean murgildu zen Torrealdai 1980ko hamarkadaren amaieran: Euskaldunon Egunkaria-n. Lan diplomatikoa egitea egokitu zitzaion, «proiektuaren izaera azaltzea instituzioetan eta gizarte eragileetan». Ez zen lantegi erraza izan: «mesfidantza asko» zegoen, «salakuntza inplizitu asko». 1990eko abenduaren 6an atera zuen lehen zenbakia Egunkaria-k. Administrazio kontseiluko lehendakaria izan zen Torrealdai. Herri ekimenarekin batera, bazuen beste ardatz bat: ametsak lortu egin daitezkeela, oztopoak izan arren. «Nire eskarmentuko lezio nagusia esaldi labur honek bil dezake: ezina ekinez egina. Abiatzeko unean hainbat ekimenek hala ematen zuten, lortezinak zirela, baina, historia lekuko, ekinaren poderioz burutzera iritsi izan gara».

2003an zapuztu zuen Egunkaria-ren proiektua Guardia Zibilak: indarrez itxi zuen euskarazko periodikoa, Espainiako Auzitegi Nazionalaren onespenez. Atxilotu egin zituzten arduradunak, tartean Torrealdai bera. Torturak salatu zituzten. Torrealdaik berak ez hasieran: bost urte behar izan zituen mina kanporatzeko. Zauri sakona izan zen. Eta ez zen atxiloaldi ondoren amaitu: 11 urteko auzibide luzeak etorri ziren ondoren —Torrealdai auzi nagusian eta ekonomikoan zegoen—. Absolbitu egin zituzten auzi nagusiko auzipetuak, eta auzi ekonomikoa artxibatu egin zuten.

Baina kaltea egina zegoen: kalte pertsonala eta kalte profesionala. «Sarraskia» egin ziotela salatu zuen: eramandako paper asko ez zizkioten itzuli, eta bueltatu zizkiotenak desordenaturik zeuden. «Ez da borondaterik gabe egina. Ezabatu egiten dizute memoria, badakite-eta ni bezalako baten indarra bere dosierretan dagoela. Nire informazio bilketetan oinarritutako lanik ez dut egin ordutik».

Eta 2015ean azaleratu zen urteetan erraietan pilatutako mina. Hezur muineko minbizia atzeman zioten Torrealdairi, eta zuzenean lotu zuen torturarekin. Lotura bazegoela ondorioztatu zuen haren psikiatrak ere.

Mugatuago, baina ibili da jendaurrean urteotan: liburuak argitaratu ditu —Asedio al euskera eta De la hoguera al lápiz rojo—, sariak jaso, hitzaldiak eman… Jakin-en erreleboa eman zuen 2014an, 42 urte zuzendari egin ostean, baina inguruan segitu du «osasunak lagundu dion guztietan», lankideek diotenez. Baina itzali da. Lasai joan dela esan die ingurukoei. «Libre sentitzen zela, lasai zegoela».

Iruzkinik ez »

No comments yet.

RSS feed for comments on this post. | TrackBack URI

Leave a comment

(XHTML etiketa hauek erabil ditzakezu): <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong> .

; ?>