Nahikoa dugu jada. Kontu bakoitzari bere denbora dagokio, eta hainbat gai ezin dira nahastu; arriskutsua izan daiteke, zeharo, erantzun ustekabekoak bezain kaltegarriak ekartzeraino. Ezin ulertuzkoa da Egunkaria auzia dela-eta hedabideetan sortu den eztabaida; paradoxa bada ere, ustez hura bidegabekeriatzat daukatenek eragindakoa. Hain zuzen ere, eztabaida horrek ez duelako inolako zerikusirik auziaren inguruan benetan dagoen elkartasunezko bat etortzearekin, bai neurri batean edo bestean bere garaian komunikabidearekin ados ez zeudenen aldetik, bai eta harekin ados zeudenen aldetik.
Izan ere, baldin eta EAEko Administrazioko goi kargudun batek ez balu lehen batean hitza hartu, orain ez ginatekeen honetaz eztabaidatzen ere arituko. Zorionez, Eusko Jaurlaritzak aldez aurretik berretsia zuen jendaurrean Egunkaria auziarekiko bere jarrera -dagoeneko ezagunak diren adierazpenetan eta aipaturiko goi kargudun horrek baliatu ez bezalakoetan-; eta, guk dakigula, goi kargudun hori kide duen alderdiaren beraren irizpideari dagokio.
Aipaturiko kasuari dagokionez, askotarikoa izan da elkartasuna, herrialde honetan gutxitan agertu ez bezalakoa. Ugaria, eskuzabala eta erabatekoa. Halakoxea izan zen, lehenik, 2003ko otsailaren 20an egunkaria itxi zutelarik eta, hurrengo, atxilotuak luzaroan inkomunikaturik eduki zituztelarik; halakoxea izan da, azkenik, tortura salaketak adierazi izan dituztelarik -bete-betean sinesten dizkiegunak- eta badaezpadako espetxeratze bidegabeak gertatu izan direlarik. Ordu hartan izan zen gizarte mobilizazioa da horren erakusgarririk argiena. Eta gaur egun ere berbera da elkartasuna, zorigaiztoko bidegabekeria hura ez baitu oraindik inork konpondu; areago baizik, larritu baino ez baita egin, geroko gerokotan luzatu dutelarik, ezer konpondu gaberik. Eta duela bost urtedanik Damoklesen ezpata dilindan dabil ankerki.
Egoera horri aurre egiteko, orduko hura bidegabekeriatzat daukagunoi eta halakotzat bizi dugunoi irtenbide bakarra geratzen zaigu: kaltetuei gure elkartasuna adieraztea, oraindik ere, eta prest agertzea aurrerantzean berriro horrelakorik gerta ez dadin ahalegintzeko.
Ez da auzi hori politika alorreko zorigaizto bakarra, jakina, euskal gizartean elkartasunezko eta konpromisozko jarrera berbera sorrarazi beharko lukeena, arras bestelako etorkizun bati begira. Baina, guri, Egunkariaren aldeko Babes Taldekooi, gai horixe dagokigu.
Elkartasuna aipatu dugu. Deiturarik gabeko elkartasuna. Ez dena ez kritikoa, ez akritikoa. Elkartasuna, besterik gabe, baina letra larriz. Eta horren inguruko zalantza izpirik duenak, ez diezaiola behinik behin enbarazurik jarri.
Egintzak hain dira gordinak, non beren gordinean harturik edo beren gordintasunaz baliaturik ez baitaiteke ez sortu ez gainditu inolako eztabaida garaiz kanpokorik ezein kultura politikaren inguruan; hain eztabaidagarriak izanagatik, alde batekoak zein bestekoak. Are gutxiago bihur daiteke inor, oharkabean bada ere, akusazioaren aliatu objektibo; ez, behintzat, jokaleku politiko zein judizial komunetan aise eztabaidatzeko moduko argudioak erabiliz, hilgarriak izango bailirateke oso Auzitegi Nazionalaren mailako epaitegi salbuespenezko batean. Han, horrelako kasuetan, pentsamendua eta ideiak kondenatzeko joera baitute, egintzak epaitu ordez. Han, froga-oinarri juridikoki zorrotzak -egintza jakin batzuei loturikoak- kontuan hartu ordez, balizko zantzuen inguruko espekulazioa hartzen baita aintzakotzat.
Horixe da, hain zuzen, azken egunetan gaiari buruz argitaratu diren zenbait iritziri eman nahi diogun erantzunaren giltzarri nagusia. Artikulu hau izenpetzen dugunotariko batzuk pertsona jantziak gara lege eta epaitegi kontuetan, eta guztiok ere badugu Auzitegi Nazionalaren berri. Ez genuke baldintza horren beharrik ere. Besterik gabe, ezin ulertuzkoa baita, ezinago ulertezina, lerro hauen bidez gezurtatzen ari garena idatzi dutenek aldez aurretik ez kalkulatu izana baliatu dituzten argudioek izan zitzaketen ondorioak. Alegia, egia baldin bada elkartasunez jardun direla. Eta halaxe jardun direla pentsatu nahiago dugu, hala eta guztiz ere.
Hizpide ditugun kritikok, nolabait, sendotasuna ageri dute ahulenarekiko, eta ahultasuna sendoenarekiko. Hots, erabilitako argudioek akusazioa hauspotzen dute, eta alfer-alferrikakoak dira hari egindako gaitzespenak. Idazki honen hartzaileek hobe egingo lukete beren jarrerak gainbegiratuko balituzte. Jakintsuen jokabidea omen, okerrak zuzentzea. Nahikoa izango litzateke, egintzen bidez baliatzea. Ez da inolako aldarriren beharrik.
Begien bistakoa bada ere, ez dugu adierazi gabe utzi nahi ez dela gure asmoa kulturaren inguruko politikak eta irizpideak saihestea. Are gutxiago, ez dugu jardun kritikorik murriztu nahi. Nola nahiko genukeen, horixe izanik gizarte demokratiko baten zimentarria.
Eztabaida dezagun kultura politikei buruz, dagokion-dagokionean eta dagokien-dagokienen artean. Kritikatu dezala nork edo nork, hala baderitzo, kritikatu beharrekoa. Kontuan izan dezagun, ordea, oraingo honetan judizialki ebatsi gabeko kasu baten prozesamenduaz ari garela, epairik gabeko auzi batean oinarritzen denaz.
Eztabaida eta kritika demokratikoek, erakundeen aldetiko erantzukizunari zor zaizkionean, bat-bat etorri behar dute ezinbestean: abagunearen baliozkotasun neurrizkoarekin, argudioen zorroztasunarekin eta eztabaidaren antolamenduarekin; baldintza nahitaezkoak, guztiak ere, guk guztiok helburutzat omen daukagun kalitate demokratikoaren onerako.
Egunkaria auzia, azken batean, ez da estrategia nagusi eta ustez hautazkoago batek ekarritako albo kalte unean uneko bat; antza denez, norbaitek halakotzat daukan arren. Aitzitik, Egunkaria auziak, talde jakin batek diseinaturiko proiektu bati erantzuten badio ere gizarte proiektu bat denez, murriztu egiten ditu: batetik, adierazpen askatasuna eta hedabide bat aukeratzeko eskubidea, euskara normaltasunez erabili ahal izatea, haren inguruko gizarte adostasuna eta, oro har, herrialde oso baten ezagutza; eta murriztu egiten ditu, bestetik, eskubide zibil eta politikoak, erabakitzeko eskubidea. Murriztu egiten du, azken batean, demokrazia bera -letra larriz-, guztion ondasun omen den horixe.
Kontua are okerragoa izango litzateke, orain, zigor epai bat izango balu. Irizpide juridikoa ezartzeko arriskua erantsi beharko litzaieke kasuari berari dagozkion kalteei; eta, nork daki, etorkizunean ez ote lukeen jurisprudentzia ezarriko. Akusazioaren tesiek aurrera egitera, euskarak ez luke batere etorkizun itxaropentsua gizarte alorrean. Beldurra arrazoizkoa da, Auzitegi Nazionala ezagututa.
Estrategia nagusi horren arduradunak dira: auziari bere hartan eutsi nahi izan dioten eragile politikoak; bestelako legez kanporatze batzuk eta beste zenbait hedabide itxi izanaren erantzuleak, eta haiek eragindako ondorio pertsonalenak; gure erakunde autonomiko batzuetako goi mailetako kargudunak -Ibarretxe lehendakaria, edota Atutxa, Knörr eta Bilbao- auziperatzea edo kondenatzea ekarri dutenak.
Horrexegatik uste dugu kasu honek, eta kasu horiek guztiek, nabarmen eraso egiten dietela gure gizarte osoari, gure herrialdeak dituen eskubideei, eta demokraziari berari. Uste horixe dugu, erabat, talde honetako kide guztiok. Eta askotariko ideologiatakoak gara.
Beraz, berrets ditzagun jarrerak. Jar dezagun kontu bakoitza bere lekuan eta koka dezagun berriro iparra, argi eta garbi, norakoa galaraz edo lauso diezaguketen tarteki nahasgarririk erantsi gabe. Alegia, Egunkaria auziak bidezko ebazpen bakarra izan dezake. Kasua bere hartan artxibatzea eta ixtea, auziaz arduraturiko fiskalak berak ere hala eskatu baitu. Ezerk eta inork ez gaitzala adoregabetu ahalegin horretan. Ezerk eta inork ez gaitzala desbidera jomuga horretatik.
Bernardo Atxaga, Xabier Arzalluz, Rafa Diez, Jose Elorrieta, Baltasar Errazti, Jonan Fernandez, Carlos Garaikoetxea, Koldo Gorostiaga eta Laura Mintegi.
Egunkariaren Aldeko Babes Taldeko kideak
[ BERRIA, 2008-03-23 ]