Musikariek babesa erakutsi diete auzipetuei, auzia «ulergaitza» delako

2009, azaroak 7

aaaa.jpg

Egunkaria auzia ulergaitza da, Ruper Ordorikaren erranetan. «Sinbolikoki» bada ere desadostasuna erakustea beharrezkotzat jotzen du, joera bat dagoelako disidentea den guztia auzipetzeko, haren ustez. Hainbat musikari, abeslari eta diskoetxe bezala, auzipetuei elkartasuna erakutsi nahi izan zien atzo eguerdian, Donostiako Bulebarrean Egunkaria Libre! lelopean egin zen elkarretaratzean.

Ordorikak bertan bildu ziren guztien izenean hitz egin zuen. Berrogeita hamar bat lagun bildu ziren: tartean ziren Benito Lertxundi, Su Ta Garreko Aitor Gorosabel eta Xabi Bastida, Andoni Tolosa Morau, Rafa Rueda, Olatz Zugasti, Anestesiako Mikel Kazalis, Txuma Murugarren, Oreka TXko Harkaitz Martinez de San Vicente eta Igor Otxoa, Kautako Mikel Moreno, Jexuxmai Lopetegi, Bide Ertzean-eko Imanol Ubeda, Berri Txarrak-eko Gorka Urbizu, Aritz Sound System, Elkar diskoetxeko Angel Valdes, Gaztelupeko Hotsak diskoetxeko Ubane Uzin eta Jose Felix Azkarate Xarra, eta Baga Biga diskoetxeko Ritxi Aizpuru, besteak beste.

Haietariko batzuekin hitz egitean, bidegabekeria hitza izan zen nagusi. Gorka Urbizu Berri Txarrak-eko abeslariarentzat, behintzat, horrela da. «Bidegabekeria handi baten beste atal bat da Egunkaria ixtea eta bost lagun auzipetzea». «Injustiziaren» inguruan, garrantzitsua iruditzen zaio kultura ordezkariak aurpegi ematea. «Gauza handirik» ez dela lortuko uste duen arren, babesa gutxienekoa da, haren erranetan.

Mobilizazioaren beharra

Iritzi berekoa da Rafa Rueda. Atzoko elkarretaratzean parte hartuz, elkartasuna erakutsi nahi zuen, baina baita lagundu ere, «hein txiki batean» bada ere. Sei urte pasa dira Egunkaria itxi zutenetik, baina mobilizatu beharra lehen bezain garrantzitsua da, haren arabera. «Erasoa ez da bukatu. Zentzugabekeria zen duela sei urte, eta orain ere bai». Ruedak uste du urteak pasa ahala egoera ez dela hobetu.

Gaztelupeko Hotsak diskoetxeko Ubane Uzinek eta Su Ta Garreko Aitor Gorosabelek bat egin dute gizarteak babesa erakutsi behar diela auzipetuei eta ahalak egin, horrelakorik berriz gertatu ez dadin. Uzinek argi du «erasoa» bost auzipetuen aurka baino haratago doala. «Horrelako gauzak auzitegietan erabakitzen dira, eta ematen du ez duela gurekin zerikusirik, baina gure aurka doa, gure egunkaria zelako, eta ezin da ahaztu itxi egin zigutela». Gorosabelek ere ez dauka dudarik auziaren ataria honetan herritarrek zeregina badutela. «Nonbaitetik buelta eman behar bazaio, herriaren indarrez izango da, eta guk ahal dugun heinean lagunduko dugu».

Harkaitz Martinez de San Vicente Oreka TXko kideetariko batek uste du garaia iritsi dela elkartasuna eta babesa baino haratago joateko. «Erantzun asko eman dira, baina badirudi horiek eman diguten musikarekin gabiltzala oraindik. Nire ustez, garaia iritsi da guk gure musikarekin gure doinuan aritzeko». Elkarretaratzea horren isla izan dela uste du.

Benito Lertxundik ere ildo beretik jo du. «Politika berriak» egiteko behar «larria» dagoela uste du. «Gauzek horrela jarraitzen duten bitartean, beti ibiliko gara bueltaka horrelako gauzetan. Ezinbestekoa da beste kultura politiko bat sortzea, askoz ere orokorragoa, alderdikeriarik gabe eta estrategia orokor bati lotua». Martinez de San Vicente bezala, berak ere badu egoera laburbiltzeko irudia. «Estatuaren mekanismoek trapua jartzen digute zezenei bezala, eta gu sartzen gara inozo-inozo». Zuhurra izaten ikasi behar dela argi du.

Gaur bertan, Egunkaria-ren aldeko jaialdia ospatuko da Donostiako Antigua auzoan. 12:00etatik aitzinera, bertso, dantza, kantu eta trikiti emanaldiak antolatu dituzte. Martxelo Otamendik ere parte hartuko du, auziari buruz hitz egiteko.

Iruzkinik ez »

No comments yet.

RSS feed for comments on this post. | TrackBack URI

Leave a comment

(XHTML etiketa hauek erabil ditzakezu): <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong> .

; ?>