Iñaki Uria: «’Egunkaria’-k ez zuen ildo editorial jakinik, baina euskararen alde egiten zuen beti»

2009, abenduak 16


Iñaki Uria izan zen Egunkaria auziko bost auzipetuetatik aurrena deklaratzen. Egunkaria itxi zutenean hango Administrazio Kontseiluko kontseilari ordezkaria zen Uria, eta aurretik kazetako zuzendari eta zuzendariorde lanetan aritu zen. Egunkaria-ren sorrera nola gertatu zen azaldu zuen Uriak, berak Argia-tik egunerokorako jauzia «naturaltasunez» egin zuela ere esplikatu zuen, eta han betetako karguetarako izendapenak nola izan ziren ere bai. Izan ere, Egunkaria-ko karguak ETAk izendatu zituela diote akusazioek, besteak beste. Hiru orduz aritu zen Uria azalpenak ematen, Jose Mari Elosua abokatuaren galderei erantzunez. Deklarazioa euskaraz egiteko aukera izan arren, gazteleraz hitz egin zuen Uriak, beste auzipetuek bezala, Auzitegi Nazionalaren itzulpenak ez direla behar bezalakoak argudiatuta.

Fiskalak ez zion galderarik egin, akusatuen kontrako ezer ez dagoela uste duelako. AVT eta Dignidad y Justicia akusazioen galdera zerrendei ez zieten erantzun ez Uriak eta ez gainerako auzipetuek.

Egunkaria-k politikoki ez zuela ildo jakin bat jarraitzen azaldu zuen Uriak. Areago, hori egingo bazuen ez zuela bizirik iraungo baieztatu zuen. «Txikiegia eta ahulegia» zen horretarako. «Nahiko grisak ginen», esan zuen. Euskal kulturaren eta euskaren aldeko ildoa jarraitzen zutela azpimarratu zuen. Horretaz gain, Egunkaria bera sortu aurretik zehaztu ziren hamaika printzipioetan oinarritzen ziren, eta baita geroago osatu zuten estilo liburuan ere. Uriak honako printzipioak zerrendatu zituen: euskaltzalea, nazionala -euskararen lurraldea hartzen du-, zabala, plurala, baterakoia, ez instituzionala baina instituzioek diruz lagundua, militantea -lan asko egin beharko zelako diru gutxiren truke-, profesionala, independentea -bai alderdietatik eta bai gaztelerazko medioetatik-, modernoa eta egunekoa.

Argian zegoela hasi zen Egunkaria Sortzen «mugimendu zabalean» Uria. Herrietan hitzaldiak ematea izan zen bere egiteko nagusia. Eta herritarren ekarpenarekin euskarazko egunkaria sortzea lortu ostean 80. hamarkada amaieran zuzendariorde postua eskaini ziotela azaldu zuen. Bera gustura sentitu zen eskaintzarekin, eta «pozarren» esan zuen baietz. Joxemi Zumalabek egin zion eskaintza, Administrazio Kontseiluaren bozeramaile gisara. Pello Zubiria zen zuzendaria, eta hiru zuzendariorde ziren. Zubiriak zuzendari kargua utzi zuenean hartu zuen Uriak ardura hori, eta urtebete inguruan aritu zen lan horretan. Kontseilari ordezkaria zen orduan Joxemi Zumalabe, eta 93an hura hil zenean lekukoa hartu zuen Uriak. Orduan izendatu zuten Martxelo Otamendi Egunkaria-ko zuzendari, Imanol Muruak karguari uko egin ondotik. Kargu hartze horiek guztiak Egunkaria SAko Administrazio Kontseiluak proposatuta hartu zituela azaldu zuen, eta inolaz ere ez, akusazioek dioten bezala, ETAk aginduta. Zehatz azaldu zuen kargu batetik besterako urratsa.

Egunkaria sortu aurretik euskal gizartean eztabaida zabala eman zen, Uriaren arabera: «Euskararen mundua txikia da, baina mundu hartako denok hartu genuen parte». Hori frogatzeko, eta proiektua ETArena zela gezurtatzeko, 1983an Argia-k argitaratu zuen urtekaria erakusteko eskatu zuen Elosuak. Auzi saioa eten behar izan zuten ez zutelako agiria topatzen. Hamar minutu pasatuta, dokumentua atera zuten, eta han ikusi zen urteko gairik eztabaidatuena euskarazko egunkari baten sorrerarena izan zela.

Euskaldunon Egunkaria-ren eta ETAren arteko lotura egiteko akusazioak erabiltzen dituen agiriei buruz ere galdetu zion defentsak. Agiri horiek duela ia 20 urte ETBk publiko egin zituenean ezagutu zituen Uriak. «Ez zuten egia esaten, gure independentziaren aurka zihoazen eta min egiten ziguten». Agiri horiek lortzeko ahalegin handia egin zuen Administrazio Kontseiluak, Uriaren arabera, eta lortutakoan publiko egin zuten kopia bat, hark euskarazko egunkariarekin zerikusirik ez zuela esanez, karguak aukeratzean inork ez zuela eskurik hartu eta hamaika printzipioetan mantentzen zirela esanez. El Mundo-k 93an beste artikulu bat publikatu zuen agiri berberak oinarri hartuta, noiz, eta Egunkaria Jaurlaritzarekin akordio bat egin nahian ari zenean.

Tortura salaketa

Atxiloketa nola gertatu zen azaldu zuen. Torturatu egin zutela kontatu zuen ahots dardartiz, publikoan akusazioen jarraitzaile batek barre egiten zuen bitartean. Biluzik eduki zutela esan zuen, ariketa fisikoak eginarazi zizkiotela etengabe, poltsa jarri ziotela, pistola buruan jarri eta klik egin zutela, listin moduko batekin etengabe kolpatu zutela, garrasiak entzuten zituela eta guzti horrek zauria utzi ziola hankan. Salaketa ere jarri zuen, baina artxibatu egin zuten.

Iruzkinik ez »

No comments yet.

RSS feed for comments on this post. | TrackBack URI

Leave a comment

(XHTML etiketa hauek erabil ditzakezu): <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong> .

; ?>