Joan Mari Torrealdai: «Pluraltasunaren bermerik gabe ez ginen arituko»

2009, abenduak 16


Joan Mari Torrealdai «obsesionatuta» zegoen Egunkaria-ren pluraltasuna, autonomia eta independentzia zaintzearekin. Felix Cañada abokatuaren galderei erantzunez epaimahaiari azaldu zion egunkari hori plurala eta independentea izateko bermerik ez bazuen ez zirela han lanean arituko. Egunkaria-ko 11 printzipioez hitz egin zuen Torrealdaik gainerako auzipetuek bezala. Beretzat hiru horiek ziren garrantzitsuenak. Horretan Administrazio Kontseilua osatzen zuten guztiak ados ziren.

Egunkaria SAko Administrazio Kontseiluko lehendakari izan zenak azaldu zuen ez zutela zentimorik ere jasotzen Administrazio Kontseiluan aritzeagatik. Egunkaria-n dirua jasotzen zuten bakarrak langileak zirela nabarmendu zuen, eta berak ez zuela han lan egiten, baizik eta Jakin-en. Diru kontuez gauza gehiago ere esan zituen. Akusazioak dio ETAk finantzatzen zuela Egunkaria, eta Egunkaria-k berak finantzatzen zuela ETA. «Baina nola egingo genuen hori, hilaren amaierara iristeko gai ez baginen! Miserable batzuk ginen». Kazeta sortzeko diruaren jatorria, berriz, herrietan egin ziren hainbat ekimenetatik eta kultur munduko erakundeek egindako ekarpenetik batu zela argitu zuen.

Helburua egunkari normalizatu bat egitea zen, Torrealdairen arabera, baina euskaraz zenez ezinbestekoak zituzten diru laguntzak, bizirik iraun nahi bazuen. Horregatik, alderdi eta instituzio guztiekin zituzten harremanak. Hala, Egunkaria-ren enpresaren datuak ezagunak zirela argudiatu zuen. Laguntza eske joaten zirenean egoeraren berri ematen baitzien alderdi eta instituzioei Administrazio Kontseiluak. «Gurea kristalezko etxea zen. Ez zegoen sekreturik. Ez genuen ezer ezkutatzen ez geneukalako ezkutatzeko ezer».

Diru laguntzak ez ezik, herritarren konfiantza lortzea ere beharrezkoa zuen kazeta sortu berriak. «Hori lan ona eginez» lortzen saiatu ginen».

Administrazio Kontseiluko jendeak inongo alderdi politikorekin zerikusirik ba al zuen ere galdetu zion Cañada abokatuak. Ezetz erantzun zion Torrealdaik: «Gu euskararen militantziak batzen gintuen. Euskararen alde, euskaraz eta euskaragatik egiteak». Hala, karguak aukeratzerakoan ETAk inolako zerikusirik ez zuela izaten baieztatu zuen ziurtasun osoz. SA batean jarraitu beharreko urratsak jarraitzen zituzten, beren abokatuekin kontsultak eginda.

Deklarazio baliogabea

Ordu eta erdiz aritu zen Torrealdai atzo epaimahaiaren aurrean deklaratzen. Auzitegi berberean, baina zazpi urte lehenago inkomunikaziotik irten berritan Juan del Olmo epailearen aurrean egin zuen deklarazioak ez duela ezertarako balio esan zion epaimahaiari, ezer baino lehen. Adierazpen haiek egin zituenean erabat lur jota zegoela azaldu zuen, eta deklarazioa erabat inkoherentea eta funts gabekoa izan zela. «Epaileak berak galdetu zidan tratuaren inguruan. Gaizki ikusiko ninduen. Oso gaizki nengoen».

Guardia Zibila bere etxera sartu orduko hondoratu zen, atzo azaldu zuenez. Bi haur txiki zituen orduan, eta haiek armekin seinalatu zituztela ikusi zuen. Haurrak izututa ikusteak lur jota utzi zuen. Ez zioten bost egunez lo egiten utzi, jo egin zuten, aurpegia estalita eduki, puntadun zerbaitekin eraso egiten zioten nahi zutela esaten ez bazuen… Ikasitakoa esaten ez bazuen akabatuko zutela mehatxu egin zioten. Guzti hark ondorio latzak utzi zizkion. Urtebeteko tratamendu psikiatrikoaren laguntza behar izan du.

Iruzkinik ez »

No comments yet.

RSS feed for comments on this post. | TrackBack URI

Leave a comment

(XHTML etiketa hauek erabil ditzakezu): <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong> .

; ?>