Gaur irakurri dituzte Egunkaria-ren aurkako epaiketan herri akusazioak, fiskalak eta defentsak euren ondorioak, eta fiskalak eta defentsak bost auzipetuen absoluzioa eskatu dute, Egunkaria-ren aurkako frogarik ez dagoela iritzita. Dignidad y Justicia eta AVT herri akusazioek 12 eta 14 urte arteko kartzela zigor eskaerak egin dituzte auzipetuentzako.
Fiskala
Susmoak eta akusazioak bai, baina halakorik erakusten duten frogarik ez du ikusi Miguel Angel Carballo fiskalak Egunkaria-ren auzibidean akusatuen kontra, ez ahozko epaiketa hasi aurreko prozeduretan, ez ahozko epaiketan. Absoluzioa eskatu du, ondorioz -deklarazioen txanda amaitzean asteazkenean iragarri zuen ez zuela zigorrik eskatuko-. Auzibidean bertan artxiboa eskatu zuen Carballok, baina Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaimahaiak ez zuen haren eskaera onartu.
“Milaka folioren ondoren akusazioak agiri gutxi batzutara mugatzen dira”, adierazi du gaur fiskalak, bere ondorioak epaimahaiaren aurrean irakurtzean. Agiri horiek ustez ETAri atzemanda Guardia Zibilak aurkeztutakok lirateke, eta horietan jasotzen dena ere oso ahula dela nabarmendu du Carballok. Hala, defentsaren perituek itzulpenak gutxietsiz esandakoa ontzat eman du, klabe batzuk okerrak direla agertu, eta, gainera, agiri horietan agertzeak inork ETArekin harremanik duela frogatzen duenik ukatu du. Bost auzipetuen izen ona eta haien ibilbide profesionala, berriz, aintzat hartzekoak direla iritzi dio.
Defentsa
Jose Mari Elosua izan da defentsa abokatuen artetik aurrena hitza hartzen -16:30ean hasi da-, eta auzipetuek deliturik ez zutela egin agertu du eta epaiketan ez dela haien aurkako frogarik azaldu. Hala, bost auzipetuak libre uzteko eskatu dio epaimahaiari. “Euskal gizarteak badaki akusatuak errugabe direla”, esan du Elosuak, eta epaileek ere horixe ebatziko dutela seguru dago.
Haren arabera, epaiketan ere ikusi da ez dagoela loturarik Egunkaria eta ETAren artean, ez finantzazio aldetik, ez bestela. Finantzazio aldetik Guardia Zibila, delituak ikusi nahian, ikerketaren “norabidea erabat aldatzen” ibili zela gogoratu du Elosuak, baina “frogatu da [kazetaren sorrera garaian] dirua herritarrek eman zutela, akzioak eta materiala erosita. Guardia Zibilak ere badaki hori, baina Egunkaria kriminalizatu nahi izan du Udaletxe proiektua dagoela esanda”. Horretaz gain, polizia txostenetan “kontraesanak” agertu direla esan du Elosuak, batzuk “bermerik gabekoak” zirela, “akusaziorako erabili diren beste txosten batzuk ez dira agertu”… Itzulpengintza “eskandaluzkoa” izan dela azpimarratu du, era berean.
Abokatuak azaldu du, gainera, epaiketan ziurtatuta geratu dela Egunkaria-k ez ziola ETAri ezertarako baimenik eskatu behar. “Akusatuek ez dakite ETAk nondik jaso zuten Egunkaria-ri buruzko informazioa, baina badakite beraiek ez direla izan”.
Ohartarazi du akusazioek erabilitako txosten horien balorazioa egitea ez dagokiola Guardia Zibilari. “Zuei dagokizue balorazioa egitea”, esan die epaimahaikideei. “Baina ba al duzue gaitasuna balorazio hori egiteko? Nire ustez, ez”, adierazi die. Izan ere, Elosuaren hitzetan, akusazioek erabilitako txosten gehienen jatorria ez dago egiaztatuta. “Gainera, euskaraz ez dakienak ezin du ulertu txosten horietan dagoena”.
Euskarazko kazetak gizartean babes handia zuela nabarmendu du, 2003ko otsailaren 22an itxierako manifestazioan ikusi zen bezala.
19:00etan amaitu du azalpena Elosuak, eta Felix Cañada defentsa abokatuak hartu du hitza ondoren. Haren antzeko arrazoiak ari da erabiltzen. “Horrela segituz gero, ikastolak izango lirateke akusatuen aulkian esertzen hurrenak, euskara bultzatzen dutelako”.
Herri akusazioak
Herri akusazioak izan dira aurrenak ondorioak leitzen: Dignidad y Justicia eta AVT. Asteazkenean iragarri zuten bezala, 12 eta 14 urte arteko kartzela zigor eskaerak egin dituzte auzipetuentzako.
Aurrenaren abokatuak berrogei minutuko hitzaldia egin du, epaiketa amaierako bere ondorioak zeintzuk diren agertzeko. Funtsean, ahozko epaiketa hasi aurreko argudioei berei eutsi die, egunotan aretoan esan eta entzundakoek eraginik izan ez balute bezala. Batetik, auzibidean zehar Juan del Olmo epaile instruktoreak eta Guardia Zibilak egindakoak egokiak eta zilegilak izan direla iritzi dio, eta ukatu egin du torturarik edo bestelako eskubideen urraketarik egon zela. Bestetik, Guardia Zibileko perituek emandako azalpenei eta haiek ustez ETAri atzemandako agiriei egindako interpretazioei estu-estu lotu zaio DyJko abokatua, eta Egunkaria ETAk sortu zuela berretsi du. Ildo horretatik, Joan Mari Torrealdai, Txema Auzmendi eta Iñaki Uria horren jakitun zirela adierazi du, txosten horien Guardia Zibilaren interpretazioari men eginez. Martxelo Otamendi Egunkaria-ko zuzendari ETAk hautatu zuela argudiatzeko Uriaren onespena zuela esan du. Xabier Oleaga, berriz, erakunde armatuaren komisario politiko gisa sartu zela, Guardia Zibilaren txostena hitzez hitz jarraituz.
AVT ordezkatzen duen abokatua ere bide beretik aritu da.
Etzi bukatuko da epaiketa
Defentsako abokatuek ondorioak irakurri ondoren -horretan ari dira gaur 16:30etik aurrera-, auzipetuek izango dute epaiketan azken hitza. Bihar ere izango da saioa, eta Javier Gomez Bermudez epaimahaiburuak iragarri du beranduenez asteazkenean amaituko dela epaiketa -abenduaren 15ean hasi zen-.