Imanol Murua Uria (Berria)
Otsailak 1
Absoluzioaren zain
Espainiako Auzitegi Nazionala, astelehena, gaueko bederatziak ingurua. Azken ondorioak azaltzen ari dira abokatuak. Auziaren jatorritik ahozko epaiketarainoko errepaso zehaztasunez betea egin du Joxe Mari Elosuak, bi ordutik gorako hitzaldian, akusazioak batere oinarririk ez duela erakusteko. Egunkaria-k euskararen zabalkundea helburu duelako ETAren tresna dela ondorioztatzearen zentzugabekeria nabarmendu du Felix Cañadak. Akusatuen aulkian eserita daudenek ETAren ustezko paperetan agertzeko «zoritxarra» izan dutelako eta horregatik bakarrik zigortu nahi dituztela ohartarazi du Ignacio Pelaezek. Eta auziari hamar argazki egin dizkio Iñigo Iruinek, halako auzi bat ahozko epaiketara iritsi izanak sistema judizialaren beraren nolakoa salatzen duela ohartarazteko.
Eta, dena esanda zegoela ematen zuenean, denboran atzera egin du Iruinek. 1960ko hamarkadaren bukaerara egin du jauzi, euskara batuari buruzko eztabaidara. Epaimahaikideei azaldu die euskara estandar idatzian H letra erabiltzearen alde zeudenei ETAren irizpideak jarraitzea leporatu izan zietela. Azaldu du euskaltzain batek eman ziola eztabaida haren berri, eta gero Torrealdaik berak eskuratu zizkiola eztabaida hartako idatziak. Euskaltzaindia, el batua y la muerte del euskera liburuko pasarte bat ekarri du gogora, ezer asmatzen ez dela ari erakuste aldera. Epai gela osoaren jakin-mina piztu du. «Badakizue zergatik esaten zuten H letra onartzea ETAren kontua zela?». Hiru epaimahaikideak adi-adi dauzka. «H letra, grekoz, eta esaten delako!». Epaimahaiko presidenteari ere, Javier Gomez Bermudezi, ihes egin dio irribarre txikiak.
Erraz biribildu du argudioa Iruinek: «Jakina euskara batuan H onartzea ez zuela ETAk erabaki, baina eztabaida hura gaur egun egin izan balitz, gatazka linguistikoa Auzitegi Nazionaleraino eramatea lortuko zuen Guardia Zibilak. Euskaltzaindiaren Arantzazuko biltzarrean euskara literarioan H sartzea ETAk erabaki ez zuen bezala, Egunkaria-ren sorrera ere ez zuen ETAk planifikatu».
Auzi osoari argazki handi bat ateratzea bezala izan zen astelehenekoa. Akusazioek, fiskalak eta defentsak norbere ondorioak eman zituzten egun osoan, eta, denak entzunda, ondorio bat besterik ezin dute atera epaimahaikideek: Koldo Mitxelena, Luis Villasante, Juan San Martin, Piarres Lafitte eta Alfontso Irigoien zigortzeko adina arrazoi dituztela Joan Mari Torrealdai, Txema Auzmendi, Iñaki Uria, Martxelo Otamendi eta Xabier Oleaga espetxeratzeko.