Juan Jose Ibarretxe (Jaurlaritzako lehendakari ohia eta irakaslea. Berria)
Astelehenean Joan Mari Torrealdairi idatzi nion, esateko epaiak sentsazio gazi-gozoa utzi zidala. Poza dut, Egunkaria-ko lagunek bizi izan duten kalbarioa amaitze bidean dutelako. Eta tristura eta gogaitze eta haserre puntua ere bai; mina itxierarekin eta atxiloketekin egin zelako eta horrek bueltarik ez duelako.
Audientziak erabaki du egindakoa konstituzioaren kontrakoa izan zela, legez kontrakoa, euskarririk gabekoa eta oinarrizko eskubideak urratu zituela; onartu du, ikertu gabeko tratu txarrak egon zitezkeela, halaber. Bere burua zuritu nahian, baten batzuek diote epai honek justiziaren funtzionamendu ona erakusten duela; ez da horrela, berandu egindako justizia ez baita justizia, eta Andu Lertxundik idatzi duen moduan, Egunkaria-rekin «kaltea jacta est».
Epaiak Espainian demokraziak eta justiziak dituzten gabeziak eta mugak agerian utzi ditu. Egunkaria-ren itxiera bidegabekeria izan zen. Miatze agindu batekin itxi zen, Guardia Zibilaren tesi ero bat oinarri -euskal kultura oro ETA da- eta Aznarren gobernuaren eraginpean, PPk bultzatuta, PSOEren isiltasun konplizearekin; nahiz, bakoitzari berea, Martxelo Otamendik dioen moduan, guztiak isilik egon ez.
Adierazpen eta informazio askatasunen aurkako erasoa zen, zentzugabea eta legez kontrakoa. Egindako kaltea konpon ezina da. Ez ziren zazpi urte behar injustizia hura ikusi eta salatzeko, Egunkaria kalean izateko eskubidea aldarrikatzeko eta laguntza emateko, Pello Zubiriaren Habeas corpusa eskatzeko edo tratu txarren argitzea eskatzeko.
Artikulu honen titulua Miren Azkarate, orduko Kultura sailburuak Egunkaria itxi eta hiru egunetara argitaratu zuen iritzi artikulu batetik hartu dut. Adierazgarria da, eta titulua bezainbeste orduan, duela zazpi urte, Azkaratek idatzi zuena. Hona hemen, bere horretan, koma bakarra aldatu gabe:
“Bi auto judizialekin eta Euskaldunon Egunkaria-ren inguruko adierazpenekin Estatuko botereak arrisku handiak hartzen ari dira. Batetik, epaiketatik kanpoko aurreiritziak eginez, eta, bestetik, ez pertsonak, baizik eta entitate bat aldez aurretik juzgatuz, alegia, erruduntasun-presuntzioa elikatuz, eta honen bitartez, herri bat eta kultura bat aurretik epaituz.
Arriskutsua da, baita ere, hizkuntza normalizazioaren aldeko talde-esfortzua, egunkari bat euskara hutsean sortu duena, eta prentsa askatasuna bera hain larriki kaltetzea, iraingarria izateaz gain, ondorio ezjakinak ekar litzakeelako.
Arriskutsua da, halaber, hain prozesu judizial kutsatua abiaraztea, hainbeste non, azkenean, Justizia bera izango den epaitua, horrek lekarkeen konfidantza-hausturarekin Zuzenbidezko Estatuarekiko. Espainiar Estatuaren argudioa kasu honetan (euskal kultura terrorismotik defendatzea) Prestige kasua (kostaldea salba dezagun) edo Iraken kontrako gerraren alde (munduaren segurtasuna jokoan) egitea bezain ulergaitza da, zuhurtzia politiko txikienaren aurka doalarik, gainera.
Jakina da auto judizialen irekitzeak bere baldintzak badituela, aztarna mailakoak, prozedurazkoak, berme eginkizunak… hauxe bermatzeko: Justiziaren independentzia eta zintzotasuna, kasuaren larritasunera moldatu beharra, eta, azkenik, zigorraren proportzionaltasuna. Horrek guztiak eskatzen du epaileen jokamoldea Zuzenbideari soilik lotzea.
Arazo larria izango genuke, edozein arrazoiengatik, berma eta prozedura horiek, sistema demokratikoaren erroan egonik, alde batera utziko balira terrorismoaren kontrako politika ulertzeko modu jakin baten mesedetan, halako moldez, non Justizia haren kate-maila baino ez litzatekeen. Are larriago litzateke susmoak errugabetasun-presuntzioa garaituko balu, eta, azkenean, Zuzenbidearen jokabidea jarraitu ordez, susmo eta usteen jokabidea ezarriko balitz, espainiar gizarteko maila batzuetan ezarri den bezalakoa, alegia, euskalduna den oro susmagarria dela ETAren laguntzaile izateko, baldin eta ez bada kontrakoa garbiki frogatzen.
Justizia kutsatuko balitz bi jokamolde horiekin, bere funtzioa eta sinesgarritasuna galduko luke. Euskaldunon Egunkaria-ren kasuan ez zaio bakarrik hasiera eman prozedura bati zenbait pertsona auzi bidera eraman ditzaten, baizik eta itxieraren bitartez erakunde bat dagoeneko erruduntzat jo dute aurre juzkutik, nahiz eta herri demokratikoen filosofia politikoan oso froga sendoak beharko liratekeen prentsa sikiera ere ukitzeko, askatasunaren beraren ikurra baita.
Kazeta bat, edozein kazeta, kautelaz eteteak, sekula amaituko ez den epaiketa baten zain, gizarte multzo batek informaziorako duen eskubidea larriki mugatzea lekarke, eta baita ere enpresa baten hondamen ekonomikoa, kalte hori konpontzeko aukerarik gabe, gainera. Era berean, hori gertatuko balitz, Euskaldunon Egunkaria-ren kasuan, hori bultzatzen dutenek erantzukizun erantsia hartuko lukete bere gain euskara hutsezko egunkari bakarraren edizioa geldiaraziz.
Beharbada, ez Auzitegiak ez Aznar-en Gobernuak ez dute neurtu halako erabaki politiko baten dimentsioa. Sentimendu kolektiboa irainarena eta haserrearena da, talde erreazkioa eta talde erabakia dago egunkari bat osoki euskaraz kalean ikusi nahi izatearena.
Dena den, ziurra dena zera da: gustatu ala ez, euskal gizarteak lanean jarraituko duela euskara hutsezko egunkari bat egon dadin, eta ziur lortuko dugula».
Eusko Jaurlaritzak eta neronek, Lehendakari gisa, gertatu zenetik salatu genuen egindako kalte larria eta hura pairatu zutenekin bat egin eta horrela egin dugu ibilbide osoan.
Gogoan dut, oraindik, otsailaren 20ko goiz hartan, Jaurlaritzak Legebiltzarrean duen bulegoan izan genuen bilera. Han ginen, Josu Jon Imaz, Jaurlaritzako bozeramailea, Miren Azkarate, eta ni neu. Hirurok bat gentozen auziaren larrian baina beste ataka sumatu genuen, hura bezain maltzurra: faltsukerietan oinarrituta polizia eta justizia erabiliz Egunkaria ETArekin lotzen da; Eusko Jaurlaritzak garaian euskaraz argitaratzen zen kazeta bakarrari emandako laguntzak salatzen ditu PPk, eta Jaurlaritzak ETAri laguntzen diola ondorioztatzen du. «Dena ETA da», tesia.
Martin Ugalde gizon handia gogora ekarri nahi dut. Itzal handikoa kulturan eta politikan, erbesteko Eusko Jaurlaritzaren kide, eta euskara eta euskal kulturaren aldeko langile amorratua. Bere pertsonan gogoan izan nahi ditut Egunkaria-ren kontrako injustizia pairatu duten guziak. Egunkaria-ren itxierak , Martin Ugalde gaixorik eta babesgabe hartu zuen, euskarazko kazeta sortzeagatik inputatuta eta bere diru kontuak bahituta hil zen. Zorionez, ez zuen inoiz jakin zer egin zioten.
Injustizia hau ez zuten eragin Aznarren garaian erein ziren iritzi taldeek, politika auzibideetara eramateko sortutako iritzi taldeak, demokrazia bahitzeko eragindakoak. Ez, hau Guardia Zibilak eragin zuen, aginte exekutiboak eragin zuen, epaile baten laguntzarekin. Arrazoia dute Egunkaria auzikoek gizarteari erne jarraitzeko eskatzean, nekatuak baikaude dagoeneko hamaika horrelako behin eta berriz ikusten.