Auzia itxi gabe PP itzuliko den beldur dira ‘Egunkaria’-ko atal ekonomikokoak

2011, urriak 15

Zortzi urte beteko dira bihar Egunkaria auziko bigarren polizia operazioa egin zela. Auzibide horrek, alor ekonomikokoak, irekia jarraitzen du, eta berau bertan behera uzteko eskatu zuten auzipetuek eta haiei babesa ematera elkarretaratu zirenek atzo Martin Ugalde kultur parkean.

8.jpg

Egoera salatzeaz gain, beldurra ere adierazi zuten auzipetuek, Espainiako Gorteetarako hauteskundeak gertu daudelako eta litekeena delako Euskaldunon Egunkaria itxi zutenak Espainiako Gobernura itzultzea.

«Gobernu hartako lehen lehendakariorde izan zena, Mariano Raxoi, orain Espainiako Gobernuko lehendakari bihurtu omen daiteke. Eta Egunkaria auziak irekita jarraitzen du. Beldurra diogu egoera horri», esan zuen Joan Mari Torrealdaik, auzipetuen izenean. Egoera politikoa nabarmen aldatu dela onartu arren, egoerak argi-ilunez beterik jarraitzen duela ohartarazi zuen, eta, horregatik, gizartearen babesa eskatu zuen, babes horri esker gertatu zelako «2010eko apirileko sententzia lasaigarria ere».

Torrealdairekin batera, Ainhoa Albisu, Txema Auzmendi, Fernando Furundarena, Mikel Sorozabal, Joxemari Sors, Iñaki Uria eta Begoña Zubelzu daude auzipetuta. Guztiak izan ziren Andoainen, Txema Auzmendi izan ezik, atzerrian baita.

Alor askotariko lagunez inguratuta egon ziren auzipetuak atzoko elkarretaratzean. Han ziren, besteak beste: Gipuzkoako Aldundiko Juan Karlos Alduntzin eta Garbiñe Errekondo diputatuak, ezker abertzaleko Koldo Gorostiaga, EAko Pello Urizar, Aralarreko Ainhoa Beola, ELAko Patxi Agirrezabala, CCOOko Jesus Uzkudun, Kontseiluko Paul Bilbao, Ikastolen Elkarteko Abel Ariznabarreta, Baketik-eko Jonan Fernandez, Berria Taldeko Joxan Lizarribar, Argia-ko Pello Zubiria, Goiena taldeko Iban Aranzabal, ESAITeko Martxel Toledo, Nabarraldeko Angel Rekalde, Mariano Ferrer kazetaria eta Xabier Mendiguren Elizegi idazlea. Han ziren, halaber, Martxelo Otamendi eta Xabier Oleaga Egunkaria auziko atal nagusian epaitutakoak, Egunkaria-ko langile ohiak eta kultur parkeko langileak.

Egunkaria auziko atal nagusian absolbitu egin zituzten denak. Oraingo atala, berriz, Auzitegi Nazionaletik Donostiako epaitegira igaro zuten. Ogasunaren aurka balizko delituren bat gelditzen zen sumario horretan, eta hori epaitzeko ardura Donostiako Probintzia Auzitegiarena zela ebatzi zuten. Horregatik, auzia berriro hutsetik hasi behar da.

Dignidad y Justicia elkartea herri akusazio gisa aurkeztu zen auzian, baina Donostiako zigor arloko 3. epaitegiko epaileak atzera bota zuen eskaera, defentsaren eta fiskalaren eskaerak aintzat hartuz. Auzian esku hartzeko zilegitasunik ez zuela ebatzi zuen, elkartearen estatutuen arabera terrorismoarekin lotutako delituen kasuan bakarrik aritzeko helburua duelako. Erabaki horren aurka helegitea aurkeztu zuen Dignidad y Justiciak, eta horri buruz erabaki behar du orain Probintzia Auzitegiak. Ondoren, kalifikazio idatziak aurkezteko eskatuko die aldeei.

Iruzkinik ez »

No comments yet.

RSS feed for comments on this post. | TrackBack URI

Leave a comment

(XHTML etiketa hauek erabil ditzakezu): <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong> .

; ?>