Arnasgune bat paperean

2013, otsailak 23

Maren Belastegi (Uemako lehendakaria)

Mina, oinazea eta amorrua sentitu genituen orain dela hamar urte Euskaldunon Egunkaria-ren itxierarekin. Geurea zen zerbait bortizki kendu ziguten. Herri honekin eta bere hizkuntzarekin konprometituriko hainbat kide torturatu eta kartzelatu zituzten. Euren eguneroko zereginetatik urrundu, ahotsa isilarazi nahi. Gogoan ditugu Euskaldunon Egunkaria-ko langileen ezinegona, haserrea, mina. Baina barru-barrutik atera zuten berehalako erantzun batek merezi zuen indarra, biharamunean Egunero kioskoetan egon zedin, euskarazko prentsak etenik izan ez zezan.

Euskal Herria mobilizatu egin zen, berebiziko urratze baten aurrean. Ez genuen isilik geratu nahi izan tamaina hartako erasoaren aurrean: adierazpen askatasunaren aurkako eraso bortitza, hizkuntza eskubideen kontrako jipoia, herritarrek bultzatu eta sostengatutako proiektuari zigorra.

Egun bereko mobilizazioez haratago, neurriko erantzuna eman zitzaion, Donostiako manifestazio jendetsuarekin, herrietako ekinbideekin, nazioarteko salaketarekin eta proiektu berri bat abian jartzearekin, gerora Berria izena hartuko zuena.

Euskararentzat eremu propioak lantzen dihardugunontzat, esparru naturalak irabazi nahian ari garenontzat, ezinbestekoa da, berebizikoa, euskarazko komunikazio esparru sendoa edukitzea. Eta paper hori betetzera etorri zen Euskaldunon Egunkaria lehenik, eta Berria gero. Uemaren filosofia berarekin: herritik herriarentzat. Euskararentzat gune naturalak diren kale eta plazetan euskaraz bizitzeko tresnak ematea. Eta oraindik euskara normaltasunez jarduten ez den gune horietan bide horretan sakontzeko baliagarria dena. Gure herrietako plaza eta kaleak bezala, denontzako tokia sortu du euskarazko prentsak, arnasgune bat hizkuntzarentzat, arnasgune bat bere garapenarentzat.

Euskaldunon Egunkaria-ren kontrako erasoak sortu zuen mugimenduak emaitzak eman zituen. Beste egunkari bat sortzeko bidea eman zuen, eta euskalgintzan ere babes-neurriak eskatzeko balio izan zuen. Baina, oraindik, zain dugu egitura sozial-administratibo hori, itxieraren kontra altxatu zen jendetza hura egoki artikulatu eta hizkuntza-politika ausartak, berritzaileak eta oraindik eraginkorragoak izango direnen aldeko lanean jartzea.

Egoera ekonomikoak asko zaildu du gure sarea osatzen duten herri txikien egoera. Baina eredu jasangarri baten alde egiten dugu, gure herriek nortasuna mantendu eta sendotu dezaten, euskararentzat plaza erreferenteak bilakatu nahi ditugu. Euskaldunon Egunkaria-k bezala. Berria-k bezala. Euskarak esparru komunikatibo sendoa behar duelako, eguneroko bizimodua gure hizkuntzan landu ahal dezagun. Eta gure herriekin arnasguneak eratu eta zabaldu nahi ditugun bezala, euskarazko komunikabideek ere osatu eta landu behar dute sare zabala, erreferentziala. Arnasguneak behar ditugu, baita paperean ere.

Iruzkinik ez »

No comments yet.

RSS feed for comments on this post. | TrackBack URI

Leave a comment

(XHTML etiketa hauek erabil ditzakezu): <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong> .

; ?>