Andoni Egaña
Hamar urte eta hiru egun. Kamiseta urdinek gogorarazi digute egun hartako eta ondorengoetako harridura eta haserrea. Sumindu egin ginen, hitza bera modan jarri aurretik.
Sumina da den minik minenetakoa. Elurretan esku-hutsik nahi baino denbora gehiagoan ibili denak badaki zertaz ari naizen; edo futbol-partida batean ari dela txingorra zaparrada batek harrapatu duenak. Ezin du alde egin eta eskuak hozten ari zaizkion arren bertan segi beharko du, non babesturik ez duelako. Gero, partida amaitzean aldagelara sartuta, mina artean oso min, ezin askatu izango ditu bere kabuz oinetakoen lokarriak eta norbaitek lagundu beharko dio zeregin horretan. Hutsa sentituko da, ezdeusa, hain lan xinplea ere bestek egin behar izan diolako. Eta minak gorena harrapatu duelarik, auskalo ze unetan, ia trantsiziorik gabe, minik eza gozatzen hasiko da lehenik, eta gozamenik gozamenena gero, eskuak berotzearekin, ia lozorro goxo batera eramango duena.
Sumina izan zen gurea ere, azalean sentitu genuena, oso barruan, alegia. Eta suminari elkartasunez erantzun genion, hatzak izozturik eta hatsak bero. Berria sortu arteko onik ez genuen izan, eta kioskoetan ere antzeman zen min sentitzen duenaren erreakzio berezkoa. Baina nago, min haren ondotik, sumindura guztiekin gertatu ohi den legez, krisi unea iritsi zela, minak krak egin eta beherantz hasten denekoa, eta gero mina ahazte hutsak duen ukendu efektuak ia lozorro goxoraino ere eraman gaituela, hain lozorroraino ere, ziztada batzuen beharra daukagula geure onera itzuliko bagara.
Biak ikusten ditut. Alde batetik euskara hutsezko egunkaria egiten dutenen lana. Lan serioa eta inurri lana askotan. Ikusten ditut, esaterako, joan zen astearteko titularra nola erredaktatu eztabaidatzen. ETAk dio sentitzen duela eragindako kaltea gatazkan «erantzukizunik izan ez dutenei» edo… gatazkan «erantzukizunik izan ez dutenei» eragindako kaltea sentitzen duela dio ETAk. edo… ETAk gatazkan «erantzukizunik izan ez dutenei» eragindako kaltea sentitzen duela dio. Eta kakotxak non hasi eta non bukatu? Izan baitzitekeen : ETAk dio «gatazkan erantzukizunik izan ez dutenei eragindako kaltea sentitzen duela». Eta beste hamaika aukera hamaika hitz eta bi kakotxartek sortuak.
Ikusten dut lan hori, ona hobetu nahiari derrigor zor zaiona. Eta ikusten dut aldi berean gure lur-zorua espero zitekeena baino urriagoa dela. Ez zait buruan kabitzen azken berrogeita hamar urtean ikastoletatik edo D ereduko ikastetxeetatik hainbeste pertsona irten eta gure zifrak hain motzak izatea. Ahalegina eta emaitzen arteko erretenak sumintzen nau orain.
Arrazoia dauka Aritz Galarragak Egunkaria, hamar urte geroago dokumentala ETB2an ere zergatik eman ez zuten ez duela ulertzen dioenean. Joan Mari Torrealdai eta Martxelo Otamendi Ni más ni menos saiora eraman zituztela ere kontatzen du, eta baikor esnatu zela biharamunean, ez aipaturiko programa gazteleraz zelako eta audientzia handiagoetara iristea ahalbidetzen zuelako, aferaren berri ez zuen «bestelako» jenderen batengana ere iritsi zelako baizik. «Adibidez, gaiaz galdetu zioten 20 urteko Amaia haren gisakoengana» zehazten du. Ez nuen programa ikusi, baina Amaia gaztea eta erdaraz bizi den euskal herritar irudikatu dut.
Arazoaren muina, ordea, hurbilagokoa da. Ez dago hain urrutira joan beharrik. Erdaldunentzat ikusiezin garela kontu jakinekoa da. Euskal mintzodunentzat ikusgarri garen jakitean datza gakoa. Ez ote den jende multzo handia sumina sentitu ondoren minak behera egitearekin bat aldagelan, goxo-goxo, lo geratu zena. Haientzat, duela hamar urte eta hiru egunekoa vestuarioa zen soil-soilik, ez alda-gela. Maialen Lujanbiori behin entzun nion, erdaldunek pentsatzen dutela guk euskaratik gaztelerara egoerak behartuta jauzi egiten dugularik, Kamiseta aldatzen dugula, orain bat eta gero bestea, goizerako bat eta arratsalderako bestea janzten duenaren gisan. Sufrikariorik eta buruhausterik sortzen ez duen zerbait. Eta ez dela Kamiseta kontua, azal kontua baizik. Hots, oso barrueneko gauza.