Dozenaka herritar eta ordezkariren babesa jaso dute Egunkaria-ko auzi ekonomikoko auzipetuek Martin Ugalde parkean. Fiskalak helegitea ez aurkeztea eta auzia behin betiko ixtea espero dute. Agerraldiko bideoa
128 kartzela urte eta 221 milioi euroko eskaera bizkar gainean. Langileak kalean, Egunkaria itxita, atxiloketak, torturak, preso egindako denbora, askatasunaren truke baldintzatutako bizimoduak… “Asko galdu dugu bidean. Urteak, sasoia, askatasuna, lana, Egunkaria-k inoiz izan duen talderik onena bere garairik onenean… Kalteak handiak izan dira, eta prozeduren kostuak ere bai”. Atzera begiratu dute auzipetuek, Iñaki Uriaren ahotan, gurutzebide bihurtutako auziaren errepasoa eginez. Atzean, kalte “zenbatezinez” gain, dozenaka lagun ere badituzte, babesa emanez. Horretarako izan da ekitaldia, pasatutakoak gogoratu eta eskerrak emateko. Hasierako mezua, ordea, ez da aldatu: “Egunkaria kasuak ez zuen inoiz gertatu behar. Egunkaria ez zuten itxi behar”.
Auzi ekonomikoko zortzi akusatuetatik sei zeuden Martin Ugalde kultur parkean: Begoña Zubelzu, Jose Mari Sors, Fernando Furundarena, Mikel Sorozabal, Ainhoa Albisu eta Iñaki Uria; Joan Mari Torrealdai eta Txema Auzmendi Euskal Herritik “oso urrun” daudela heldu baita epaileak auzia artxibatzeko hartutako erabakia. Parkeko langile eta herritarrekin batera, euskalgintzako nahiz politika arloko ordezkari ugari bildu zen elkarretaratzean; besteak beste, Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusia, Patxi Baztarrika Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordea, Juan Karlos Izagirre Donostiako alkatea, Hasier Arraiz Sortuko presidentea, Eneko Goia EAJren Donostiako bozeramailea, Paul Bilbao Kontseiluko presidentea, Iñaki Murua Bertsozale Elkarteko lehendakaria, Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko presidentea…
Esker oneko hitzak izan zituen Uriak denentzat, baita atxiloketen garaian, auzibidean edota Berria-ren sorreran lagundu zuten guztientzat ere: “Zuen beroa eta babesa sentitu ez bagenu kartzelan ginela, eta prozedura honek iraun duen 11 urteotan, aspaldi ginen eroriak”. Gogoan izan ditu Egunkaria bezala “indarrez itxi” zuten Egin-eko lankideak; oraindik preso dituzte batzuk. Besarkada bana bidali die.
2003ko otsailean hasi zen dena, Egunkaria itxita, eta urriaren 16an etorri zen bigarren kolpea, auzi ekonomikoarena. “Gure memorian iltzaturik geratuko diren egunak dira”. Ondoren, zazpi urte eta erdiko hutsunea, “sufrimendu” ugariz betea, auzi nagusiko absoluzioa heldu bitartean. “Pozik geundela adierazi genuen orduan, baina erne”. Geroztik, auzi ekonomikoa Donostiako Auzitegira pasatu ondoren, lau urte igaro dituzte “erne” zortzi auzipetuek. “Lur eman behar diogu prozesu honi”.
Bukatu dela esan nahi dute
Azkenean, asteazkenean iritsi zen preskripzioaren berria. Gogora ekarritako guztiarekin, poz neurtua adierazi zuen Uriak atzo ere. Euforiatik gutxi zuten bildutakoen aurpegiek: “Heldu da, eta ontzat emango dugu. Hona iritsita, ontzat jotzen dugu auzia amaitzea. Errugabe izanda, ez genuen auzi hau merezi, eta 11 urte luze hauetako sufrikarioa bukatzea aringarri gertatu da guretzat eta gure senideentzat”.
Bukatu dela esan nahi dute, oraindik erabat bukatu ez den arren. Fiskalari bost egun inguruko tartea utzi diote artxibatzearen aurkako helegitea aurkezteko, baina argi dute “inork” ez lukeela ulertuko halako erabakirik. “Gizarteak ez du ulertuko. Kausa aztertu duen orok badaki ez dagoela aurretik aipatutako akusazioei eusterik. Ustezko kaltetuek, ogasunak zein Jaurlaritzak ziurtatu badute ez dela izan ez kalterik ez deliturik, zer zentzu dauka epaiketarekin aurrera jarraitu nahi izateak?”.
Airean utzi zuen galdera Uriak; ez diote erantzunik bilatu nahi justifikaziorik izan ez duenari. Auzia behin betiko ixtea, hori nahi dute, absoluzioa nahiago zuten arren. Atzoko argazkia izatea azkena, euskal gizarteak, erakundeek, eta auzipetuek berek halaxe eskatu dutelako. 128 kartzela urte eta 221 milioi euroko eskaera bizkar gainean. Langileak kalean, Egunkaria itxita… “Gaitz erdi esan beharko dugu”.
Argazkia: Iñaki Uriak hartu zuen hitza, atzo, Egunkaria-ko auzi ekonomikoko auzipetuen izenean, Martin Ugalde kultur parkean egindako elkarretaratzean