Ustezko delituak, epaiak eta epaitu gabeko delituak

2014, ekainak 6

Mikel Sorozabal (‘Egunkaria auzia’-n auzipetua)

Estatuak abiatu zuen Euskaldunon Egunkaria-ren itxiera 2003ko negu beltz hartan. Indarrez itxi zuten, eta indarrez atxilotu sortzaile, kudeatzaile eta arduradun nagusi zirenak. Torturatu ere egin zituzten, eta kartzelatu. Acebesen hitzetan, euskaldunon aldeko operazioa izan zen hura, gure hizkuntzaren aldekoa eta gure eskubideak defendatzeko egina. Azken finean, Euskaldunon Egunkaria ETAk sortutakoa zen eta batak bestea finantzatzen zuen (edo alderantziz, hori oraindik ez baitzuten argi).

Itxi egin zuten, eta akabatu ere bai, baina ez zuten bilatzen zuten hori topatu, ez antzemandako dokumentazio ugarian, ezta torturapean ateratako deklarazioetan ere. Horiek nahikoa ez, eta bilatzen jarraitu beharra izan zuten. Orduan, bigarren operazioa abiatu zuten. Oraingo honetan, Euskaldunon Egunkaria-ren inguruko enpresen kontrakoa. Atxilotutakook enpresa talde bat sortzearen arduradunak omen ginen eta enpresa talde hori kudeatzen omen genuen, hau da, ETAren dirua zuritzeko sortutako enpresa taldea zen hura. Eta horrelaxe sortu zen Egunkaria-ren auzi ekonomikoa.

Auzi ekonomikoan, ordea, ez zuten ezer lortu: ez zegoen ETArekin inolako harremanik. Nola egongo zen ba! Al Caponeren pelikula asko ikustearen ondorioz edo, iruzur fiskalaren ipuina asmatu zuten. Egunkaria-k kontuak faltsutu egiten zituen diru laguntza publikoak lortzeko!

Epaiak

Audientzia Nazionalak 2010eko apirilean kaleratutako epaiaren arabera, Euskaldunon Egunkaria-ren itxiera inkonstituzionala izan zen. Horren ondorioz, Egunkaria-ren itxierarekin batera atxilotutako guztiak libre geratu ziren.

Bien bitartean, auzi ekonomikoak bere bideari jarraitu zion. PSE-EEk gobernatutako Eusko Jaurlaritzak, 2011n epaitegira igorritako txostenean, Euskaldunon Egunkaria-ri emandako diru laguntzak erabat zuzenak izan zirela esan zuen. 2013an EAJren gobernuak txosten berria egin zuen, aurrekoa baino zabalagoa, emandako diru laguntza guztien oinarria azalduz eta iruzurrik ez zegoela argi eta garbi adieraziz.

Fiskaltzak, errugabetasuna erakusten zuten froga guztien aurrean ezikusiarena eginez, epaitegira eraman nahi izan gaitu. Itxiera abiatu zuen fiskaltzak eta 2003ko gobernuaren oinordeko direnek bukaeraraino eraman nahi izan dute auzia, baina, legeari helduz, preskripzioak epaiketara joatetik libratu gaitu. Egin ez genuen delitu baten preskripzioak, hain zuzen ere.

Ez Euskaldunon Egunkaria-k, ez bere arduradunek, ez dute inongo deliturik egin. Preskripzioak libratu gaituen arren, hau ozen esan beharra dago. Euskaldunon Egunkaria bezalako fenomeno bat errepikatzea oso zaila izango da: herritik sortua, herriaren bultzadaz, eta herriak sostengatua: harpidedunak, irakurleak, iragarleak, akzioadunak… eta langileak, batez ere. Langileak. Langile horiek sekulako ahalegina egin zuten Egunkaria egunero kaleratu ahal izateko. Soldata baxuak jaso zituzten, doako lanorduak sartu… eta 2003ko otsailaren 20an 150 langile kale gorrian gelditu ziren.

Epaitu gabeko delituak

Euskaldunon Egunkaria estatuak itxi zuen, eta legez kanpoko itxiera izan zen, inkonstituzionala. Jakin badakigu, baina, estatuak ez duela sekula egindakoaren kalte-ordainik ordainduko. Azken finean, Espainiako justiziak adierazi zuen legez, Egunkaria-ren itxiera kalte kolateralen atalean sailka daiteke. Hau da, justiziak bere bidea egiterakoan sortzen dituen kalteetan, alegia. ETAren finantzaketa aztertzen ari ginela, egunkari bat itxi dugu, nahastu egin gara. Kitto. Hor amaitu da istorioa.

Estatuak bere bidea egin du, eta zenbait kalte ere sortu ditu, baina zenbat euro gastatu dira Egunkaria-ren kontrako operazioan? Zenbat jendek egin du lan auzi honetan? Zenbat soldata ordaindu dira? Zein da erabilitako baliabideen kopurua eta kostua? Hori guztia, noski, gizarteak ordaindu du, euskal gizarteak ere bai.

Milaka irakurlek beraien euskarazko egunkari bakarra galdu zuten. Hala eta guztiz ere, euskal gizarte horrek beste egunkari bat sortu zuen, euskarazko egunkaria beharrezkotzat jotzen baitzuten. Baina egunkari hori sortzeko, bost milioi euro baino gehiago jarri behar izan zuten Euskal Herriko gizon eta emakumeek.

Egunkaria-ren kontrako bi epaiketen defentsan gastatutako diru kopurua ere izugarria izan da. 11 urte iraun duten auziak. Hori guztia ere euskal gizarteak ordaindu du. Dirua biltzeko denetik egin dute inputatuek eta Egunkaria-ko langile ohiek, kamisetak saldu, kontzertuak antolatu, bonoak saldu, hilero-hilero dirua jarri, arte lanak saldu, eta abar eta abar.

Auzipetuei sortutako kalteez hitz egiteko, beste idatzi bat egin beharko nuke. 11 urtez bizi izan gara mehatxupean, gu, gure bikotekide, seme-alaba, guraso, anai-arreba eta lagunak.

Non daude egindako kalte horien guztien erantzuleak? Ez al dago hemen deliturik?

Iruzkinik ez »

No comments yet.

RSS feed for comments on this post. | TrackBack URI

Leave a comment

(XHTML etiketa hauek erabil ditzakezu): <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong> .

; ?>